Euskaraz entzun eta erantzun
Euskaraldia ·
Ez du axola ahobizi edo belarriprest izatea, ondo edo gaizki hitz egitea... Partaideek diote hizkuntza erabiltzea dela euskara sustatzeko gako bakarraMacarena Tejada, ELENE ARANDIA, KEPA OLIDEN y MARIVI OLANO
San Sebastián
Sábado, 21 de noviembre 2020, 07:35
Publicidad
Larraitz Mendia | Donostia
«Ordua euskaraz eskatzea jada aurrerapauso bat da»
Larraitz Mendiak ahobiziren papera hartu du datorren egunetarako. Euskaraldiko lehenengo edizioan parte hartu eta gero, aurten, «dudarik gabe», izena eman du berriz ere. «Euskarak bultzada handia behar du eta oso esperientzia polita da hau», dio Pasai Antxoko bizilagun honek. Euskaraz hitz egiteko ohitura du Larraitzek. Ikastola batean egiten du lan ingeleseko irakasle bezala, baina bere ama hizkuntza euskara da. «Etxean euskaraz egiten dugu. Senarra euskalduna da eta nire aita ere. Ama, euskaldun berria». Bi seme ditu. Beraiekin gure hizkuntzan hitz egiten duen arren, «Euskaraldian apuntatzeko presioa egin behar izan diet. Baina azkenean izena eman dute», dio harro.
Euskara sustatzeko ariketa honen alde dago Larraitz. Azken finean, «oso esperientzia polita eta aberasgarria da. Zure joera aurkitu behar duzu. Hau da, ez du inporta euskara menderatzea belarriprest izateko. Hitz egitea asko gustatzen bazaizu, niri gertatzen zaidan moduan, ahobizi izan beharko zara. Baina oso jakituna izan zaitezke hizkuntzan eta belarripresten papera hartu. Zuk ikusi behar duzu zer nahiago duzun». Berak argi dauka zein den bere rola. Gainera, aurreko edizioan «normalean gaztelaniaz hitz egiten nuen pertsona batekin euskaraz aritzea lortu nuen. Pozez zoratzen nengoen lortu nuenean. Inoiz euskaraz egin ez duzun horrekin orain euskaraz egitea zoragarria da».
Edizio berri honetan bere helburua «jende gehiagorekin euskaraz hitz egitea lortzea da». Eguneroko zerbait izatea 'kaixo' edo 'egun on' esatea 'hola' edo 'buenos días'-en ordez. «Oso erraza da, ez da ezer arrarorik egin behar. Adibidez, autobus geltokira zoazenean ordua gaztelaniaz eskatu ordez euskaraz eskatzea aurrerapuaso bat da jada. Agian hasieran ez dizute ulertuko, edo bai, nork daki. Baina seguru 'agur' esan dizutela, eta hurrengoan 'egun on'. Poliki-poliki hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu eta euskarari bultzada bat eman». Horretarako, euskaldun guztiei animatzen die Euskaraldian parte hartzera, «behintzat belarripresten paperean. Ez du inporta hanka sartzea. Poliki-poliki lortuko dugu euskaraz gehiago egitea, jende gehiagorekin eta gehiagotan», aurtengo edizioko leloak dioen moduan. MACARENA TEJADA
Jone Arrospide | Leaburu
«Euskarak kontzientzia handiagoa behar du»
Jone Arrospide Galtzaundi Euskara Taldeko zuzendaritza-taldeko kidea da iaztik, eta nahiz eta Haur Hezkuntzako ikasketak egin dituen, 22 urteko leaburuarra barazki-saltzailea da, egun, Donostiako merkatu batean. Aurten ahobizi gisa parte hartuko du Euskaraldiaren bigarren edizioan, baina erronka bikoitza izango du. «Ez daukat euskaraz hitz egiteko edota ulertzeko arazorik, baina kontua konpromisoa da. Aurten ere ahobizi izateko konpromisoa hartu dut konprometitzen naizelako baldintza horiek betetzera: lehen hitza euskaraz egitera eta elkarrizketa elebidunak mantentzera. Nire ustez, inguruak ere laguntzen dit ahobizi izaten; Tolosaldean aukera gehiago dago euskaraz bizitzeko. Donostian egiten dut lan, eta bertan ikusten dut, adibidez, egoera ez dela berdina. Donostian zailtasun gehiago ikusten dut ahobizi izateko, baina ez dut oso garbi zergatik: jendeak euskara gutxiago dakielako edo gutxiago erabiltzen duelako. Konturatu naiz oso euskalduna ez den jendeak lehen hitza gaztelaniaz egiten duela, eta askotan sorpresa ugari izaten dira. Saiatzen zara elkarrizketa elebidunak jarraitzen, eta konturatzen zara uste baino pertsona gehiagok dakiela euskaraz egiten. Erabilera, ordea, Tolosaldearekin alderatuz, urriagoa da Donostian», nabarmentzen du.
Publicidad
«Uste dut aurten ariguneek bultzada emango diotela egitasmoari jende gehiago animatu dadin parte hartzera, eta, bestalde, espero dut bigarren urtea izanik jendeak hobeto ulertuko duela orain ahobizi eta belarriprest izatearen eginkizuna ezberdintzen. Tolosaldean saiatu gara, behintzat, horrela izan dadin. Nire kasuan, nahiz eta lantokian ez den hain erraza izango, saiatuko naiz elkarrizketa elebidunak mantentzen. Nire ustez, Euskaraldiak lagundu digu konturatzeko hori egin daitekeela, eta euskaraz hitz egingo dut mintzalagunak ulertzen ez nauela esaten didan arte. Euskaraz egiten ez duten baina ulertzen duten pertsona asko daude inguruan, eta aurtengo nire erronka horiekin euskaraz egitea izango da. Nire ustez, gure konpromiso handiena eta zailena hori izango da. Euskarak kontzientzia handiagoa behar du. Gure egunerokotasunean, benetan saiatzen gara ahalik eta gehien euskaraz egiten? Pentsatzen jarriko bagina konturatuko ginateke, nahiz eta euskaldunak izan, uste baino gutxiago erabiltzen dugula...». ELENE ARANDIA
Abdul | Arrasate
«Nire bezeroek irakasten didate hizkuntza»
Abderrahim El Kitaui Fajri marrokiarrak ez du eskola askorik, baina dohain berezia du hizkuntzak ikasteko. Abdulek arabiera du ama-hizkuntza, frantsesez moldatzen da eta aleman zertxobait ere badaki. Gaztelaniaz primeran egiten du, jakina, baina azken hiru urteotan euskara gero eta gehiago erabiltzen du bere egunerokotasunean. Eta bere egunerokotasunaren zati handiena Biteri etorbidean dagoen Udalatx frutategian lanean igarotzen du. «Hauxe da nire euskaltegia» aitorzen du. Buruz nabariki azkarra da Abdul eta dendara datozen bezeroak «irakasten didate euskara».
Publicidad
Hirugarren urtez belarriprest txapa paparrean duela, Abdulek «euskara maite» duela diosku, baina pena handiz gaineratzen du «denborarik ez daukala» lan orduz kanpo ikasteko. «Euskara fruta-dendan ikasten ari naiz, bezeroekin praktikatuz. Galdetu egiten diet eta eurek laguntzen didate». Abdulen ahaleginak eta borondatea agerikoak dira. «Euskarazko hitzak eta esaerak paper batean idazteko eskatzen diet, gaztelanazko itzulpenarekin batera». Ohar horiek ondo gordetzen ditu gero lasai irakurri eta buruz ikasteko. Horrela, poliki-poliki, bere hiztegi pertsonala osatuz doa fruta-saltzaile euskaltzale hau. Trukean, Abdulek arabiera irakasten die bezero batzuei. «Badauzkagu dozena erdi bat guri euskara irakastearekin batera arabiera ikasi nahi dutenak, eta bat edo bestek aurrerapen nabarmenak egin dituzte gainera».
Bere kide Brahimek eta biek 2017ko azaroan ireki zutenean Udalatx fruta-denda, txintik etzekiten euskaraz. Hilebetearen bueltan, Abdulek ederto menperatzen zituen zenbakiak. «Horretan ez daukat arazorik» baieztatzen du, eta harez gero mostradorean dihardu dezimal eta guzti euskaldun zahar baten beste. Saltzeko dituen fruta-izen guztiak ondo baino hobeto dakizki euskaraz eta gai da gainera ganorazko berriketaldi bati eusteko.
Publicidad
Abdulen euskara 'ikasketak' ez dira halere dendara mugatzen. «Nire seme-alabek ere erakusten didate. Euskara oso ondo ikasi dute eskolan eta beraiekin hitz egiten saiatzen naiz».
«Bizi naizen herrialdeko hizkuntza ezagutzea integrazioarako bidea da eta bertakoekiko begirunea erakusten du». KEPA OLIDEN
Álvaro Véliz Llanos | Andoain
«Ikasteko eta hitz egiteko gogoa bakarrik behar da»
Kataluniako Montserrat menditik hurbil dagoen herri txiki batean jaiotakoa da Álvaro Véliz Llanos. Beti egon omen da Euskal Herriaz maiteminduta. Txikitan maiz etortzen zen hona, bere gurasoekin, udako oporrez gozatzera. Bizitzak dituen kasualitate horietako baten bidez, unibertsitateko ikasketak amaitu zituenean Bilbon eskubaloi talde batean lan egiteko aukera sortu zitzaion. «Han egon nintzen urte bat eta denboraldia bukatu zenean beste lan bat atera zitzaidan Zarautzen». Egun Oiartzunen bizi da eta Andoainen, Ekhia Fisioterapia Zentroan, lan egiten du.
Publicidad
Duela hiru urte hasi zen euskara ikasten Donostiako Hizkuntza Eskolan. «Iritsi nintzenean, garai hartan nuen lanpostuak ez zidan aukera gehiegirik eman euskara ikasteko. Behin baino gehiagotan nire izena eman nuen euskaltegian baina lanagatik ezin izan nuen ezer egin». Hizkuntza Eskolan gustura dago orain, baina han hasi aurretik ere bere kabuz aritu zen euskara ikasten. Zaila ez dela dio. «Hitz egiteko gutxieneko bat lortzea behintzat ez. Baina hortik aurrera, euskaraz txukun aritzeak beste gauza batzuk eskatzen ditu, adibidez irakurri edo gramatika landu». Euskaratik gehien gustatzen zaiona galdetzen diogunean, Alvarok berehala erantzuten du euskararen xarmarik handiena da hizkera desberdinak izatea dela. «Herriaren arabera edo zonaldearen arabera asko aldatzen da eta nik uste dut beste hizkuntzekin konparatuz hau dela desberdintasun bat». Bere eguneroko bizitzan euskaraz hitz egiten saiatzen da. «Lanean, bezeroen arabera, gaztelaniaz edo euskaraz modaltzen naiz, eta gero lagunekin, Oiartzunen bizi naizenez, erraza da euskaraz hitz egitea herrian oso giro euskalduna dagoelako eta horrek asko laguntzen dit». Dena dela, aitortzen duenez, nekatua dagoenean «gaztelerara pasatzen naiz, baina hasteko garaian, beti euskaraz». Euskaraldian hartuko du parte. Ahobizi izango da. «Ni beti saiatzen naiz ahobizi izaten, ez bakarrik orain Euskaraldia izateagatik, nik uste dut mantendu behar den ohitura bat dela hori. Kulturarekin zerikusia duena zaindu, babestu eta bultzatu egin behar dugu». Euskara ikasteko gogoa izatea nahikoa dela azpimarratzen du. «Argi dago hasieran akatsak egingo ditugula, baina horrek balio behar du hobetzeko». MARIVI OLANO
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión