Borrar
Gure Eskola

San Josetik- Egiluzera bidaia

Azkeneko urte hauetan gure eskola asko aldatu da eta egon diren aldaketa hauek erreportaje honetan azalduko ditugu

Egiluze Hondarribia

Viernes, 24 de marzo 2023, 06:59

Kaixo ikus-entzuleok! Gaur 'Gure Eskola' proiektuari dagokion erreportaje Hondarribiko Egiluze Ikastetxetik eskainiko dizuegu.

Gu 6. LHko ikasleak gara eta gure ikastetxea Hondarribian kokatuta dago. Eraikin berean jaio berri diren ikasleak eta DBH amaitzear daudenak elkarrekin bizi gara. Gure eskolan ikasgela bakoitzean ikasmaila bakarra dugunez, denok elkar ezagutzen dugu eta gure arteko harremana oso estua da.

Azkeneko urte hauetan gure eskola asko aldatu da eta egon diren aldaketa hauek erreportaje honetan azalduko ditugu. Aldaketa hauen inguruan informazioa biltzeko eta ikertzeko kazetari bihurtu gara. Behar genuen informazioa lortzeko gure eskolan lan egiten duten hainbat langile eta familia elkarrizketatu ditugu. Honez gain, elkarrizketak eta erreportajeak nola egiten diren eta bideoak nola editatzen diren ikasi dugu. Zatozte gurekin gure eskola hobeto ezagutzera!

Kontatzen dutenez, Hijas de la cruz eskola 1914. urtean eraiki zen. Hasieran frantziar kongregazio batek gidatzen zuen guztia, eta ikasleek bertan lo egiten zuten. Garai honetan mojak eta ikasleak ez ziren inoiz geletatik kanpo elkartzen, ez baitzegoen ondo ikusia. Ikasgelan bai ordea. Ikasgela izaten zen elkartzen ziren leku bakarrenetako bat. 

1914. urtean, aurrekoa txikia geratu omen zitzaiela eta,  eraikuntza handiago bat eraikitzea pentsatu zuten. Bertan jende gehiago sartu ahal izango zen. Esan eta egin! Momentu hartatik aurrera barnetegi izatetik  eskola garrantzitsu izatera pasatu zen.  Hondarribiko lehenengo eskola izan zen eta  2-14 urte bitarteko ikasleak etortzen ziren bertara. Askok bertan lo egiten zuten, literatan gainera. A zer nolako abentura! 

Hasiera batean, neskek bakarrik osatutako  eskola zen, baina 1983an egoera aldatu aldatu egin zen. Mutilak ere bertan ikasten hasi ziren . Irakasle ia guztiak mojak ziren hasiera batean, baina urteak pasa ahala irakasle laikoak ere sartzen joan ziren. 2014an esan genien agur azken mojei, ordura arte batzuk gurekin bizi ziren eta. 

Oraindik ere hortxe daude beraiek logela bezala erabiltzen zituzten gelatxoak. Guretzako nahiko misteriotsuak izan ohi dira, baina trasteak eraman-ekarri egin behar diren egunetan, bertan sartu eta kurioseatzea gustatzen zaio. 

Ikasle zaharrenek kontatzen dutenez, bertan jan, lo edo eta errezatu egiten omen zuten! Gelatxo txiki horretan egiten zuten ia dena? hau erokeria…

Jolastokia ere asko aldatu dela kontatu digute. Diotenez ez zegoen futbol zelairik, belarrez estalita zegoen eta sagarrondoz, gereziondo eta abarrez beteta zegoen. Frontoirik ez zegoen, saskibaloiko saskirik ere ez,  ezta  uniformerik ere.

Mojek eskola barrua beraien etxe bezala sentitzen zutenez,  barruan egoteko mantala eta etxeko zapatilak erabiltzen zituzten ikasleek ere. Egurrezko lurra zoragarria zela eta zaindu egin behar zenaren aitzakiaz, azpiko solairuan zapatilak gordetzeko armairutxoa ipini eta denak hantxe ibiltzen omen ziren gora eta behera etxeko zapatiletan. 

Mailakatzea ere aldatu dela kontatu digute. Gu seigarren mailan gaude eta lehen hezkuntzako azken urtea bukatzea tokatzen zaigu. Garai hartan lehen hezkuntza luzeagoa zen. 7.maila eta 8. maila ere ba zeuden, eta ondoren institutua. Guri DBHra pasatzea dagokigu.  

DBH sortzeko lehen ideiak hasi zirenean 1996.urtean, obra handi bat egin behar izan zuten, ikasleak 16 urtera arte gelditu ahal izateko. Momentu hartatik aurrera barnetegi izatetik  eskola izatera pasatu zen eta 2-16 urte bitarteko ikasleak etortzen ziren bertara. 

Klaseak emateko erak ere asko aldatu dira. Aspaldian frantsesak garrantzia handia omen zeukan eskolan. Diotenez, gaur egun ingelesak duenaren adinekoa. Oraindik ere frantsesa ematen jarraitzen dugu noski,  eskola honen historiaren ezaugarri garrantzitsua da eta. 

Baita ingelesa ere. 3 ordu astean gutxienez eta  gaztelania 4. Baina gehiena euskaraz eman ohi dugu. 4 hizkuntzetan ari gara trebatzen! Irakasleek behin eta berriz errepikatu eta gogorarazi ohi baitigute 4.DBH bukatzerako bi hizkuntza primeran jakin behar ditugula eta gainontzeko bietan ondo defenditzen ikasi behar dugula. Gainera 4.DBHko ikasleek kontatu digutenez, hizkuntza eskolako titulu ofizialak ere ateratzeko prestatzen omen dira. 

Gurea, euskararen normalkuntza planean sartu zen lehen Hondarribiko eskola izan zela

Baina hizkuntzen eboluzioa ez da bat-batekoa izan. Euskarak ere bere unea iristeko itxoin behar izan zuen arren, garaia heldu zitzaion.  Gizartearekin batera lehentasun izatea tokatzen zitzaion garaia ere iritsi zen. Hasieran gai soil bezala. Ondoren B ereduko eskolak erabiltzen zuten dinamiketan oinarrituz egiten zen, eta pixkanaka arlo gehiago egiten hasi ziren euskaraz. Gaur egun dena euskaraz ematen dugu,  atzerriko hizkuntzak eta gaztelania izan ezik noski!

Gainera euskarari buruz hitz egiten jarrita,  gauza garrantzitsu bat azpimarratu behar dugula esan digute. Gurea, euskararen normalkuntza planean sartu zen lehen Hondarribiko eskola izan zela. Ordu ezkeroztik lan handia egiten ari gara eskola honetan euskararen alde eta emaitzak nabaritu egiten dira. Gure eskolatik euskara maila oso onarekin ateratzen baitira ikasleak. 

Eskola barruko klaseak eta gainerako gauzak ere asko aldatu dira, lehen esan dugun bezala, adibide horietako bat Gautena gela da, 

Lehen ez zegoen horrelako gelarik, horrelako ideiak berritzaileak, beharrezkoak eta politak zirela pentsatu zuten. Aniztasuna lantzen hasteko garaia bazela pentsatu eta aurrera egin zuten.  

Gauza berritzaileak ideia positiboak bihurtzen ari zirela ikusirik, beste esperientzia aberasgarri gehiagoren alde apustu egiteko garaia zela onartu eta aldaketa gehiago egitea proposatu zuten eta soberan zituzten hainbat logela kendu eta gela anitzak sortu zituzten. Hala nola; Artistika gela, liburutegia, laborategia, teknologia gela… 

Materialek ere, denborak bezala, aldaketa handiak jaso dituzte. Atzean geratzen dira boligrafoaren tinta amaitutakoan materialaren ardura zuen mojari eskatu behar izaten ziren egun haiek. Ikasleek erabiltzen zituzten materialak eskola bertan saltzen ziren, eta ez pentsatu oraingoak bezalakoak zirenik. Kolorerik ez eta lanerako material juxtu-juxtua. Gaur egun aldiz, kolore gehiegiz beteriko estutxeak ditugu, musika edo kirol-taldeen karpetak eta dispositibo digital ezberdin piloa.                                                         

Aldaketez hizketan jarrita, mojen sukalde handiarena ere kontatu beharko dugu. Beheko solairuan sukaldatzen zuten garaiez ere kontakizun ugari entzun ditugu. Gaur egun haur eskola bihurtua eta azken urtean dena berritua izan dena.

Guk ere bizi izan ditugu aldaketak jangelan. Orain janaria guk eraman ohi dugu bandejetan, askoz dibertigarriagoa da.  

Uniforme eta mantalaren erabilerak ere zer esan handia eman izan du beti, bai eskolan baita herrian ere. Garai batean gurasoek proposatutako ideia, gaur egunera iritsi zaigu. Eskerrak aldaketa asko bizi izan dituen! Aspaldikoak galtza gogor-gogorrak omen zituen eta eta aldatzeko arropa eraman behar zen poltsa batean soiketaren ondorenerako. Eskerrak hau ere aldatu den. Gaur egun uniformea oso desberdina da. Aukera desberdin asko ditugu guk zer eraman aukeratu ahal izateko eta mantala txiki-txikiek bakarrik erabiltzen dute. 

Duela 4 urte (2019 an), azken aldaketa bizi izan genuen. San José Ikastetxetik izatetik Egiluzera ikastetxea izatera pasa ginen.

Egiluzeko hiru eskolek uniforme bera erabiltzen dugun arren, bakoitzak kolore ezberdinak daramatza. Errenteriako eskolan urdinez joan ohi dira, Santurtzikoan aldiz, morez. Gurea berdea da. Herriko kolorea, Hondarribiko kolorea. Gainera 3. eta 4. DBHn ez da erabili behar, beraz gero eta gutxiago geratzen zaigu! 

Gizarteak aurrera egiten duen martxan, eskolak egunerokotasunean ere aldaketak egitea eskatzen zizkigula eta, Duela 4 urte (2019 an), azken aldaketa bizi izan genuen. San José Ikastetxetik izatetik Egiluzera ikastetxea izatera pasa ginen. Aldaketak nabariak izan ziren. Fatxada guztia aldatzen hastetik (lehen laranja eta marroia zena, orain txuri-berde bilakatua) hezkuntza mugimendu eta erronka berritzaileak sortzeraino.

Aldaketak, aldaketak eta aldaketak. Egiluzeri ere guztioi bezala, egunero hain aldakorra den errealitatera egokitzea tokatu zaio. Eta noski, hain famatua egin den mundu digitala ere gugana iritsi da. Banakako ordenagailu eramangarriak, arbela digitalak, tabletak eta mugikorrekin egin beharreko lanak…Buuufff! zenbat gauza atera zaizkigun Gure eskola proiektua martxan jarri dugunean. 

Beno, nahiz eta hainbat gai zintzilik geratu zaizkigun, uste dugu nahikoa idatzi diogula irakurleari. Eskolaz kanpoko ekintzen bilakaeraz hurrengo artikulu batean hitz egin beharko dugu. Baina aurrerapen bezala jakin ezazue, igerilekua ere jartzen dugula!

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco San Josetik- Egiluzera bidaia