Hamar urte komunitate digital eta soziala sortzen
Sektorearengandik ikasiz eta aldaketei egunez egun erantzunda erdietsi ditu 15.000 domeinuak PuntuEus fundazioak
Urruti geratzen da 2014ko ekainaren 28a, PuntuEUS fundazioak bere jarduna abian jarri zuenekoa, eta ordutik fundazio pribatuak izan duen bilakaera imajinatu ezinekoa izan da, sektore teknologikoak berak izan duen goitik beherako eraldaketarekin estuki lotuta eta eskutik joan dena. «Ez genuen merkatua ezagutzen», oroitzen du umorez Josu Waliñok, PuntuEUS fundazioko zuzendariak. «Ez genuen Euskal Herriko Internet ezagutzen jakiteko zenbat domeinu erregistratu zitezkeen, zein izango zen lortuko genuen presentzia edo izango genuen eboluzioa».
Waliño buru duen lantaldea irailaren 1ean sartu zen proiektura eta lehen agerraldia esanguratsu ziren 92 erakunderen eskutik egin zuten, «aitzindari» bezala izendatuak. Hemerotekak gorde du orduko beste anekdota bat. «Bost urtean nora helduko ginen galdetu ziguten eta 5.000 domeinuko zifra bota genuen, ia esateagatik». Esan eta bete zen eta egun jada 15.000 dira, elkarrizketan zehar hainbatetan PuntuEUS fundazioko zuzendariak aipatzen duen «komunitatearen» erakusle. «Hasieratik funtsezko papera izan du, domeinua martxan jartzerakoan 20.000 sinadura bildu ziren eta 2014ko abenduan PuntuEUS izateko aukera ireki genuenean berehala ikusi genuen euskal komunitatean inpaktua zuela».
Noticia relacionada
De tener que interceder por un dominio a hacer quinielas de posibles candidatos
Garrantzi handiko aktorea izan zen ere administrazio publikoa, lehen unetik babestu zuena domeinu aldaketarekin. «Berehala pasa ziren eta horrek eragin traktore bat dauka, jendeak kontsiderazio ofiziala dagoela ikusten duelako». Komunitate sentsazio hori ere berresten du hamar urte hauetan izandako harrerak, Waliñoren ustetan «identifikatzeko modu» batekin zerikusia duena zerbait aportatzen duelako, «nortasuna, balio teknikoak, gertutasuna...», eta, batez ere, «erabaki kontziente bat, komunitate digital horren parte izateko helburuarekin hartua». Diagnostiko hori indartzeko osteko fideltasuna aipatzen du. «Nazioartean beste sektoreko domeinuarekin hitz egitean hori asko azpimarratzen da, berritze tasa oso altua da ia %90ekoa».
10.000 domeinuak, mugarri
Hamar urteko prozesu honetan hazkundea «jarraitua eta konstantea» izan dela xehatzen du Waliñok, nahiz eta era berean argi duen 10.000 domeinuak erdietsi izana mugarria izan zen. «Horrek egonkortasuna eman zigun». Batetik, zenbaki biribila izan zelako; baina, batik bat, «ekonomikoki» garrantzitsua izan zelako. «PuntuEUS fundazio pribatua da eta finantzaketa bide bakarra domeinuen salmenta da. Lan egiteko, inbertsioak egiteko eta proiektu berriak martxan jartzeko lasaitasuna eta egonkortasuna eman zigun», azaltzen du. Era berean, hasieran «garesti» jaio zen domeinua «merkatzea» ahalbidetu zuen eta, egun, «prezio normalizatua» izatea.
«PuntuEus domeinua hautu bat da, nortasuna, komunitateko kide izatea, balio teknikoak eta gertutasuna ematen ditu»
Josu Waliño
PuntuEUS fundazioko zuzendaria
Bidean «ikaragarri» ikasi dutela nabarmentzen du Waliñok, besteak beste zibersegurtasun alorrean, sektoreak izandako bilakaerak hala eskatuta. «Hasieran ez genuen buruan eta egun domeinuak gure lanaren zati bat horretara bideratzea eskatzen du». Hasi eta urtebetera etorri zitzaien gaia lehen lerrora eta ordutik .eus domeinua duten webgune guztiak «zaintzen eta monitorizatzen» dituzte. Era horretara, bezeroetako batek erasoren bat jasanez gero abisua unean bertan helarazten dute. Tokian tokiko –Ziberzaintza edo Izenpe– zein nazioarteko –Global Server Alliance, Internet Watch Foundation– erakundeekin hitzarmenak sinatu dituzte zerbitzua modu integralean emateko.
Zibersegurtasuna, ardatz
Balorazio bat eskatuta kuantitatiboan baino Waliñok nahiago du fokua kualitatiboan jarri. «Egia da zenbakiak garrantzitsuak direla, baina komunitateak duen sendotasuna, kalitatea eta garrantzia dira gakoak guretzat. Euskal Herrian Internetari buruz hitz egitean PuntuEUS erreferentea da, modu batera edo bestera guztiok erabiltzen dugu. Hori da satisfazio handiena, kalitatezko zerbitzu eman ahal izatea komunitateari». Izan ere, horrek nazioartean sona eman dio fundazioari.
«Internet zerbitzu integrala eskaintzeko urratsak egiten lagundu nahi dugu, burujabetza teknologikora da jomuga»
Esperientziak ere etorkizunari begira hitzak neurtzera darama Waliño, are gehiago Adimen Artifiziala bezalako munstruo baten agerpenak sektorea irauli duenean. «Erronkak identifikatzea zaila da eta gure kasuan zifra bat ematea ere. Hamar urte barru 25.000 domeinu izan gaitezkeela esan dezaket, baina guretzat garrantzitsua zer izan nahi dugun da: gizarte digitala hobea izaten lagunduko duen tresna». Ildo horretan, jomugetako bat «Internet zerbitzu integrala» eskaintzea da, bidea bada-eta. «Pixkanaka euskal komunitateak bere burujabetza teknologikora bidean urratsak egiten lagundu nahi dugu».