Euskal zinemak bere burua aitortu, saritu, maitatu zuen
Mukuru. Lepo. Izarrez, egileez, teknikariez, ekoizleez egin zuen gainezka atzo Victoria Eugenia antzokiak. Izarok kantatu zuen eta jendeak txaloz bildu Txema Areizagaren emazte eta alabaren emozioa
Kantatu zuen Izarok gala hasi orduko. Kantatu zuen festa bukatzear zela eta Alberto Gastesiren 'Gelditasuna ekaitzean' estreinatzear. Kantatu zuen, gozo oihukatuz, «Udako ilargi beroetan itxaron zaitzaket Madisonen zubietan». Bukatu zuen aitortuz «Zure faltaren mina». Falta hori sumatzen dute lagunek eta kideek Txema Areizaga joan zenetik azaroaren egun batean, bihotzekoak jota. Zinema argiketari markaz fuerako zen, berrehun ikus-entzunezko abenturetan ibilia. Oroimenez, falta, hutsune hori betetzearren , euskal zinemaren munduak bere errekuerdoari eskaini zion aurtengo Zinemira saria. Eva eta Maitane, bere emakumeak, tauletara igo zirenean, jendeak txalo jo zuen. Fuerte eta amoroski, 'Txoria txori' abestia kasik estaliz.
Euskal Zinemaren galara jendetza hurbildu zen. Instituzio guztietako ordezkariak, EITBkoak, Donostiakoak, Gipuzkoakoak, Euskadikoak. Arrimatu ziren, oraindik oraina den iragan hurbileko izar lehenbizikoak: Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre. Hantxe ziren gaur egungoak. Tauletan, aurkezle jostalari moduan, Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola. Bai Telmo Esnali bai Asier Altunari, bai Moriarti kuadrilla osatzen duten Garaño, Arregi eta Goenagari lan eske jardun zuten. Eta gidoirik onenaren saria emateko han ziren Itziar Aizpururi eta Joseba Usabiagari lana nola lortzeko aholkurik erreguka.
Hortxe biharko euskal zinemaren ardura bere egingo duten batzuk.'Gelditasuna ekaitzean' baita, kasu, sortu duten askoren lehenbiziko lana. Zuzendariaren estreinako luzea, fisika kuantikoa, baleak eta amodioa uztartzen ausartzen saiatzen dena.
Noticia Relacionada
Lo mejor del cine vasco se pasea por la alfombra roja del Zinemaldia
Aitziberrek eta Jonek esanda, euskal zinemaren loraldia ikusterakoan «inbidia sentitzen da. Baina ez inbidia sanoa, bestea baizik, 'normala». Hala izan behar, bai. gala aurretiko koktelean, aurkeztu baitziren Zineuskadiko egoitzan ez bakarrik Zinemaldian diren euskal filmak baizik eta Sitgesen eta Donostiako Beldurreko Astean izango den Paul Urkijoren 'Irati'gehi Gijonekoan parte hartuko duen Iratxe Fresnedaren 'Tetuan'.
Bai galaren aurretiko koktelean, bai Victoria Eugenian bai 'Gelditasuna ekaitzean' bukatu ondoko festan izan ziren 'Balenciaga' filmatzen ari diren ia guztiak. Alta, ez Tabakalerako koktelean ez antzokiaren marmolezko eskaileretan ez zen ikusi Getariako jostunak sorturiko jantzirik.
Euskara izan zen, nola bestela, galaren hizkuntza. Azpitituluak izan baziren. 'Goratituluak' esan behar, ordea, agertokiaren alturetan ziren eta zintzilik. Euskaraz mintzo zen inkluso Mikel Gurrearekin batera 'Suro' filmaren gidoia idatzi zuen Francisco Kosterlitz argentinarra. Sail Nagusian den lan horrek jaso zuen, hain zuzen, Euskal Gidoigileen Elkarteak, SGAEko delegazioaren laguntzaz, erabakitako ikurra. Trufaz, hitz jokoetan ibili ziren, gala guztietan derrigor den gisan, ikasketez abokatua den 'Erlauntzaren' Aitziber eta 'Barra Libre' sariketaren aurkezle Urretxukoa. Endredatu zituzten gonbidatuak hainbat eta hainbat arbolen izenekin eta ederki saldu euren dohainak besaulkietan zein palkoetan ziren ekoizle mordoari.
Gastesiren 'Gelditasuna ekaitzean', zuribeltzean eta ezohiko formatoan eginak, izan zuen nazioarteko estreinaldia
Kanpoan, alfonbra jasangarriaren bi aldeetan, jendetza. Autografoak nahi zituzten. Argazkiak Euskal Zinemaren izarren ondoan. Barruan, 'Hirugarren koadernoa' Zabaltegin aurkeztu berri zuen Lur Olaizola. Bertan, samurtasun mindu batez irakurtzen dituzte berak eta Ana Torrentek, 'Yoyes'ek Mexikon idatziriko hainbat eta hainbat gogoeta. Kasualitatez (edo ez), Victoria Eugenian zen ere Maria Dolores Gonzalez Katarainen istorio krudelak estreinakoz kontatu zituen zinemagilea, Helena Taberna, hots. Balkoietan zinemazale ugari. Bermeotik ere etorriak. Palkoetan, izarren eta egileen senideak. Gurean ere, artistek badituzte guraso emozionatuak. Esaterako, Gastesirekin batera, esaldiz esaldi, hitzez hitz, kasik letraz letraz eta, seguru, odolez zein malkoz euren filma idatzi zuen Alex Merinok. Hortxe zebilkion, elegante, aita.
Euskal Zinemagintzak beste lurretan sortzen du, bai, inbidia. Sanoa? Ez , bestea, 'normala'. Froga bezala, Kimuak katalogoaren presentzia mundiala munduan. Bertan, nola ez, Estibaliz Urresola Solagurenen 'Cuerdas'. Pantailan ordea, atzo, Izaskun Arandiaren 'My way out' printza batzuk. Gaur du estreinaldia. Principen.