Borrar
Kupel artean. Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta Eli Pagola, Iparragirreko sagardoa dastatzen. JOSÉ MARI LÓPEZ
Bertsolarien «kolejiyuak» bizirik dirau
Txotx garaia

Bertsolarien «kolejiyuak» bizirik dirau

Sagardotegia beti uztartu izan ohi da ondo kantuarekin eta Txirritaren garaitik gauzak asko aldatu badira ere, oraindik upeltegiak toki aproposak dira hitzaren jolasari hegoak zabaltzeko

Gaizka Lasa

Donostia

Domingo, 26 de enero 2025, 01:00

Baserriko ohiturak eta sagarraren kultura batu dituen naturaltasun berak lotu izan ditu historian zehar sagardotegia eta bertsolaritza. Garai batean hitza eta jolasa kantuz modu harrigarrian uztartzen zituzten artista haiek upeltegiak gotorleku bilakatu zituzten. Katea ez da eten eta gaur egun ere txotx garaiari irekiera emateko bertsolariengana jo ohi dute sagardotegi askok egunotan.

Antonio Zavalak idatzi zuelako dakigu 1860 urtekoa dela «Bedeinkatua izan dedilla sagardoaren graziya» esaldiaz hasten den bertso-saila. Horretaz baliatu zen 'Auspoa'-ren aurreneko aleari izenburua jartzeko. Pentsa. Ramon Artola tolosarrak jarria da: «Bedeinkatuba izan dedilla sagardoaren graziya/bai eta ere kupira gabe eraten duben guziya;/erari onek gizon askori ematen dio biziya,/au eran gabe egotia da neretzat penitentziya».

Sagardoaren «graziya» asko aberastu da geroztik, sektoreak eskaintza zabala eraiki baitu orain, baina bertsoak ez du tokirik galdu. Horren lekuko dira Unai Agirre (Hernani, 1975), Aitor Mendiluze (Andoain, 1975) eta Eli Pagola (Ereñotzu, 1995) bertsolariak. Bi ondare kultural hauen arteko ezkontzak irauten duela diote, garaietara egokituta beti ere.

Unai Agirrek badaki zertaz ari den. Hernaniarra izateaz gain, Euskal Sagardoaren jatorri deituraren koordinatzailea da. «Gu umeak ginenean, 13-14 urtekin, bertso eskolako helduekin etortzen ginen astero sagardotegira eta gero bertsotan bukatzen genuen. Beti egon da harremana bertsoa eta sagardotegiaren artean. Orain puntualagoa da. Irekieran edo saio bereziren batean abesten dugu. Lehen, tabernak sagardotegiak zirenez, beti bertsotan ariko ziren».

Eskola ere izan dira upeltegiak bertsolarientzat, Udarregik bere garaian iragarri moduan. Usurbildarrak behin erantzun gogoangarria bota zion Pello Errota kantukideari. Honek saio bat honela hasi zuen: «Berez kupi gaitzala guziyon jabiak/ta eman ditzaigula abillidadiak/orain astera guaz predikadoriak/beñe kolejiyuan ibilli gabiak». Eta hark bueltan halaxe abestu: «Asiera eman du Pello Errotariyak/batek ainbat einkizun badaukagu biyak/aitortuko ditugu publiko egiyak/gure kolejiyuak sagardotegiyak».

Publikoarekin gertutasuna

Hilabete honetan bospasei txotx irekiera ekitalditan parte hartu duen Aitor Mendiluzek baieztatzen du haren tesia. «Urte batzuetan sagardotegiekin hitz egin eta astero etortzen ginen, inori esan gabe. Garaiz samar afaldu eta han hasten ginen bertsotan giroak ematen zuen arte. Eskola handi bat izan zen. Saio antolatu batean arauak jartzen dizkizute, baina han zuk sortu behar dituzu baldintzak eta zuk sortu plaza. Hasi egin behar duzu eta jendea erakarri. Kupela ireki aldiro, jarri ondoan eta saio txiki bat abiatu. Gero bestea handik aurreraxeago. Asko ikasi nuen».

Beste garai batzuk harrapatu ditu Eli Pagolak, baina bere bertso jardunak ere lotura berezia du sagardotegiekin. «Ni ere tarteka afaltzera joandakoa naiz bertso eskolakoekin, baina gehiago dut gogoan Gabonetan, etxez etxe kantuan ibiltzen ginenekoa. Tartean sagardotegi asko baitzeuden. Batetik besterako ibilaldiak pixka bat pentsatzeko ere ematen zuen. Libre horretan zailtzeko leku ona topatu nuen». Udarregiren 'kolejiyua'.

Maisua. Txirrita, bi lagunekin, sagardotegi batean, eserita eta edaria pitxerran duela.

Gaur egun ere toki aproposa da kanturako sagardotegia, «baina ez hainbeste historiagatik», Unai Agirrek dioen bezala. «Leku berezia da, besteak beste gune desberdinak dituelako: komedorea, kupeltegi bat hemen, bestea han... Giro txiki asko sortzen dira». Testuinguru horretan, Aitor Mendiluzek azaltzen duenez, «zuk kudeatzen duzu saioa. Zuk erabaki noiz hasi eta noiz mugitu hara edo hona. Publiko eta bertsolariaren artean harreman estuagoa sortzen da. Zu isildu arte haiek ez dute berriz tragoa edango. Kupeltegiko probaketak eta bertso saioak bat egiten dute. Denbora aurrera joan ahala, selekzio bat ere egiten da, batzuk esertzera joaten baitira». Eli Pagolak gaineratzen duenaren arabera, «espazio txikitan eta mikrofonorik gabe, dinamika propio batzuk sortzen dira».

«Desmadrerako» bideak ere ixten ditu euren jardunak. Mendiluzek dioen moduan, «bertsoak badu trikitixak ez duen patxada edo isiltasuna. Giroa gutxiago aztoratuko da gurea entzun nahi bada. Zaratak gora egiten badu ere, makaldu egin behar du aurrera egingo badugu».

Eskaerak eta erantzunak

Bertsoek ez dute beti estimazio bera izaten. «Gertatu daiteke, gu etorri eta ez asko abestea girorik ez dagoelako. Edo kontrakoa. Uste gabe, luze aritzea», dio Unai Agirrek. Mendiluze ados dago. «Jendearen araberako zerbait da, lekua baino gehiago. Politena ere hori da».

Plazaz plaza ibiltzen diren horiek aurpegi ezaguna izaten dute eta sagardoaren eraginez lotsa ere apaldu egiten denez eskaerak aise erortzen dira. Aitorrek kasu hauetarako bertsolariaren estilo liburuak zer jartzen duen azaltzen digu. «Batzuk kantatzen dizute zuk erantzuteko. Beste askok, besterik gabe, eskatu. Hori asko. Gehiegi. Eskatzen dizunari ez diozu zertan erantzun. Baina kantatzen badizu, bat zor diozu, ondo egin badu behintzat. Gero, norbera zein planean dagoen ere ikusi behar da. Familian bazaude, ez da egokiena kantuan hastea. Gehienetan hori errespetatzen du jendeak».

Bikote. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak hamaika sagardotegiren txotx denboraldiari hasiera eman diote. MICHELENA

Izan ere, Unai Agirrek argitzen duen bezala, «garai batean ez zeukaten beste bilgunerik baina orain edozein tokitan abesten da». Eli Pagolaren ikuspegi garaikideak etorkizunera begira jartzen du sagardotegiaren eta bertsogintzaren arteko zubia. «Noski biak ondo uztartzen direla, baina berdin egin dezakezu saio musikatu bat, edo librean, edo formatu desberdinean. Txotx irekierak oraindik ere betikoaren oso antzekoak ikusten ditugu eta gustatuko litzaidake hori askatzea. Aldatzen ari da sektorea, eta bide hortan ikusi nahiko nuke bertsoa ere».

Honenbestez, Pagolaren ustetan 2025 urtean «sagardozaleak ez du bertsozalea izan beharrik. Eta sagardotegian ez da bertsokera klasikoa bakarrik praktikatu beharrik, Txirritaren garaiko imitazioa eginez. Gauza desberdinak jaso ditzaketen eremuak dira sagardotegiak».

Era batera edo bestera, 'kolejiyuak' bizirik dirau.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Bertsolarien «kolejiyuak» bizirik dirau