Zahar errebeldeak

Zahartzaro berri bat ari dira asmatzen borrokan ari diren jubilatuak

Ezohikoa da, guztiz, zaharrak borrokan ikustea, ohiz kanpokoa zaharrez osatutako manifestazioa. Ezohiko bezain ederra urteek moldatutako aurpegiak pankarta bat eusten ikustea edo kartel bat erakusten, ... irmo. Jubilatuen borrokak bost urte darama gure artean, baina oraindik ez zaigu arrunta egin.

Publicidad

Hain zuzen, gaurko gizartearen ida-tzi gabeko legeek beste zerbait agintzen dutelako. Zahartzen zarenean, gizarteak bi agindu helarazten dizu: deskantsatu egin behar duzu eta etengabe disfrutatu. Hori bai, borroka guztietatik kanpo, erabakiak hartzen diren lekuetatik urruti eta gehienetan adinkidez inguratua, ez bada bilobak zaintzen ari zarenean. Noski, hori guztia zaharron onerako.

Bost urte daramate hemen jubilatuek borrokan, kalez kale, plazaz plaza, euripean nahiz gal galean, eta azken aste honetan areagotu egin dute erronka: itxialdi bat antolatu dute. 150 jubilatu inguru, txandaka, baraurik tarteka, lo zakutan bildurik lotan, zazpi egunez. Bitarte horretan, mahai inguruak, eztabaidak etab antolatu dituzte, haien kexua garrasi bihur dadin, guztion belarrietara hel dadin.

Izan ere, gaurko jubilatuak zaharrak dira, zahartzat hartzen badugu jubila-tzeko adina duena. Baina hamarralditako eskarmentua dute bizkarrean protestatan, era guztietako aldarrien defentsan. Hor daude klandestinitate garaian sindikatuak antolatu zituztenak, hor alderdi politikoen sustatzaileak, debekatutako ikastolak antolatu zituztenak, abortatzeko eskubidearen alde manifestatu zirenak. Hor daude diktadorearen azken urteak ozpindu zituztenak.

Publicidad

Hamaika arrazoi dute borrokari eusteko, adierazi dute egunotan. Gainerakook ere bai, baina beraiek daude hor, ez gainerakook. Zahar eta errebelde kontrako hitzak ez direla frogatzen dute. Zahartzaro berri bat asmatzen ari dira. Gizadiaren historia luzean lehen aldiz belaunaldi oso bat abiatu da laurogei urtetatik aurrera eta haiek bizitakoak irakatsiko digu atzetik gatozenoi nola egin aurrera, haiei esker, mapa bat izango dugu, beraiek ez duten baliabidea.

Gehienetan, zahartzaroa aipatzen denean, arazo bat aipatzen da, gutxitan esaten da zaharrak arazoaren konponbidearen parte direnik. Gizarteak zahar pasiboak irudikatzen ditu, gainerakoen mende dauden pertsonak. Borrokan ari diren zahar horiek beste bide bat erakusten dute, ez daude bazter batean zain. Alderantziz, zahartzaroan ere beraien bizitza gobernatzeko gauza direla frogatzen dute. Eskerrik asko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad