Era askotako zenbakien menpe emango dugu gaur eguna. Lusa

Zenbaki magikoak

Hemen, bigarren olatuan ·

Aspalditik erabili izan da numerologia etorkizuna igartzen saiatzeko. Susmoa dut egun ez ote den erabiltzen, ageri-agerian eta zientzia zurigarri gisa hartuta, geroa baldintzatu eta finkatzeko

Martes, 22 de diciembre 2020, 06:47

Loteria tokatuko balitzait -agian dagoeneko tokatu zait, badakizue paper gaineko bidaiariak bezperako izakiak garela eta, honenbestez, geure bizitzak berak ere aurrea hartzen digula-, oso argi edukiko nuke, behingoz, zer egin.

Publicidad

Loteria tokatzen bazait, alegia, etxe txiki-txiki bat erosi edo alokatuko dut leku apartatu batean. Garai batean txabola esaten genion -inoiz esan baduzu «nire ametsa? Txabola bat Baztanen» argi dago zein belaunalditakoa zaren- eta orain 'tiny house' deitzen zaion horietako bat. Ur eta argindar horniketa ezinbestekoak dira; ez daukagu ia gerria ur eta egur karreoan ibiltzeko. Behar izanez gero telefono arrunta erabiltzeko adina estaldura agian bai, baina hortik aurrerakorik, ezertxo ere ez.

Zeren eta loteria tokatu bazait -horrela bada, zorionak lankideei; lanekoa da erosten dudan bakarra- zenbakiak iritsiko ez diren tokiren batean ezkutatzea baita dudan amets nagusia, ia bakarra. Zenbakietatik ihes egin, eta letra koadernatuetan aterpetu.

Airortu behar dut ez dela joera berria. Bizitza osoa daramat iheska, modu askoz ere kontziente eta planifikatuagoan aurreneko aldiz integral ulertezin eta erasokor bat bidera irten zitzaidanetik. Martxoaz geroztik, ordea, filiak fobia eta fobiak filia bilakatu eta, ikusirik zein aldakorra zen hitzen esanahia, eta zein zalantzazkoa haietako askoren fidagarritasuna, zenbakietan jarri nuen uste osoa. Aurreko artikuluan azaldu nuen arriskuen kudeaketarako metodoan zenbakiek zuten garrantziaz jabetu nintzenetik, bereziki.

Etxe txiki-txiki apartatu bat erosi edo alokatuko dut, zenbakiei ihes egin eta letretan murgildu ahal izateko

Bizi dugun muturreko egoeran, okurritu zitzaidan pentsatzea historian zehar egiaren eta aurrerabidearen bila matematiketara jo duten emakume eta gizon jakintsu horiek guztiek ezin zutela oker egon. Esaterako, «egia ez da aldatuko gehiengoak sinesten duelako edo ez duelako sinesten» esan zuen Alexandriako Hipatia.

Publicidad

Zenbakien menpe eman ditut, hortaz, hilabete asko. Hornitzaile instituzionalez gain, neronek aukeratutako beste dozena bat neuzkan, egunero behar nuen dosia bermatzen zidatenak. Bazegoen bat datuak goizaldeko hiruretan eguneratzen zituena; hantxe nengoen ni, zain, goizeko hiruretan. Ez nintzen bakarra.

Apurka-apurka joan naiz adikzioa menperatzen eta sorginduta eduki nauten zenbakieko lilura kontrolatzen, nahiz eta horien nonahikotasuna izugarri ari zaidan zailtzen ariketa, are gehiago daukadan ofizioa edukita. Soluzio bakarra, loteria...

Publicidad

Lehen urratsa izan da hornitzaileen kopurua murriztea. Dozena erdirekin gelditu naiz, eta uste dut denak daudela urrun numerologiatik. Zibilizazio askok aspaldi-aspalditik etorkizuna igartzen saiatzeko erabili izan duten ezkutuko zientzia hori, hain zuzen, susperraldi betean dagoela iruditzen zait. Diferentzia txiki batekin, baina: susmoa dut gaur egun, ageri-agerian eta zientzia zurigarri gisa hartuta, ez ote den ari erabiltzen geroa baldintzatu eta finkatzeko.

Epaia murriztailea bada, joan pentsatzen nola emango diezuen berria mahaitik kanpo utziko dituzuen horiei

Datuen jatorrizko kalitatea zalantzan jartzeko motiborik ez dut, are gutxiago frogarik. Hala ere, zenbakietatik ahalik eta urrunen horrenbeste urte egon ondoren azken hilabeteetan partekatu dugun intimitateak erakutsi dit ez direla ezinbestean hotz eta zurrunak, izan daitezkeela magiko, malgu eta moldagarriak, bai behintzat gehiengoak sinetsi nahi duena, edo gutxiengoak sinetsarazi nahi duena, egia bilakatzeko lain.

Publicidad

Zenbakiekiko ditudan ulermen eta konfiantza arazoak lehengoratzen ari badira ere, ez diet ukatuko daukaten garrantzi izugarria. Nire ametsa -zenbakiak ailegatuko ez diren etxe txikia-, bost zifraren esku dago. Gu guztion Gabon-Eguberrietako bazkari, afari eta joan-etorriak, berriz, pandemiaren fotofinixa marraztuko duten zenbakien menpe, gaur arratsaldera arte ez baitugu jakingo zenbat eseri ahal izango garen mahaiaren bueltan, noraino joan ahal izango dugun, nondik etorri ahal izango zaizkigun.

Zer gerta ere, erosketak gaur goizean egin nahi badituzue gomendioei jarraiki pilaketak ekiditeko, lehenetsi izozkailurako moduko produktuak. Eta, azkenean epaia murriztailea bada, joan pentsatzen nola emango diezuen notizia mahaitik kanpo utzi beharko dituzuen horiei.

Publicidad

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad