Bai horixe

Idazkera aldatu

Handik aurrera guk ere bagenuen hizkuntza eredu bateratua

Niri behintzat barre gurea eragiten dit Real Academia Española de la Lengua-ren azken erabakiak sortu duen liskarrak. Dozena erdi hitzen azentu markak sekulakoa sortu du, bereziki hitz baten kasuan. Liskarra egunkarietako lehen orrialdetaraino heldu da, erreportajeak egin dira. Eta, bitartean, akademiako kide batek baino gehiagok erregaia gehitu dio suari, kontrako jarrera dutenen aurkako hitzak plazaratuz.

Publicidad

Alde batetik kontsolagarri gerta daiteke politikari buruz jarduten ez duen eztabaida sutsua. Gutxitan heltzen da esparru publikora kulturarekin zerikusia duen zerbait. Kultura hauteskunde programari gehitu behar zaion zerbait da, inor gutxiri axola zaiona, oso boto gutxi mugiarazten dituena. Sustrairik gabeko hitzak, errepikatutako otoitz laburrak.

Guk ere ezagutu genuen antzeko zerbait duela hamarraldi gutxi, euskararen batasunaren inguruan. Orduan liskarrak ez zuen inolaz ere egunkarietako edo albistegietako lehen lekua lortu, baina garratza eta itsusia izan zen eztabaida hura. Liskarraren erdian izen gutxiren azentu markaren ordez, letra oso bat zegoen, H madarikatua.

'H' aren inguruan bildu zen eztabaida. Batzuen ustez, eztabaidaren alde batean gazteak zeuden, bestean zaharrak. Hainbatentzat, ezkerra zegoen alde batean, nola-halako aurrerakoitasuna, bestean eskuina, kontserbatzaileak. Sakonki aztertu ez den sasoi horretan bi hipotesiak mantentzeko datuak daude. Seguruenik, bi hipotesiek dute gertatu zenetik zerbait.

Gauza da hirurogeien hamarraldiaren inguruan piztu zen eztabaida garratz hura Eusko Jaurlaritzak, Garaikoetxea lehendakari zela, batuaren alde egin zuenean itzali zela, P.M. Etxenike sailburuak landutako euskararen normalizazioaren legearen harira.

Publicidad

Handik aurrera, guk ere bagenuen gure inguruko hizkuntzek aspaldian garatu zutena: hizkuntza eredu bateratu bat. Hori bai, horrek idazten genuenontzat edo irakurle soil zirenentzat, goitik behera aldatu zituen arauak. Horren ondoan azentu markaren inguruan RAEk eragin duen eztabaida ezer gutxi da.

Mirari bat gertatu zen handik aurrera: milaka eta milaka euskaldunek, irakasle, ikasle, irakurle, itzultzaile edo idazle, ekin zion Euskaltzaindiaren arauak ikasteko lanari. Helburuarekin bat egiteak sortzen duen diziplinaz ekin ere. Ez zen hitz gutxiren azentu marka auzitan zegoena, idazkera osoa baizik. Goitik behera.

Publicidad

Horregatik ematen dit barre gurea 'solo' hitzaren tiletak sortu duen eztabaidak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad