Egin Kontu

Erlijioa

Aspaldi behar zuen, baina orain inoiz baino beharrezkoagoa da erlijioek eskola publikotik hanka egitea

Ez ginen hain ume. Hamahiru bat urte? Hortxe-hortxe. Eskolatik atera eta auskalo zeren karietara, ea nik jainkoa sinesten al nuen galdetu zidan lagun batek. Eta nik bueltan ez nuela jainkoa ulertzen. Alegia, ez nekiela nor ikusi behar nuen jainkoa aipatzen zuenean eta ez nekiela zer zen sinetsi behar nuena. Bai, ezjakina nintzen, eta ezjakina izaten jarraitzen dut. Gizon bizardunak, argi-bolak, hil aurretik ez dakit non, hil eta berehala ez dakit nora, hil eta gerorako giltza, batzuk zerurako eta besteak... Jaio orduko ur bedeinkatuarekin zipriztindu gabea, katekesi orduak jaso gabea eta sukaldeko mahai-bueltan jainkoaz hitz egin gabea naiz ni. Gaia edozein dela ere, ezjakintasuna ez da inondik inora harrotzeko kontua, baina hauxe halaxe, izan bezalaxe, kontatzen dizuet. Kezka handirik gabe. Izan ere, beste kontu-gai askotan ere ezjakina naiz. Eta besterik gabe, honetan ere bai. Kezka, interesa eta denbora beste gai batzuei eskaintzen diet.

Publicidad

Eskolan 'Nik Etika' nintzen ni. Mus partidak jokatzen zituztela eta hamarrak aise poltsikoratzen zituztela zabaldu zelako aukeratzen zuen batek baino gehiagok 'Nik Erlijioa'. Eta halaxe egoten ziren orduan erdi beteta gaur egun erdi hutsik edo hutsik dauden Erlijio ikasgaiko klaseak.

Erlijioa zen orduan, 'Zuk Etika edo Erlijioa?'. Duela hogeita hamar urte gu eta gure mundu-zilborra ginen. Orain mundua zilborreratu zaigu (hobe zilborreratu bagenu) eta beste gu bat gara. Erlijioak ditugu eta sortu da saltsa.

Arartekoak neurriak eskatuko omen ditu Islamak ikastetxeetan lekua izan dezan. Gutxieneko eskaera omen dago zenbait ikastetxetan eta ez omen zaie beraien nahiari erantzun. 'Guk bai, baina zuek ez' horrek ez dirudi bidezko, ez. Aspaldi behar zuen, baina orain inoiz baino beharrezkoagoa da erlijioek eskola publikotik hanka egitea. Nahi-behar duenak eskain diezaiola nahi-behar duenari espazioa, denbora eta nahi-behar duen guztia. Baina egin dezala eskola orduetatik kanpo.

Eskola bizikidetza da, eskola balioak dira. Eskolak elkar-gune behar du. Hobe genuke astean ordu bat (ai, bi edo hiru balira!) balioen gaia lantzeari eskainiko bagenio. Balioak alternatiba izan gabe (denbora bete egin behar dela eta denbora betetzen aritzea balioak lantzea baino balioak kakaztea baita). Baina ez omen dago denborarik halakotarako. Harrapazank! Denbora zertan eta nola betetzen dugun. Balioek curriculumean behar lukete, handi eta potolo. Aukerarik gabe. Denentzat. Baliorik gabeko curriculumak ez baitu ezer askorako balio.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad