Igande goizaldean kalera aro berri baten etorrera ospatzera irten zineten adiskideok, ez zaituztet epaituko. Nor naiz ni inoren jarrera itsusteko? Are gutxiago orokortuko ditut alaitasun menderaezinak eragindako bizipoz eztandak, ardurak modu indiskriminatuan banatzea ez zaidalako zuzena iruditzen. Ez kasu honetan, ezta beste batzuetan ere, bide batez. Beraz, guztiok ikusi ditugunez irudi berberak, guztiok dakigu zertaz ari garen. Ondo horrela?
Publicidad
Aitortu behar dut aspertzeraino barreiatzen ari diren irudietako jarrerak gaitzestea, eta horiei egoztea etor daitezkeen katastrofe denak, uste baino gehiago ari zaidala kostatzen. Azken batean, pandemiak sartu gaituen zuloari taxuzko irteera emateko gauza izan ez direnak ez dira goizaldeko festazale anatematizatu horiek.
Ardura dutenek 14 hilabete izan dituzte une hau irudikatu eta modurik egokienean planifikatzeko; horretarako hautatu ditugu, horretarako ordaintzen dizkiegu soldata politak, baina ez dira kapaz izan. Erantzukizunak banatzeko orduan, ondo banatzea komeni da.
Gauzak horrela, igandeko ordu txikietako elkarretaratzeak izan balira protesta gisa deituak, irakurketa finagoa egingo nukeen, baina ikusitakoa eta entzundakoa ikusita eta entzunda, irudipena daukat ez dela hori milaka lagun arrapaladan hiri askotako kale eta plazatara irtetera bultzatu duen arrazoi nagusia.
Neurri batean, festazaleek haiengandik espero dena egin dute. Utzi dieten momentuan bueltatu dira erabat zabalduta eta, orain esaten den bezala, 'normalizatuta' dagoen aisialdi eredu kontsumista, gregario eta berehalakora. Ez al da hori normaltasuna? Ez al da hori, askorentzat, aukera naturalena? Baliteke justu orain ez etortzea oso ondo, baina onak eta txarrak hartu behar dira... Erretratua nahi bezain dotorea ez bada ere, horrelakoetan ikusten da jendea nahierara bideratzea ez dela horren erraza. Auzitegi Gorenak kontrakoa esaten ez duen bitartean, bederen.
Publicidad
Asteburuan gertatutakoak osasun egoeran izango duen eragina ari da izaten haserre eta kritika gehienen zio nagusia. Pentsatzen dut igandeko 00:00etan gora eta behera ibiltzea libre utzi zutenek zein aukera baliatu dutenek aurretik deskontatuta izango dutela efektu hori. Izan ere, istorio honen bukaera aurretik zegoen idatzia. Ba al dute zentzurik ondorengo kexu eta espantuek? Balio al du zerbaitetarako, lehendik ere aspertuta zegoena gehiago aspertzeko ez bada, berriro ere erantzukizunaren kalakari heltzea?
Badute zentzurik kexuek? Balio al du zerbaitetarako berriro erantzukizunaren kalakari heltzea?
Normala iruditzen zaie bazterrak kakaztea, etorriko delako biharamunean norbait bota dutena jasotzera
Honek guztiak ez du esan nahi asteburuan ikusi eta entzundakoak ez nauenik kezkatu. Kezka hirukoitza eragin dit, alegia. Aurrenekoa osasun zerbitzuetako langileen ingurukoa da. Haien lana hori izanda ere, ez dakit nola jasaten gaituzten. Ez dakit noiz arte jasango gaituzten, ezta zein preziotan ere.
Publicidad
Bigarren kezka maila apalekoa irudituko zaizue. Festazaleek uzten duten arrastoarekin du zerikusia; zaborrarekin alegia. Normala iruditzen zaie -frogek ez dute behintzat bestelakorik iradokitzen-, bazterrak kakaztea, etorriko delako biharamunean norbait haiek bota dutena jasotzeko makurtzera. Eta batek baino gehiagok esango du, gainera, looser bat dela horrelako lan batean aritzeagatik. Ez zait anekdota iruditzen, izugarri esanguratsua baizik.
Hirugarren kezka, kezka nagusia, lotuta dago jendearen ulermen gaitasunarekin; hitzen eta horien atzean dauden kontzeptuen, banalizazioarekin, horretarako ez baitago txertorik ez bada gogoeta eta ikuspegi kritikoa sustatzen duen hezkuntza; ez bada jakintzarekiko gutxieneko interesa. Antidotoa aspaldi dago asmatuta eta eskura, ez du patenterik, baina itxuraz ez dago batere modan, ez du aparteko interesik pizten.
Publicidad
Covid-19ari hartuko diogu tamaina egunen batean, baina festazale ugarik ezpainetatik zintzilik zeuzkaten 'askatasuna', 'eskubidea' eta munta horretako hitzen ayusizazioaren hedapenari birusarenari baino beldur handiagoa diot. Epe laburrean heriotza-agiri gutxiago eragingo ditu, baina hasi gara ikusten -Madril, maiatzak 4- epe ez oso luzera izan ditzakeen ondorioak. Hori ere ez da aurreneko aldiz gertatuko. Badakigu nola hasten den, eta zein izan daitekeen bukaera. Horrexegatik da horren beldurgarria.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión