Idurre Eskisabel
Euskara «lehen lerrora» ekartzeko momentua dela dio Idurre Eskisabelek. «Euskaltzaleon garaia da, pizkunde berria behar dugu»
Donostia
Miércoles, 3 de diciembre 2025, 00:04
Iaz, Euskalgintzaren Kontseiluak euskara eta euskal hiztunen komunitatea «larrialdi linguistikoan» zegoela adierazi zuen. Urtebete geroago, Euskararen Nazioarteko Eguna egoera korapilatsuan heldu da. Euskararen kontrako sententzia judizialek eta diskurtso ezkorrek markatutako hilabeteak izan dira. Joera hauekin batera, globalizazioak eta digitalizazioak dakartzaten erronkak kontuan hartu behar direla dio Idurre Eskisabelek, Kontseiluko idazkari nagusiak. Abenduaren 27an Bilbon ospatuko den pizkunde ekitaldia ikusmugan edukita, «euskaltzaleon garaia» dela aldarrikatzen du.
Publicidad
– Euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldia gogortzen ari da?
– Ez da soilik judiziala, esango nuke oldarraldi diskurtsibo eta politiko bat ere badagoela. Batetik, sententzia horietan argudiaketa bat egiten da hizkuntzaren auziaren inguruan, iritzi batzuk agertzen dira; eta, bestetik, jurisprudentzia sortzen ari da begirada horiek zuzentzat emanez. Aspalditik gaude oldarraldi judizial honekin kezkatuta. Azken bolada honetan Euskal Autonomia Erkidegoan epai soka etengabe bat ikusi dugu, aurretik Nafarroan gertatu zen bezala.
– Zein ondorio dakartza oldarraldi honek hizkuntzarentzat?
– Euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren tresnak eraisten dira. Epaien artean gehienak enplegu publikorako lehiaketetan eskatzen diren euskara eskakizunen ingurukoak dira, eta ez dugu ahaztu behar eskakizun horiek zerbitzu egokia eman ahal izateko baldintza direla. Gizarteari erantzuteko modua dira, guztion eskubideak errespetatuz eta gainera, euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko tresnak badira ere bai. Bestaldetik, indar bereziz salatu ditugu udal legearen kontra doazen epaiak. Sententzia hauek udal legean euskara lehenestea baliogabetzen dute. Minorizatutako hizkuntza bat izanik, dudarik gabe aldeko neurriak behar ditu berdintasunera iristeko.
– Duela urtebete Kontseiluak adierazi zuen euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan zegoela. Egoera berdina bizi dugu orain?
– Larrialdi egoerak ez dira momentu batetik bestera sortzen, adibide argia da larrialdi klimatikoa. Egoera horiek zantzuen eta gertakarien akumulazioak dira. Iaz erabaki genuen larrialdi linguistikoa adieraztea argi genuelako eta datu soziolinguistikoek hala erakusten digutelako.
– Euskararen berreskurapen zikloa agortzen ari da?
– Bai, joera soziolinguistikoek adierazten dute azken hamarkadetako normalizazio eta berreskurapen zikloa amaitzen ari dela. Iaz larrialdi linguistikoa adierazi genuen Kontseilutik. Horri eransten badiogu globalizazioak eta bizitzaren digitalizazioak munduko hizkuntza minorizatu guztiei ekarri dizkien erronka itzelak eta, euskararen kasuan, jasaten ari garen oldarraldi judiziala, kinka larrian gaude. Hori da ondorioa. Gainera, oraindik ere azpimarra egin behar da euskararen lurralde gehienetan –hala Ipar Euskal Herrian nola Nafarroako zati handienean– euskarak ez daukala ofizialtasun estatusik. Desofizializazio bide bat bizitzen ari gara.
Publicidad
– Gaur egun duela hamar urte baino zailagoa da euskaraz bizitza integrala egitea?
– Zaila da halako prozesuetan epe zehatzak jartzea. Nire ustez, aukeren aldetik bagaude galera prozesu batean, bizitza integrala non egiten dugun zabaldu zaigulako eta gero eta konplexuagoa bihurtu delako. Eremu digitala, adibidez, guztion bizimoduaren parte da. Alderdi horretan oso zaila da gure hizkuntza praktika nagusiak euskaraz aurrera eramatea.
– Nola baloratzen duzue euskararen presentzia eremu digitalean?
– Herren handienetako bat hortxe dugu. Egia da hizkuntza minorizatuen artean euskara nahiko ongi posizionatuta dagoela ingurune digitalean. Garrantzitsua da, adibidez, euskarazko Wikipediak daukan sendotasuna. Baina izugarri azeleratuta doa eta harremanen oso parte bihurtu dira, plaza berriak bihurtu zaizkigu sare sozialak, eta oso plaza handia dira. Orokorrean, digitalizazioak boteretsuenak boteretsuago egiten ditu eta gauza bera gertatzen da hizkuntzen eremuan. Hizkuntza hegemonikoak oraindik eta gehiago indartzen ditu, ingelesa bereziki, eta gainerako hizkuntzak ahuldu egiten dira dinamika horretan.
Publicidad
– Gipuzkoa da euskararen arnasgune nagusia. Zer garrantzia du honek?
– Soziolinguistikan aditu direnek beti azpimarratzen dute hizkuntza baten normalizazio eta biziberritze prozesuan arnasguneek jokatzen duten rol garrantzitsua. Leku hauek gune aproposak dira euskararen aldeko hizkuntza-politika aurreratuagoak, sendoagoak eta indartsuagoak aurrera eraman ahal izateko.
– Egoera honetan, Euskararen Nazioarteko Egunak ala abenduaren 27an Bilbon deitutako ekitaldiak are garrantzi gehiago hartzen dute?
– Larrialdian gaudela diogunean ez da inola ere etsitzeko dei bat, kontrako dei bat da. Ziklo bat agortzen ari da, egia da, baina euskara lehenago ere izan da egoera honetan. Hona ekarri gaituen biziberritze fasea euskaltzaletasunaren ondorioz sortu zen, milaka herritarrek momenturen batean erabaki zutelako euskararen aldeko ekintzak eta erabakiak lehen lerrora ekarri behar zirela. Euskaltzaletasuna bultzatzea da momentu honetan daukagun egiteko nagusietako bat. Euskararen Egunerako itxaropen mezu bat luzatu nahi dugu, euskaltzaletasuna berriro lehen lerrora ekartzeko dei bat. Euskaltzaleon garaia dela diogu, euskarari pizkunde berri bat ekartzekoa. Gainera, hizkuntza minorizatuen alde eta olatu erreakzionarioen kontra egitea garrantzitsua dela uste dugu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión