Diario Vascon? Eta nik baietz, irribarretsu, erantzukizunagatik arduratuta eta emandako aukerarengatik eskertuta. Baietz, erronkari heltzeko gogoz naizela. Baina Diario Vascon? Lagunak atzera. Eta nik baietz. ... Astean behin neure baitan egosiak irakurleekin partekatzeko aukera izango dudala, eta ederra dela hori. Eske Diario Vascon… Lagunak tira. Eta nik baietz. Ea irakurleei eskatu baino emateko gai naizen. Tira, eskatzea ere interesgarria izan daitekeela, elkarrizketa sortzeko modu bat. Eta baietz, Diario Vascon. Ostegunetan. Pello Esnalek, hainbeste urtetako lan bikainaren ostean, nahikoa esan duela eta berak utzitako lekukoari eta espazioari helduko diedala. Diario Vascon, euskaraz? Hariak korapilatuz laguna. Eta nik baietz. Nola bestela? Ni euskaraz naizela. Euskaraz naizela ni.
Publicidad
Eta kontatu egin dit. Etxean beti erosi izan dutela gurasoek Diario Vasco, eta ez dakiela zergatik, baina lagunen bat etxera joaten zitzaienean, egongelako mahaiaren gainean egoten zen egunkaria ezkutatu egiten zuela amak. Edo etxean argazkiren bat atera behar zutenean, baztertu egiten zuela aitak egunkaria argazkian atera ez zedin. Ea ondo pentsatu dudan. Eta nik baietz, burualdi batzuk eman dizkiodala erabakiari, baina Eleder eta Xenda ondo eta erraz lokartzen direla eta begiak bildu aurreko istanteetan itzal egin nahi diodala nik ere gauari. Eskaini beharreko denbora eta denboran gozatzea, ez dudala beste kezkarik. Agian bakarren batek ez duela begi onez ikusiko egin dudan hautua, hustu da eta bota dit azkenean. Nola bakarren batek? Begia kliskatu diot, begia kliskatu dit. Ondo ezagutzen dugu elkar. Lagunak badaki zenbat maite dudan askatasuna. Badaki Irati bera dela Info 7n, Euskalerria Irratian edota Diario Vascon ari denean.
Egunkari fatxa dela esaten omen dute batzuek. Esaten hasita, hori ere esan dit. Nork esaten du hori? Nik bueltan. Eta sekretua gordetzeko gaineratu diot fatxa izenburupean zutabe bat idaztea ere gustatuko litzaidakeela, ez harritzeko, agian euskal hitzik errepikatuena izango dela. Lagunari esan diot inguruan askok zoriondu nautela, bozka gorria, berdea, urdina, horia, zuria, morea, arrosa eta beltza ematen dutenek. Denetariko eta askotarikoek. Gustura irakurriko omen dute idatziko dudana. Diario Vasco erosten dutenek eta Diario Vasco liburutegian edo kafetegian edo tabernan edo ikastetxean irakurtzen dutenek.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión