Beasainen bozkatzen nuenean, etxetik prestatuta eramaten nuen hautetsontzian sartu beharreko gutun-azala. Bozka Iruñean ematen dudanetik, denen bistara dauden paperen artetik hartzen dut nahi dudan hura. Zer pentsa ematen du. Badira errezelaren bestaldera buru-gorputzak sartu eta hautua bertan egiten dutenak ere. Izango da txoko txiki estu horretan erabakia hartu gabe sartzen denik. Behin halako baten kanpoko aldean sekulako ilara ikusi nuen, zazpi-zortzi lagun bai, barruan zegoena ateratzen ez zelako zain. Mugitzeko eta mugitzeko erreguka. Urduri. Egonean kabitu ezinda. Paperak bukatuko ziren beldurrez edo. Barruan zegoena tran-tzean irudikatzen dut, erabat nahastua, bere barne-ahotsak, zain zeudenen kanpo-ahotsak eta txoko txiki estuan pilan-pilan egoten diren paperen ahotsak soka-saltoan kontzientziari pikoka zituela. Niri beldurra ematen dit hor sartzeak. Bozka-paper bakoitza gainean irudikatzen dut oihuka-irainka-tiraka-bultzaka begirada, lepoa, gerria, bihotza, emozioak eta gainerako guztia, behar den guztia, ahal den guztia bihurritzen; gezur- eta azpijoko-bolak han-hemen.
Publicidad
Berak aurretik egindako galderari erantzunez, aurreko batean semeari esan nion politikariak mundua (herritarrak eta gainerako guztia; ez ahaztu, gainerako guztia) hobetzeko erabakiak hartzen dituztenak direla. «Gu ere politikariak gara, hortaz», erantzun zidan berak. Jakin badaki gardentasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak direla inguru hobe baten alde pausuak emango badira. Egungo politikariak ez ote dauden hortik oso urruti. Lurzoru sendo, maitagarri eta bizigarriagoa landu-egin-sortu behar da, denontzat kabida (habia izango dena) izango duena, gu ta gutarrak bezalako leloetatik at. Izan ere, nork erabakitzen du gu zein garen, besteak nor diren, gutar nor egingo dugun eta bestetar zein? Arrakalak baino ez dakartza horrek guztiak. Eta boterea gose eta gosea asezina denean…
Politika egiteko modu eredugarrien aurrean ez gauden arren, nirekin eramango dut semea igandean bozkatzera. Gu eguneroko politikariak garela sinetsita, bozka erabili beharreko beste tresna garrantzitsu bat gehiago dela ikus dezan.
Errezelaren beste aldeko txoko txiki estuan sartuko dut agian. Ispiluz betea ere irudikatzen dut espazioa. Bozkatzea, finean, hori ere bada, ezta? Geure buruari begietara begiratzea. Gure eguneroko erantzukizunen eran-tzule izatea, egitea. Garen horri argazkia ateratzea, fotomatoietan bezala.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión