Be oso careful

Normaltasun berrian ·

Zenbaiten ustez pandemiaren kudeaketa jendartea kontrolatzeko esperimentua izan da. Justu kontrakoa pentsatzen duenik ere bada.

Goierri Basque Highlands-etako natibo gisa, azken urteotan gauza inportanteetarako darabilgun hizkuntza baliatuko dut tarteka gaurkoan. (Oharra: egoeraz jabetu gabe dagoenak, bila dezala sarean Rikardo Arregiren 'Basque Adarjotze Center' zutabea eta goza dezala, edo begiratu dezala Basque Naming Obsession Spreadsheet kalkulu-orria, Oier Araolazak sortua, Sustatun kontsultagarri).

Publicidad

Orain dela astebete BECetik, serio eta puntu bat betilun, Iñigo Urkullu lehendakariak Covid-19aren indarberritze-arriskuaz oharrarazteko warning mezua zabaldu zuenean, Erresuma Batua erabili zuen adibide gisa adi ez bagabiltza gerta daitekeena irudikatzen laguntzeko.

Birusa zaldi eroa bezala dabilen beste herrialde batzuekin alderatuta (Urkulluk berak aipatu zuen Errumaniarekin, esaterako, non erabat txertatuta daudenen kopurua ez den %36ra iristen), jendeari abisua eman nahi bazaio Erresuma Batua ez da adibide txarra, pentsa daitekeelako gauzak antzeko samarrak direla han eta hemen, txertaketan 10 puntuko aldea ateratzen badiegu ere.

'Askatasuna' kosta ahala kosta, Ayuso style. 'Askatasuna' gainerako balio guztien gainetik, Abascal style

Handik iristen diren berriak, gainera, -ospitaleak kolapsoaren atarian berriro! eguneko 100.000 positiboetara heltzear! zein azkar hedatzen den AY 4.2 aldaera berria!- aproposak dira birusak zelatan jarraitzen duela gogorarazteko.

Antzekotasunak egon badaude, baina diferentziak ere bai, eta ez makalak. Baliteke hango eta hemengo izakion arteko barne-barneko desberdintasunak ikaragarriak izatea, ez dakit, baina badago diferentzia bat balizkoa ez dena: pandemiaren kudeaketari dagokiona.

Publicidad

Esperimentuak

EAEn datuak muturretik edatetik tanta-kontagailuz jasotzera igaro gara, baina dakiguna nahikoa da jakiteko ez goazela ondo. 20 puntu igo da 14 eguneko intzidentzia metatuaren tasa (56tik 76ra) urriaren 10etik 25era, eta 12 puntu (30 ingurutik 42ra) 7 eguneko tarteari dagokiona.

Tasa hori 11 aldiz handiagoa da Erresuma Batuan, 466koa. Guri baino okerrago doazkie gauzak, arrazoi du lehendakariak. Hobeto dagoen Eskozia 'kontrolatzaileagoa' kenduta, antzera dabiltza Gales eta Ingalaterra, eta datuen bilakaeran bistakoa da uztailaren 19ko 'Freedom Day' haren eragina. Egun hartan Covid-19aren aurkako neurri ia denak bertan behera utzi zituen Johnsonen gobernuak, «talde inmunitateak dena konponduko du»-ren ildotik. Geroztik, dena da «personal responsibility». Oraingoz.

Publicidad

Urriaren 5ean esan zuen Urkullu lehendakariak «etapa berri bati ekingo diogu. Euskadi suspertzeko unea da». Osasun-larrialdi egoera eta LABI bera desaktibatuta, Ingalaterran ez bezala zenbait neurrik indarrean jarraitzen dute, baina Covid-19aren aurkako arma nagusia da herritarrok «zuhurtziari, erantzukizunari, konpromisoari eta espiritu positibo eta eraikitzaileari eustea».

Alde horretatik, has daitezke pixka bat lasaitzen pandemia jendartea kontrolatzeko baliatu dutela -edo propio horretarako fabrikatu dela- uste dutenak, pentsatzekoa baita neurriak malgutu ahala kontrola ere joango dela moteltzen, txiparen baimenarekin betiere.

Publicidad

Itzultzaile estimatuok, saia zaitezte 'libertarian' hitzaren ordain egokiren bat proposatzen

Derrapeak derrape, sinesgarritasun eta fundamentu maila desberdinetan planteatua izan den kontrol sozialaren hipotesiaren inguruan egin dira ekarpen interesgarria. Ez da ordea bakarra. Ustez kontrakoa iradokitzen duena ere zabaldu da.

Britainia Handiaren kasuan, aste honetantxe idatzi du The Guardian egunkariko zutabegile batek Boris Johnsonen 'tory'-en eragozpenik gabeko 'askatasun' zaletasunaren atzean norbanakoen jokaeraren inguruko esperimentu erraldoi (eta hilgarri) bat dagoela, ariketa politiko hutsa.

Publicidad

'Askatasuna' kosta ahala kosta, Ayuso style. 'Askatasuna' gainerako balio guztien gainetik, Abascal style, Konstituzio Auzitegiaren laguntzaz. Caution! Johnsonland eta Urkulluland alde horretatik urrun daudela pentsatzeak baretzen dit pixka bat kezka, baina argi ibili, be oso careful koronabirusarekin ez ezik esperimentuekin eta bestelako mehatxuekin. Eta, itzultzaile estimatuok, saia zaitezte 'libertarian' hitzaren ordain egokia proposatzen. Akaso, tamalez, nahi baino gehiagotan erabili beharko dugu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad