Eta William W. Ellisek baloia hartu zuen
Egiari zor, gaur futbola izenarekin ezagutzen dugun kirola bere hastapenetan zen eta artean, inork gutxik zekizkien ondo eta serio zegozkion arauak
Egunotan barra-barra ari gara errugbiaz berbetan. Alde batetik gauza jakina da Donostiako Reale Arenara bueltatuko dela baloi obalatuaren kirol maiestate handikoa. Izan ere, Frantziako Top 14 izeneko txapelketaren partida arras garrantzitsua jokatuko da bertan martxoaren 25ean. Egun horretan, gureko dugun Aviron Bayonnaisek erronka galanta botako dio gurean horren fama ona duen Pabeko Section Paloiseri. Baionako gurea, gaur, seigarren postuan da sailkapenean; Akitania Berrikoa, berriz, 11garrena da.
Nahiz eta bien arteko aldeak handi samarra eman, biak dira borrokalari finak eta emozioz beteriko partida eskainiko digutela jakin badakigu.
Alta, martxoko partida hori kasik hil ala biziko afera suertatuko den beste baten ataria izango dugu. 2024ko ekainean, Anoetako inguruetan, Belodromotik, Gasca kiroldegitik (Bera Berako neskek jokatzen dituzte bertan beren partidarik behin-betikoenak), Txuri Urdinetik eta Arte Martzialetako Zentrotik hain hurbil dagoen estadioan, Frantziako Ligaren final erdietako irabazleak aldarrikatuko dira, igualik izango ez duten klase goreneko bi norgehiagoketan.
Bai, errugbiaz ari gara hizketan etenik gabe egunotan zaleok. Ez ahaztu urria bukatzear zela, Hegoafrikako Springboks-ek munduko koroa bereganatu zutela Zeelanda Berriko Selekzioaren kontra, epikaz gainezka izan zen partida batean.
Martxoaren 25ean Frantziako Top 14ko Aviron Bayonnais - Section Paloise izango dugu eta ekainean ere itzuliko da errugbia
Ez izan dudarik, inondik inora ez, errugbia maite dugunok seko gozatu dugu azken-hirugarren, azken-aurreko eta oraindik bukatu ez diren azken ordu hauetan. Pedro Sanchezen inbestidura-ekitaldian barne! Bai horixe, zin degizuet. Ez al duzue ba gogoan? EAJko Aitor Esteban, bere alderdiko botoak PSOEko buruzagiari eskaini zionean, errugbiaz mintzo zitzaion! Gehiago jakin nahi izatera, errepasatu ostiralean argitaratu ziren parlamentu-kronika ugari eta hantxe ikusiko, leituko, 'mele-erdia', 'maul', 'ruck', 'Garyowen' eta antzeko metaforak, gutako makina batek ulertzen eta maitatzen ditugun hitz sorta ederra.
Hitz egin da bai barra-barra errugbiaz egunotan. Izan ere data seinalatuak dira hauexek zaletuontzat; kondairaren arabera, duela bi mendetako azaroan, Ingalaterrako Warvick konderrian den Rugby izeneko ikastetxean (Rugby Schoolen, alegia) William W. Elis ikasleak eskuekin hartu zuen, printzipioz, oinekin jolastu behar zuen baloia. Nola, nolatan, zertaz ote naizen?
Egiari zor, gaur futbola izenarekin ezagutzen dugun kirola bere hastapenetan zen eta artean, inork gutxik zekizkien ondo eta serio zegozkion arauak. Ez da harritzekoa beraz Williamek, emozio biziak hartua, baloia eskuekin harrapatu izana. Ez zekien berak momentu hartantxe errugbia sortzen ari zenik.
Ikerketa batek ere ez du horren froga zehatzik ematen eta Webb Elisen izena ez da kasik inon agertzen. Ez du, ostera, inolako inportarik. Springboksek altxatu berri duten munduko Kopak bere izena darama eta azaroa amaitu arte ospakizunetan gaude zaletuok, planeta zeharkatzen duten festetan.
Beraz, hala ez bazen ere, ipuinek diotena… sar dadila kalabazan! Baloi obalatu baten itxura izan behar duen kalabazan. Izan ere, gaztainekin batera, kalabaza da hilabete honetako ikur naturakoa.