Lurralde honetako diputatu nagusiak eta ia 30 alkatek adierazpen publikoa egin dute datozen festen inguruan, zehazkiago, festa giroan gertatzen diren eraso matxisten kontrako adierazpena. Aldarrikatu dute, Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, puntu more eta guzti, emakumeok ere festez gozatzeko eskubidea dugula, eta eskubide hori berdintasunean gauzatzeko baliabideak jarri behar direla, biolentzia matxistarik gabe.
Publicidad
Berandu, baina hobe berandu inoiz ez baino. Hamarralditan jardun du mugimendu feministak hori esaten, hamarraldiak eman ditugu pankarta bat eusten, sexu erasoak salatzen, festarako eta oro har esparru publikoan bizitzeko eskubidea aldarrikatzen. Hazi batzuk berehala ernatzen dira eta beste batzuk denbora luzea behar dute lurrazala zeharkatzeko.
Tartean, duela sei urte zorigaiztoko Manadak gauzatu zuen Iruñeko eraso bortitza eta han ikusi genuen zein zen eraso matxistei kontra egiteko sistemarik hoberena: erakundeek eta herri lagunarteek bat eginda jardutea, mugimendu feministari dagokion lehentasuna errespetatuz.
Sakonki aztertu gabe dago oraindik Manadaren kontrako eta biktimen aldeko mugimendu haren eragina, baina, sei urteren buruan, heldu zaigu Gipuzkoara. Berriro: hobe berandu inoiz ez baino. Horrela funtzionatu du kontuak historian zehar: mugimendu feminista aurretik, erakunde publikoak atzetik. Beste kontu bat da bi pauso atzetik edo kilometrotara, feminismoari eskua luzatzen edo hari bizkar emanez.
Gauzatu da pausoa, onartu da festetan ere islatzen dela emakumeon kontrako bazterkeria. Ia 30 alkatek eman du hitza ia laurogeita hamar udalerri dugun lurralde honetan. Orain, udal bakoitzari dagokio sinatutako konpromisoaren eragina kaleraino helaraztea. Eta horretarako baliagarri izan daiteke Iruñeko esperientzia: bidea herri elkarteekin batera egin behar da.
Publicidad
Noski, festak berdintasunean ospatzea helburu urruna da lurralde honetan, salbuespen gehiegi onartzen delako. Eta berdintasun horrek ez du esan nahi neskek beraien Manadak antolatu behar dituztenik. Baina erasoak, gaur eta hemen, matxistak dira, matxismoak erabaki du zer nolakoa behar duen izan kalearen, esparru publikoaren erabilera.
Erasoak, pertsonalak izanda ere, pertsona zehatz bati egiten bazaizkio ere, emakume guztioi bideratzen zaizkigu, guztiok gaitu helburu. Adi ibili, dagokizuen esparrutik kanpo zabiltzate, gizonok agintzen dugu esparru publikoan. Norena da kalea festetan?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión