Ezagutu dut, ondo asko ezagutu ere, feminista zinela esateko adorea behar zen garai ez hain urrun hura, ezkerraren nahiz eskuinaren esparruetan. Ez zinen kartzelara joango, hainbeste hamarralditan komunista zinela esaten bazenuen gertatzen zen bezala, baina bazenekien ez zitzaizula komeni feminista zinela esatea. Ez ziren gutxi armairutik ateratzeko adorea bildu ez zutenak.
Publicidad
Feminista hitzak izenondo automatikoak zituen: itsusia, biboteduna, gorrotoz betea, gizonezkoen etsai, lotsagabe … Eta, halere, arrazoi genuen gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasuna defenditzen genuenok. Ez ginen dotoreak izango, pitin bat lotsagabeak agian, baldin eta hainbat ekintzak sentiarazten zizun lotsa irentsi eta gainditzeak izen hori merezi badu. Lotsa jaten zuten lotsagabeak.
Beste gauza batzuk ere ezagutu ditut geroztik. Adibidez, ezagutu ditut urtetan berdintasunaren alde borrokan jardun duten emakumeak bere burua feministatzat hartzera ausartzen ez zirenak, ez, hain zuzen, hitza gaiztoa zelako, baizik eta handiegia zelakoan haien borrokaren xumea izendatzeko, teoria gutxi zutelakoan, ekintza aski ez delakoan.
Eta, halere, XX. mendeko feministok ezer gutxi asmatu genuen, mende bat lehenagoko sufragisten bidea jarraitu genuenen. Haiek osatu zuten sasi arteko bidezidor estu hura pitin bat zabaldu genuen, agian aldapa apur bat makaldu, hori bai, XIX. mendeko sufragistek baino arrisku gutxiago hartuz. Irainak bai, ugari, baina ez sufragistek haina.
Gaur, feminismoaren azken uhinak morez tindatu ditu banderak eta pankartak, gutxienez martxoaren 8aren inguruan. Ongietorriak dira, hitzetatik ekintzetara doan pausoa ematen ez badute ere, urtetan, hamarralditan pankartari uko egin eta pankarta zeramatenak gaitzetsi badituzte ere.
Publicidad
Historiak frogatzen du nola lortu diren gaur 'betiko'tzat ditugun eskubideak: behetik gora, gutxitik askora, kaletik legebiltzarretara. Hor azaltzen dira eskubide hori lortzeko ezer egin gabe eskubideak berehala baliatzen dituztenak, borroka egin dutenei eskerrak eman gabe, haien kontra jardun izan dutela aitortu gabe.
Nire esku balego, herri eta auzo guztietan monumentu bat eraikiko genuke, feminista ezezagunen omenez. Haiek ditut nik gogoan martxoaren 8ro, bidea zabaldu zigutelako, haiek landatu zutelako gaur egun jasotzen ditugun fruituak ematen dituen zuhaitza. Ez ziren dotoreak izango, baina haiei esker izan gaitezke dotore atzetik goazenok.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión