Konturatuko zineten honezkero olatuaren gainean nabilenetik porrotak pilatzen noala bata bestearen atzetik. Uhin bakar bat ez dut ondo hartu. Hondora bidali nauen azkena orain dela ... hilabete inauguratu nuen saila izan da, azaltzeko ergelegiak diren arrazoiak medio hirugarrenera heldu baino lehen bertan behera utzi behar izan dudana.
Publicidad
Hala ere, okerrik ez bada jarraituko du gertatzen ari diren gauzei erreparatzen, eta letra xehea arretaz irakurtzen. Gaurko honetan, literalki, hedabideetako atal inportanteen lerroburuetara iritsi ez diren harribitxiak aurkitu baititut Bizi Berri III Planean.
Pandemiaren kudeaketan ekaineraino gidatuko gaituen dokumentuan aurreikusten diren agertokiak, erreferentzia panelak eta horrelakoak letra larriz nabarmendu dira, taula batean isla daitekeen edozerk merezi duen begirunearekin.
Planaren potentzial poetiko eta motibatzaileari ordea ez zaio eman, nire uste apalean, behar bezainbesteko oihartzunik. Aitortu behar dut ez ditudala arreta berberarekin irakurri 65 orrialdeak. Agian horregatik ez dut aurkitu osasun zerbitzuak indartzeko edo hobetzeko neurri zehatzik, ezta konstataziotietatik harago doazen txertaketaren inguruko aipurik ere. Egon egongo dira, ez daukat dudarik. Irakurriko dut dokumentua hitzez hitz astia dudanean.
Publicidad
«Estrategia egokitu egiten da, baina oinarri etikoek iraun egiten dute», dio ekainera arte iraungo duen planak
«Zorrotzena atsegina izan daiteke, eta, itxuraz, ez hain zorrotza, etsaitasun handienaz betea»
Egia esateko, 'Zorroztasuna, erantzunkidetasuna eta enpatia' aldarrikatzen dituen dokumentuaren laburpen exekutiboaren lehen zatian -'Premisa etikoak eta irizpide gidariak'-, zentratu nintzen bereziki, hausnar egiteko asko baitu.
Premisa etikoak, jakina, garrantzitsuak dira kinka gogor honetan. Tranparik ez egitea, gardentasuna bermatzea eta horrelakoak, adibidez. Eta planteamendua ez da berria, aurretik dator. «Estrategia egokitu egiten da, baina oinarri etikoek iraun egiten dute», alegia.
Publicidad
Iraun egiten duten printzipio horiek dira «umiltasuna eta mugen kontzientzia, etengabeko balio positiboaren aitorpena, erantzukizuna eta kontzientzia etiko pertsonala, eta elkartasuna eta giza duintasunaren kontzientzia».
Jo. Maskara ez kentzeko, eskuak etengabe garbitzeko, distantziari eusteko, etxekoak ez besarkatzeko eta lagunekin egoteari uko egiteko gai naiz, baina orain ikusten dut ze gauza gutxi naizen herritar bezala, zein urrun nagoen Bizi Berri IIIk eskatzen duen hiritartasun mailatik. «Etengabeko balio positiboaren aitorpena»-rena irakurri nuenean, hori bai, automatikoki etorri zitzaidan gogora alde negatiboak nabarmentzeko joera -txerto gutxi dauzkagu, ez dira iritsiko, gordetzen joango gara horrek txertaketa atzeratzen badu ere...-, baina gero pentsatu nuen Bizi Berri II jarrera zela hori. IIIra heltzeko garaia da.
Publicidad
Nire jokabideari buruzko juzgu zorrotza apur bat arindu zuen irakurtzeak «ezinegon-sentimenduak orokorrak» direla «gizarte osoan, hemen Euskadin eta planetako edozein txokotan». Hala ere, BBIIIPk ataka zailean jartzen du norbanakoa. «Galdera da ea pertsona guztiok egin dezakegun beste zerbait» dio. Jo. Gehiago? Zorionez, «Bizi Berri III Planak baieztapen batekin erantzuten du: adeitasuna».
Adeitasuna! Horixe da orduan arma sekretua! Hain zuzen ere, «enpatia gizakirik berezienaren eta unibertsalenaren parte da. Ez da bateraezina kritikarekin. Zorrotzena atsegina izan daiteke, eta, itxuraz, ez hain zorrotza, etsaitasun handienaz betea. Zailtasunekiko ulermena eta jarrera solidarioa, sufrimenduekiko enpatia, tratu atsegina eta giro ona eragiten duten eta jarrera eraikitzaileak eta ahalegin kooperatiboak bultzatzen dituzten modu atseginak eskatzen ditu». Hara! Pertsona hobea izateko zenbat aukera galdu ditudan, txikitatik antipatikoa eta zakarra izateagatik.
Publicidad
Baliteke izatea adeitasunaren kontzeptu okerra dudalako. Niri, une honetan, gaixo bati eskutik heltzen dionaren edo txerto bat jartzen duenaren keinua da irudika dezakedan adeitsuena. Edo hainbat profesionalen baldintzarik gabeko aritze saiatu eta ia etsia. Irakurri duzue orain dela egun batzuk egunkari honetan bere kezkak partekatu zituen Felix Zubia Donostia Ospitaleko ZIUko medikuaren 'Gehiago ezin duzunean' artikulua? Sarean dago. Hor bai oinarri etikoak eta galdera zuzenak.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión