Oriotartasunean sakonduz
DBH 4ko ikasleok Orioko arrantza-nortasunari buruz hitz egingo dugu erreportaje honetan, eta herriko gaztetxoek gai horri buruz dakitena azalduko dugu
orioko herri ikastola (dbh 4)
Jueves, 9 de diciembre 2021
Zer da oriotartasuna, oriotar izaeraren funtsa, herritarrok herritar egiten gaituena? Eta, zer egin dezakegu galzorian dagoen Orioko arrantzale izaera indartzeko? Orioko Herri Ikastolako DBH 4ko ikasleak bi astez galdera horien erantzunak bilatzen saiatu gara Gure Eskolaren proiektua egiteko. Bi zatitan banatu dugu lana: lehena, oriotartasuna, oriotarron izaera eta herritarren esentzia, deskubritu eta biltzea. Hauek protagonistekin zuzeneko elkarrizketak eginda landu ditugu: arrantza, emakumeak eta musika. Ondoren, herritarrengandik jasotakoa, berriz ere, herriari itzuliko diogu bideo, podcast, bideoklip edo antzerki bidez. Guzti hau, PROIen bidez lan eginda eraman dugu aurrera.
Dagoeneko hamar urte pasa dira Orioko Curriculuma proiektua sortu zenetik. Azken hamarkadan Orioko kulturak eta nortasunak gazteengan duen eraginak galera garrantzitsua izan du. Lehen gazteek era naturalagoan eta praktikoagoan jasotzen zuten nortasun eta jakinduria hori. Gaur egun ordea, haur eta gazteek jasotzen duten mundu osoko informazio andana eta anitzarekin zailagoa da nortasun hori era natural eta praktikoan transmititzea.
Gure Eskola | Orioko Herri Ikastola
Hori ikusirik, Orioko Curriculuma sortu zuten Orioko talde askok, besteak beste, Orioko Herri Ikastolak, Zaragueta eskolak, Danbolin Musika Eskolak, Euskaltegiak, Natur taldeak edo Orioko Udalak. Herriko Curriculum honek giza eta gizarte zientziak, osasun zientziak eta musika hezkuntza lantzen ditu, betiere, genero berdintasuna, herritarrak eta inmigrazioa eta euskara oinarri izanda.
Zer da PROI?
Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza ohiko irakaskuntza tradizionaletik aldentzen den metodologia da eta ikasteko zein irakasteko beste modu bat proposatzen du. Irakaslea arazo egoera berriak sortzeaz arduratzen da. Sistema tradizionalean irakasleak gai bat aurkezten du, ikasleak entzun eta praktikatu egiten du, eta azkenik, irakasleak ebaluatu egiten du.
Proiektuetan Oinarritutako metodologia honetan, berriz, ikasleek bilatu egiten dute, eztabaidatu egiten dute, akatsetatik ikasten dute, hobekuntzak proposatzen dituzte, aplikatu, zuzendu, komunikatu, ebaluatu, etab. Metodologia hau egoera-arazo-erronka behar batetik abiatzen da. Behar hau ikuspegi sozial batetik planteatzeak motibazio gehigarria suposa dezake ikasleentzat.
Sareak saretzen
Bi asteko proiektua da gauzatu duguna, ikaskuntza modu tradizionala alde batera utziz. Proiektuaren helburua betetzeko, bi asteetan zehar hainbat jarduera eta ekintza prestatu eta egin ditugu. Lehenengo egunean, irakasle bakoitzak bi aste horietan egingo genuena azaldu ondoren, maila bakoitzak sortu beharreko amaierako produktua zer izango zen esan ziguten: DBH 2eko ikasleek koreografia bat egin behar zuten, DBH 3ko ikasleek bideo bat eta, guk, DBH 4ko ikasleek berriz, podcasta.
Bigarren egunean jo eta su lanean hasi ginen. Orioko arrantzale, saregile eta musikariei elkarrizketak eginez. Bi astez gure patioak kresal usaina hartu zuen. Saregileei, arrantzaleei eta musikariei elkarrizketan egin ostean, web orrian ikusgai dauden produktuak sortu genituen.