Ezetz!

hirugarren olatuan ·

Ezetzismoak ez du zerikusirik ezkortasunarekin, eta negazionismoak baino gehiago kezkatzen nau, ia oharkabean jaten dizkiolako azpiak aurrerabideari

Aurka egitea izugarri gustatzen zait. Beti gustatu izan zait asko. 'Zuri' entzutea nahikoa dut 'beltz' esateko. Edo alderantziz. Umetan, erabaki eta jarrera kontzienteen aurreko urteetan, nik nahi zuten soinekoa janzteko beste bat soineratzen saiatzearekin nahikoa zeukaten. Gaurko honetan esanak ondo uler daitezen, ez dezan inork pentsa nire burua kritikatzen dudan ohitura itsusi horren gainetik jartzen dudanik, aitortzen dut: kontra egitea nire izaeraren zati da, eta tematzen naizenean izan naiteke izugarri egoskor eta setatsua; puntu batetik aurrera, nahiko desatsegina ere bai.

Publicidad

Hori horrela izanda ere, ezetzismoaren hedapenak kezkatuta nauka. Pandemiaren birbizkortze arriskuak bezainbeste bai, behintzat. Baliteke biak lotuta egotea, ez nuke ezetz esango...

Hiztegiak arakatu arren, ez dut ezetzismo hitza aurkitu. Barka beza Euskaltzaindiak baina, txertoekin egiten ari diren bezala, emergentziazko onespena eman diot. Behin-behineko baimena da, eszeptizismoaren, androzentrismoaren, negazionismoaren eta hiztegiek bedeinkatutako beste hainbat -ismoren arrimuan esleitua.

Beste hizkuntza batzuetan ere ibili naiz begira. Gaztelaniazko 'noísmo'-k ez zidan ezer berririk ekarri, baina italierazko 'noismo'-k bide onetik nindoala erakutsi zidan. 'Noi' (gu) izenordainetik datorrenez, 'gutarrismo'-tik dago ezetzismotik baino hurbilago dago. Eta hori gustatu zait, egoera pandemiko honetan ezetzismoaren bertsio kaltegarriena gutarrismoaren aldaera bat baita, edo albo-ondorio bat.

«Gehiagotan esan beharko genuke ezetz, baina ezetzean tematzeak traba egiten dio maiz aldaketari»

«Amesgaizto honetatik irtetean, garrantzitsuena izango da zeren alde egon nahi dugun erabakitzea»

Ezetz esatea, jakina, zilegi da. Are gehiago, gehiagotan esan beharko genuke/lukete ezetz askara botatzen diguten dena irensten dugunok/dutenek. Ezetzismoa betidanik praktikatu dugunok ikasi dugu, denboraren eta kaskatekoen poderioz, ezezkoak kolokatzen. Ez da harrokeria, esperientzian oinarritutako gaitasuna da.

Azken hilabeteetan ezagutu ditudan ezetzista konbertitu asko –gizarte sareetan, hedabideetan eta horrelakoetan sumatu ditudan horiek ere bai–, berriz, ezetzismoan gotortu egiten dira, igualtsu die askotan zeri esan ezetz. Dena dago gaizki, denari esan behar zaio ezetz. Gauza bati eta kontrakoari. Tabernak irekitzea eta tabernak ixtea. Ikastetxeak irekitzea eta ikastetxeak ixtea. Autobusetako leihoak irekitzea, autobusetako leihoak ixtea. Hilabeteotako eztabaida nagusietako asko ireki/itxi binomioan oinarritzen dira, baina beste ildo asko daudenez zerrenda ia nahi ahala luzatu daiteke.

Publicidad

Espiritu eraikitzaile urriko ezetzista askok badute beste ezaugarri bat: gauzak beti besteek egiten dituzte gaizki. Gutarrismoaren ukitua, alegia.

Ezetzismoak ez du zerikusirik ezkortasunarekin. Izan zaitezke izugarri baikorra eta ezetzista amorratua. Negazionismoa baino arriskutsuagoa iruditzen zait, gainera, gehiago kezkatzen nau, horrek ez bezala ia oharkabean jaten baitizkio azpiak aurrerabideari. Negazionismoak sikiera esaten dio zerbaiti baietz...

Are gehiago, pesimismoaren oinarri filosofikoetan sartu gabe, esperantza pittin bati eusten dion ezkortasuna iruditzen zait, aparteko eramanik –erresilientzia edo dena delako hori– ez daukagunon egoera naturala. Egunotako ikuskizun politikoaren aurrean, zer esanik ez.

Publicidad

Hala ere, gauza bat da ezkortasun kritikoa eta beste bat ofiziozko ezetzismo akritikoa. Batzuetan jarrera defentsiboa da; beste batzuetan inpotentzia; hainbatetan ezjakintasuna, harrokeria edo nabarmentzeko gogoa; ez gutxitan, mozolokeria.

Azkenaldian gaiarekin pixka bat obsesionatuta nabilenez, joan den astean hasia nintzen artikulu honetarako nota solteren batzuk hartzen, baina ez nintzen ari pulamentu handirik egiten. Mikel Sotorekin batera 'Deabruaren eskola' ekimen ederra abiarazi duen Irati Jimenez idazleak, egunkariaren beste puntako atalerako egindako elkarrizketa batean, Metrokoadroka kolektiboaren 'Hura ez da lekua' ikuskizunetik hartutako esaldi bat ekarri zuen solasera: «Ez nago kontra egotearen kontra, baina alde egotearen alde nago». Uste dut hortxe dagoela gakoa. Kontra egotea ez delako nahitaez ezetzismoa, eta amesgaizto honetatik irtetean garrantzitsuena izango delako zeren alde egon nahi dugun erabakitzea.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad