Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Gure Eskola

Ikaskuntza trinko bezain eraginkorra

Herrikidek hiruzpalau urte daramatza DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei gai jakin baten inguruko jardunaldi trinkoak eskaintzen

Herrikide tolosa ikastetxea

Ostirala, 10 otsaila 2023, 06:57

Comenta

Eskolak arlo askotako edukiak erakutsi behar ditu, baina bere zeregina ezin da hortxe bukatu. Izan ere, nota-boletinetan agertzen ez diren «ikasgaiak» ere jorratu behar ditu, eta, ahal izanez gero, ohikoak ez diren dinamikak erabiliz. Helburu hori lortzeko, Herrikidek hiruzpalau urte daramatza DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleei gai jakin baten inguruko jardunaldi trinkoak eskaintzen. Guk Proiektuak izenarekin ezagutzen ditugu eta bertan, hiru egunez, ikasle eta irakasle guztiok aritzen gara elkarlanean. Hauexek dira lantzen diren arloak: Orientazio akademikoa, Euskara eta euskal ondarea, Zientzia eta Arte Eszenikoak.

Orientazio proiektua

Proiektu honek ikasleen etorkizuna gauzatzen laguntzea du helburu eta ekintzarik ikusgarriena, zalantzarik gabe, enpresa bat bisitatzea da. Guk Lizartzan dagoen Kimua lantegia bisitatu genuen eta hantxe oso lanbide ezberdinak gertutik ezagutzeko aukera izan genuen, bai produkzioan, baita bulegoko lanean ere. 

Hurrengo bi egunetan jarduera ezberdinak  egiten aritu ginen, batzuk banaka eta beste batzuk taldeka. Jarduera guztien helburua gure lan etorkizuna aztertzea zen eta hauei esker ezagutzen ez genituen lanbideak ezagutu genituen.

Bestetik, honen guztiaren harira, ikasitako lanbideak lan-multzoetan sailkatu, ariketa interaktiboak eta testak egin, eta lanbideak ikasketa bideekin lotu genituen: osasungintza, arte eta humanitateak, lanbide heziketa, zientzia, teknologia...  

Euskara proiektua

Proiektu honek hainbat helburu ditu: euskara balioestea, euskararen erabilera suspertzea, gure hizkuntzaren garrantziaz sentsibilizatzea, Historian zehar euskararen egoera ikertzea… Urtero, abenduaren hasieran antolatzen da eta Euskara Eguna izaten da honen amaiera.

Proiektu honetan, esaterako, hainbat bideo ikusi genituen, zeinetan euskaldunberriak agertzen ziren. Bideoak ikusitakoan konturatu ginen persona batzuek meritu handia dutela eta esfortzua nahiz disziplinari esker euskara ikasi dutela.

Beste egun batean, Tolosara taldeka jaitsi ginen, talde bakoitzari eremu bat egokitu zitzaion eta hantxe ikerketa soziolinguistikoa egin behar genuen. Ikerketaren emaitzak aztertutakoan, euskararen erabilera neurtu ahal izan genuen adinaren eta generoaren arabera. Eta ateratako ondorioen artean, nabaria izan zen haurrak direla euskaraz gehien hitz egiten dutenak. 

Azkenik, aurtengo proiektuak berrikuntza ederra izan du. Izan ere, Euskararen Eguna ospatzeko eskolak sorturiko «Mihiluze» lehiaketan aritu ginen 3. eta 4. mailetako ikasle guztiok. Horrela, era atseginean euskaraz mintzatu eta euskal kulturaren inguruko kontu batzuk ikasi genituen.

Steam proiektua

Proiektu hau zientziarekin dago erlazionatuta eta Tolosa zeharkatzen duen Oria ibaia du ardatz. Hortaz, ikasleok ibaiko ura nola aztertu ikasi genuen, landare motak eta fauna bereizten erakutsi ziguten, ibaiak daraman zaborra ikusi eta garbitu genuen, kutsaduraren eraginaz jabetu ginen... 

Hau dena zehatzago azalduta, lehen egunean kutsadura mota guztiak aztertu genituen, hurrengo egunean uraren egoera eta propietateak ikusi genituen (pipeta eta desinfektatze pastillak erabili genituen emaitzak ateratzeko), eta azken egunean landare motak biltzen zuen txostena osatu genuen.

Proiektuari amaiera emateko, Tolosako maketa bat egin genuen eta bertako Oria ibaian karteltxo batzuk jarri genituen, guk ateratako argazkiekin eta QR kodeekin. Hauek eskaneatuz gero, guk txostenean ateratako ondorioak irakurtzeko aukera ematen zuen.

Proiektu artistikoa

4. mailako ikasleek egindako proiektu honen azken helburua 3. mailako ikasleei eskolako aretoan ikuskizun bat eskaintzea da. Hala ere, arte eszenikoak ez ezik, beste arlo batzuk ere jorratzen ditugu; hala nola, atrezzoa, photocall-a, promozioa, produkzioa… Horrela, Orientazio Proiektuan ezagututako lanbide batzuk praktikan jartzen ditugu.

Eskolan urtero aukeratzen dugun leloak adierazten du ikuskizunaren gai nagusia. Iaz, Zugandik hurbil izan zen, eta aurten Zure onena eman izango da. Ikasleok gai zabal honen inguruko antzezlantxoak, dantzak, bertsoak, musika saiotxoak… prestatzen ditugu eta atrezzoko kideak arduratzen dira eszenatokia era egokian dekoratzeaz. Horrez gain, promoziokoek bideo-iragarkia grabatu, webgune bat sortu eta eskolako irratian antzezleei elkarrizketak egiten dizkiete. Eta produkziokoek muntaia osoaren aurrekontua prestatzen dute, benetan modu profesionalean antolatuko bagenu bezala.

Hau guztia laburbilduz, proiektuetan oinarritutako ikaskuntzak modu praktikoan ikastea, elkarlanean aritzea eta eguneroko errutina haustea bilatzen du.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ikaskuntza trinko bezain eraginkorra