Naroa Agirre: «Makina bat kilometro egiten dituzte gurasoek nirekin hara eta hona»
Hamazazpi urteko arroar atzelariak Master Laboral Kutxako finala jokatuko du igande eguerdian Irungo Uranzu frontoian
San Sebastián
Jueves, 1 de abril 2021, 08:23
Naroa Agirrek hamazazpi urte ditu eta gipuzkoar bakarra izango da domeka eguerdiko hamabietan Irungo Uranzu pilotalekuan jokatzekoa den Master Laboral Kutxa txapelketako finalean. Zestoako Arroa Goiko atzelaria gazteena da baita laukotean. Olatz Arrizabalaga lagun duela, Iera Agirreri eta Maite Ruiz de Larramendiri egingo die aurre.
Publicidad
- Nola hasi zinen pilotan?
- Etxeko paretan. Nire lehengusua ibiltzen zen, eta hura imitatuz. Kale-baserrian bizi gara. Bost urte nituela gogoan dut eliz atarian egiten genuela jolas pilotarekin, baita kontzejupean ere autobusaren zain geundela. Arroa Goikoan ez dugu futbolerako kantxarik, frontoia bakarrik.
- Eta lehiaketetan?
- Eskolan. Bi txapelketa antolatzen ziren. Buruz burukoan adin desberdinetako neskak nahastuta lehiatzen ginen. Binakakoan lau neskak osatzen genuen taldea. Zestoakoak ginen laurok. Mutilen aurka ere aritzen ginen. Lehenengoa hirugarren mailan geundela izan genuen eta finalerdietara heldu ginen. Neska haietatik nik bakarrik segitzen dut pilotan. Beste kirol batzuetara joan ziren nire taldekideak.
- Etxean edo familian bada beste pilotaririk?
- Nire amaren osabak jokatzen zuen. Akua auzokoa da. Gurasoak oso pilotazaleak dira eta entzun izan dut beste osaba bat erremontean aritu zela, baina ezin dut hori ziurtatu.
- Zergatik atzelari?
- Gazteagotan aurrelari ibili nintzen. Eskola arteko txapelketak bukatu ondoren, urte bat eman nuen pilotan jokatu gabe. Gero Maddi Unanue azpeitiarrarekin hasi nintzen, aurrelari baita. Baina Emakume Master Cupen aritzeko aldatu eta atzelari geratu naiz. Nahiago dut jokoa hobeto ikusi eta kantxa kontrolatzen delako.
Publicidad
- Non entrenatzen zara?
- Zestoako pilota eskolan, baita anaiarekin ere eta astean behin Bizkaira joaten naiz, Arteagara hain zuzen, Olatz Arrizabalagarekin saioa egitera. Asteazkenetan izaten da. Bizkaiko txapelketa jokatzeko hasi ginen elkarrekin. Gurasoek eramaten naute. Eskerrak pilota gustatzen zaien...
- Zer esaten dizute etxean?
- Pilota dela eta, makina bat kilometro egin dituzte nirekin hara eta hona. Partidetara, entrenamenduetara... Beti sentitu dut etxekoen babesa. Pilotan eta futbolean, bietan, egiten nuen eta hamaika urterekin eskola artekoa bukatu zenean gurasoek garbi hitz egin zidaten. Futbolean lehiaketak eta taldea izango nituela. Pilotan, aldiz, partida gutxi edo batere ez eta bakarrik edo ia bakarrik aritu beharko nintzela. Aukera gutxiago zeudela. Bada pilota aukeratu nuen.
Publicidad
- Final honetara heldu aurretik bi neurketa irabazi dituzu Arrizabalagarekin.
- Lehiaketa hau hasi baino lehen Bizkaiko txapelketa jokatu nuen Olatzekin eta konfiantza hartzeko balio izan digu. Aurretik behin bakarrik jokatuta geunden elkarrekin, Bergaran. Galdu eta kalera joan ginen. Zenbat eta gehiago ibili, hobeto. Master Laboral Kutxa honetako final-laurdenetako kanporaketa uste baino errazago irabazi genuen eta finalaurrekoan disfrutatu egin nuen. Dena ondo atera zitzaigun egun hartan.
- Aurkari zailak dituzue Irunen.
- Bikote oso segurua osatzen dute Iera Agirrek eta Maite Ruiz de Larramendik. Oso desberdinak gara. Gu biziagoak eta teknikoagoak garela esango nuke. Haien dohainetako bat sendotasuna da. Maitek kantxa asko kubritu eta ez du pilotarik entregatzen, ezta kalerik egin ere. Ierak ere badaki nola min egin aurrean.
Publicidad
Fitxa
-
Naroa Agirre Iturriaga Zestoako Arroa Goikoa auzokoa da eta 17 urte ditu. Batxilergoko 2. mailan ikasten du Azpeitian. «Aurten selektibitatea dut», dio.
-
Abantzu Pilota taldeko kide, 1,65 metroko altuera eta 55 kiloko pisua ditu.
-
Finalera heltzeko Arrizabalagak eta Agirrek bi bikoteri irabazi diete: 22-4 Ruiz de Infante-Bergarari eta 22-8 Garai-Orbegozori.
- Tartean Gipuzkoako txapelketako finala ere izan duzu.
- Atzeratu eta atzeratu, azkenean jokatu genuen. Nora Mendizabal nuen lagun. Egurra eman ziguten finalean. Biok atzelariak garenez, aurrelari ere ibili naiz.
- Nola moldatu zara pandemia garaian?
- Ahal den moduan, beste guztiak bezala. Baina ezin naiz kexatu. Talde kirolean ditudan lagunak ni baino okerrago ibili dira. Entrenamenduekin hasi, utzi, berriz hasi... Zeinek esango zuen guk horrenbeste lehiaketa jokatzeko aukera izango genuenik: Plazandreak, Master Cupekoak, Gipuzkoakoa, Bizkaikoa...
Publicidad
«Etxeko paretan hasi nintzen pilotan, lehengusuak egiten zuena imitatuz»
HAsiera
«Gazteagotan aurrelari nintzen, baina nahiago dut atzelari jokoa hobeto ikusten delako»
Kokagunea
«Zestoan aritzen naiz eta Arrizabalagarekin saioa egitera Bizkaira joaten naiz astean behin»
Prestaketa
- Zein pilotari dituzu gogoko?
- Bi aukeratzen ditut. Miren Larrarte eta Beñat Rezusta. Ni baino urte bat zaharragoa da Miren eta kantxan nola moldatzen den gustatzen zait, bere kokapena. Mutiletan, berriz, Beñat. Teknifikazioan berarekin ibili naiz entrenatzen. Pozik hartuko nuke ezker hura... Zartako handiak ematen dizkio. Mutil umila da gainera.
Noticia Patrocinada
- Pilota goxua ala mistoa?
- Mistoa. Joko biziagoa egiteko aukera ematen du. Tantoa azkarrago bukatzen da. Goxoarekin errazago ailegatzen zara pilotara, zailagoa da errematatzea. Ikusteko erakargarriagoa da mistoa.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión