Edatea erabaki

Nire ingurua zergatirik gabe edaten hasi zenean hasi nintzen ni adin berarekin ez edaten

Pixka bat ere ez?». Eta nik ezetz. Ura nahi nuela. «Bai, neska, hartu pixka bat!», atzera, eta nik ezetz. Dantza, barre eta aire. «Ez duzu edaten?», eta nik baietz, «Nola bizi edan gabe?». «Bai, baina edan edan?». Eta beste dantza pixka bat. Urari trago. Barre eta aire. Pasa dira hogei urte hemezortzi urterekin festarik festa igarotako uda eder hartatik. Orain gutxi, hogei urteren buruan, hemezortzi urterekin ezagutzen ez nuen eta orain adiskide dudan lagun batekin alkoholaz hitz egiten ari ginela, nik alkoholik ez dudala edaten esan nion. Esan, kontzienteki, informazio moduan, norbaiti: lehen aldiz. «A, ez? Eta zergatik?», hark galdera. Kontzienteki, informazio eske: halakorik egiten zidaten lehen aldia zen. Zergatik. Ez nuen jakin zer erantzun. Nire ingurua hamahiru, hamalau, hamabost urterekin zergatirik gabe edaten hasi zenean hasi bainintzen ni adin berarekin ez edaten. Zergatirik gabe. Ez nuen edatea erabaki. Errazena, orduan ere, horretan ere, gehienek egiten zutena egitea zen arren.

Publicidad

Aste honetan bertan egunkari batek alkoholik ez edatea erabaki duten hiru gazteren testigantzekin erreportaia osatu du. Kontatzen dutenak ez nau harritu, baina larritu bai. Beren sentipenak nik sentitzen nuenetik oso gertu sumatu ditut. Tartean hogei urte pasa dira: honetan ere (honetan ere, honetan ere, honetan ere) ez dugu aurrera egin. Hamahiru, hamalau, hamabost urterekin edaten hasten diren gehienak, batez ere, arrazoi jakin batengatik hasten baitira: ingurukoen onespena eta onarpena irabazteko, taldean bat gehiago izateko.

Eta bai, gakoa neurrian dago. Eta ardo kopa batek ez du kalterik egiten (ez, noski!). Eta garagardo fresko bat oraintxe… (bai, noski!). Eta bla, bla, bla… ez dezagun geure burua engaina: alkohola lehen-lehen lerroan kokatua duen gizarteak arazo bat du. Eta ez txikia. Alkohola ez edateagatik ingurukoek gaizki sentiarazten dituzten hamahiru, hamalau, hamabost urteko gazteak gure seme-alabak dira. Ingurukoekiko harremanak errazteagatik eta ondo pasatzeagatik alkohola edaten duten hamahiru, hamalau, hamabost urteko gazteak gure seme-alabak dira. Hamahiru, hamalau, hamabost urteko gazte gehienentzat alkohola buruhauste bat da. Uste guztien kontra, harremanak erraztu ez eta dibertsioa katramilatzen duena.

Alkohola edaten ez duenari zergatik ez duen edaten galdetu ordez edaten hasten denari edaten zergatik hasten den aztertzen lagunduko bagenio, nerabezaro ahaldunduagoak eta zorion-tsuagoak izango genituzke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad