Herriarteko txapelketan guztira 16 pilotari ezberdin kantxaratu dira. EGIAR
Oiartzun

Bihar jokatuko du Oiartzunek Euskal Herriko Herriarteko finala

Zumarragako Beloki pilotalekuan izango da, 11.00etan, Markina-Xemeinen aurka

EGIAR

Sábado, 23 de julio 2022, 00:09

Oiartzungo pilotaren historian kapitulu berri bat idazteko aukera izango dute bihar herriko pilotariek. Izan ere, Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketako finala jokatuko dute, goizeko 11:00etan, Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki pilotalekuan. Markina-Xemein (Bizkaia) izango dute aurkari. 2013an ere Euskal Herriko Herriarteko finalera iritsi zen Oiartzun; ordu hartan Gipuzkoako Herriartekoa irabazi eta ondoren Arabako txapelduna (Amurriori irabazi zioten orduan) kanporatu zituzten, baina finalean 0-3 galdu zuten Iruñearen aurka.Inoiz irabazi gabeko txapelketa irabazteko, hots, historia egiteko, beta izango dute oiartzuarrek.

Publicidad

Azken orduko ezbeharrik ezean, honako pilotari hauek kantxaratuko ditu Asier Retegi hautatzaileak: Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet kadeteetan, Oier Zabaleta eta Unax Landa jubeniletan eta Imanol Ugalde eta Eneko Zalakain senior mailan. Gauzak horrela, aldaketa bat egongo da aurrefinalekin alderatuta, kadeteetan Mikel Leonetek jokatuko baitu Gasteizen aurka aritu zen Manex Olaizen ordez.

Kinielek Oiartzun jotzen dute faboritotzat. Kadete mailako partida gakoa izango litzatekeela zioten, baina Markina Xemeingo aurrelariak lesio bat izan zuen, eta horri Etxeberria-Leonet bikotearen maila gehituz gero, lehenengo partida Oiartzunentzat izatea litzateke ohikoena. Jubenil mailan herriko pilotariak faborito argiak omen dira eta seniorretan, berriz, bizkaitarrek edukiko dute irabazteko presioa. Oiartzuarren helburua senior mailako partidarako finala erabakita uztea izango da. Hala ere, faboritoak faborito, herriko pilotariek argi dute gehiegizko konfiantza akatsa izango litzatekeela, eta dena ematera irtengo dira.

Oiartzungo pilotariek herritarrei deialdia zabaldu diete ahalik eta oiartzuar gehien Zumarragara joan daitezen, denen beharra izango baitute. Oiarpek autobusa antolatu du. Beloki pilotalekura joan ezin dutenentzat, ETBn ere ikusgai izango da finala, ETB4 katean hain zuzen, goizeko 11:00etatik aurrera.

Finala irabazi ala galdu, herriko pilotariek ez dute irribarrea galduko. Izan ere, Zumarragatik itzultzerakoan bazkaria egingo dute Girizia elkartean. Arratsaldean, ostera, Oiartzungo Udalak harrera egingo die Oiartzungo pilotariei. Trikitilarien laguntzaz, Madalensorotik kalejiran irten eta herriko plazara joango dira. Bertan aurreskua dantzatuko diete, eta udaletxean ongi etorria egingo zaie. Bertsolariak ere izango dira. Oiartzun gogor erantzun!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad