Beti eskamak kentzen

BAI HORIXE ·

Aje hori du zahartzeak, inguruan hutsuneak sortzen zaizkizula

Lunes, 19 de diciembre 2022, 07:04

Joan den astean hurbileko batek egunkari honetan bertan azaldutako berri bat jakinarazi zidan, guztiz asaldaturik. Donostia zaharreko denda bat ixteko zorian omen dago, zehazkiago, arrandegi bat, Paskuala izenaz ezagutua. Berria eman zidana bertako bezero leiala da eta esan zidan arrandegi hori gabe umezurtz sentituko zela, inguru hurbilean beste arrandegi asko badaude ere. Hoberena ixten bada, esan zidan, bigarren mailako baten bila hasi beharko dut, bota zuen.

Publicidad

Umezurtz berriak ez ditu berrogeita hamar urte bete, baina hasi zaio zaharragooi maiz gertatzen zaiguna gertatzen. Jubilatzen zaizu botikaria, sendagai aproposa aholkatzen zizuna, anbulatorioarekiko harremanak errazten zizkizun hura. Erretiratzen zaizu familia sendagilea, zure gorputza zerorrek baino hobeto ezagutzen duen hori. Erretiratu zaizu ginekologoa, hainbat atakatan sendagile eta adiskide izan den hura, erditzerakoan segurtasuna sustatzen zizun emakumea. Erretiratzen zaizu ile-apaintzailea, batzuetan guraizea gehiegi dantzatu arren gehienetan nahi zenuen hura egiten zizuna, edo nahi ez zenuen zerbait aholkatuz asmatu egiten zuena. Jubilatzen zaizu zapata konpontzailea, edozein akats konpontzeko gauza den gizona, lehen oztopotik oinetakoak bota behar ez direla zekien hura. Erretiratzen zaizu zure autoa hainbeste urtetan zaindu duen mekanikaria, motorra zuk baino hamaika aldiz hobeto ezagutzen zuen gizona ...

Eta hori guztia hil direnak kontutan izan gabe. Aje hori ere badu zahartzeak, hutsuneak sortzen direla zure inguruan, balen txistukada gero eta hurbilago sumatzen duzula. Egin dezakezu ez ikusiarena edo ez entzunarena, baina hutsune horiek gertatu, gertatuko zaizkizu, berandu baino lehen.

Ez da, agian, Eguberriaren atarirako gogoeta aproposa, baina hori da, arrandegi horren itxierak iradokitzen didana. Ez naiz sekula bertan egon, ez dut sekula denda zapaldu. Erakusleihoa bai, askotan gelditu izan naiz kristalaren beste aldean eta miretsi izan dut salgai dauden arraien edertasuna, begi distiratsu horiek, zakatzen gorria. Ulertzen dut notizia eman zidanaren galera sentikizuna.

Eta orain tokatzen zaizun sendagilea aurrekoa baino jantziagoa bada, zu euskaraz artatzeko gauza bada, aurrekoa baino adeitsuagoa edo ile-apaintzaile berria aurrekoa baino eraginkorragoa balitz, arrandegi berria lehengoa baino txukunagoa balitz, zorrotzagoa saltzen duen horrekin? Itxaropena omen da azken galtzen dena.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad