Sukaldea

Eskerrak euskararen zirkuaz harago euskal zirkua ere badugula; algara sesioa baino eraginkorragoa baita

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 13 de junio 2025, 02:00

Arbasoetatik jaso genuen ikasgai bikoitza etxeko txikiei erakusten saiatzen gara otorduro: «Mahaitik ez da altxatu behar denok bukatu arte», batetik. Eta bestetik, «etxeko sukaldean hitz egiten dena etxeko sukaldean geratzen da». Gureei, normalean, lehenengoa gehiago kostatzen zaie bigarrena baino, dela sabela bete ondoren pantailak zain dauzkatelako, dela entzuten ari direna –katekesi dosi gogaikarri hori– irensten zailagoa delako.

Publicidad

Bada, eguneroko aldapatxo hezitzaile horrekin gogoratu naiz Madrilen gure ordezkarien jokabidea ikusita. EH Bilduko eta EAJko senatariek Ganbera utzi dute PPk hizkuntza koofizialen aurka egindako erasoen aurrean. Suminduta gainera, gure txikienak sala arteko bidea egin ohi duen moduan. Guk behintzat gureari lasaitu, buelta egin eta esan beharrekoak esateko eskatzen diogu, eraginkorragoa delakoan. Era berean, familia barne gaietarako zuzendariorde karguaren zama etorri zait gainera hedabideetan euskal alderdiak mokoka ikustean enplegu publikora sartzeko prozesuetan hizkuntza-eskubideak direla eta. Garai batean sukaldeko lana sakratua zen bada Euskal Herrian. Sukaldea baino erakunde goienagorik ba ote? Orain baino lehen, ordea, lerroburuak, bat-bateko inpaktuak, irudi deigarriak eta bideo laburrak ez zuten halako botererik. Babarrunak ez dira, jada, eltzean ordu luzez irakiten uzten eta herrigintzak badu horren beharra.

Eskerrak euskararen zirkuaz harago euskal zirkua ere badugula. Gure Zirkua. Gipuzkoako Foru Aldundiak Abadia Saria emango dio datorren astean. «Aisia eta dibertimenduaren bidez» euskarari egin dion eta egiten dion «ekarpen berritzailea» azpimarratu ditu epaimahaiak saria emateko garaian. Beste modu batera esanda, gure hizkuntzaren bueltan gutxiago hitz egin eta gehiago egitea. Esango nuke Iker Galartzak eta Joseba Usabiagak eraikitako familia jator horretan ez dela inor mahaitik bukatu baino lehen altxatzen. Are gutxiago trapu zikinak etxetik kanpo garbitu.

Hara hor eredu sortzaile, pozgarri eta baikorra, euskarak inguruan une oro beharko lukeena hain zuzen ere. Aitzitik, gure ama hizkuntzaren inguruan ere, geure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean maite ditugu hemen, orduan hasten baikara gure baitan pizten diren bazter miresgarriak ikusten. Liskarrean, lanbrotan. Etzi beteko lituzke 91 urte Mikel Laboak eta apustu egingo nuke poztuko litzatekeela bera eta bere garaikideek zabaldu zuten bide hark izan duen bilakaera ikusita.

Joxe Mari Iriondok bertsoa osatzeko ariketan lehen puntua hauxe jarri zuen 1982ko txapelketan. «Zirku bakoitzak badu/bere pailazoa». Osatu ezazu nahi bezala, lagun.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad