25.000 arigunetik gora sortu dituzte entitate ezberdinek Euskal Herri osoan
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketaren bigarren edizioa; guztira 421 udalerritan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Izen-ematea zabalik dago
DV
Donostia
Martes, 20 de octubre 2020, 14:11
Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu dituzte Euskaraldian zehar lasai egin ahal izateko euskaraz. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketaren bigarren edizioa, eta xehetasunak aurkezteko elkartu dira erakunde antolatzaileen ordezkariak Baionako Herriko Etxean. Gogora ekarri dute ekimenaren izen-ematea martxan da ekimenaren webgunean bertan, herrietako batzordeek jarriko dituzten informazio gune eta mahaietan eta jadanik eskuragarri dagoen telefono aplikazioan.
Publicidad
Euskaraldiaren helburuak gogora ekarri dituzte bertaratutako ordezkariek: parte hartzaileen hizkuntza ohiturak astintzea eta euskararen erabilera handitzea, hain zuzen ere. Bigarrenez egingo den ariketak gainera, 15 eguneko iraupena izango duela gogora ekarri eta milaka herritarrek 'ahobizi' edo 'belarriprest' roletan aritzeko aukera izango dutela aipatu dute.
Agerraldian hitza hartu dute Jean-René Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak, Antton Curutcharry Euskal Elkargoko lehendakariorde eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Amets Lahetlujan Euskal Konfederazioko ordezkariak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
Ipar Euskal Herriko erakundeetako ordezkariek Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan Euskaraldiaren bigarren edizioa izaten ari den zabalkundea azpimarratu dute. Aurtengo edizioan berrikuntza izan den ariguneen sorrerak Euskaraldiari aukera berriak zabaldu dizkiola aipatu dute, eta kanpo ariguneen bidez euskarak Ipar Euskal Herriko kaleetan presentzia handiagoa izan ahalko duela nabarmendu dute.
Euskal Herriko gainontzeko lurraldetan bezala, irailaren 24an abiatu zen herritarrek 'ahobizi' edo 'belarriprest' modura izena emateko aldia. Azaroaren 19rarte zabalik egongo den epe horretan bi rol hauetako bat aukeratu ahal izango dute partaideek. 'Belarriprest'-ak, beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzen dutenak dira, euskara ulertzen dute eta beraiekin euskaraz aritzea nahi dute. Ulertzen duten guztiekin ez dute uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi duten guztietan egingo dute.
Publicidad
'Ahobizi'-ek, bestalde, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute. Euskaraz ulertzen ote duten ez dakienean lehen hitza, beti, euskaraz izango da; mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dute beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da, jokaerak definitzen du rola, alegia.
Milaka arigune
Bi datu nabarmendu dituzte Euskaraldiaren antolatzaileek orain arteko prozesuan. Batetik, 2018an egin zen lehen edizioan baino udalerri gehiagotan egingo dela aurtengo Euskaraldia. Guztira 421 udalerritan osatu dira Euskaraldia batzordeak eta horietan guztietan parte hartu ahal izango dute herritarrek ariketan.
Publicidad
Bestetik, aurtengo edizioko berrikuntza nagusia den ariguneei dagokienez (euskaraz lasai aritzeko entitate ezberdinek sortutako espazioak dira ariguneak), Euskal Herri osoan zehar 25.000 arigune baino gehiago sortu direla azpimarratu dute antolatzaileek. Guztira 6.737 entitatek lurralde ezberdinetan dituzten 8.174 egoitzetan 25.091 arigune sortzeko prozesua abiatu dutela azaldu dute Euskaraldiaren koordinazio mahaiko kideek. Ariguneen banaketa berriz nahiko parekatua izan da: %52 izango da barne arigunea eta %48 kanpo arigunea. Entitateei dagokionez, era guztietako enpresa, saltoki, erakunde eta elkarteak izan dira ariguneak sortu dituztenak.
Udalerri eta arigune kopuruaren datuak oso ondo baloratu dituzte antolatzaileek. Izan ere, COVID-19 koronabirusak eragindako egoeran oso zaila izan da herrietan batzordeak martxan jarri eta entitateekin lana egitea.
Publicidad
Lehen datuak
Izen-ematea hazten ari dela nabarmendu dute agerraldian, eta hurrengo asteotan ezagutaraziko dituztela horien inguruko lehen datuak. Hala ere, agerraldia baliatu dute antolatzaileek jadanik izena eman duten guztiei ingurukoak ere parte hartzera animatu ditzaten eskatzeko.
Parte hartzeko baldintzak aurreko edizioko berdinak izango dira. Euskaraldian 16 urtetik gorakoek izena eman dezakete, helduen hizkuntza ohitura eta portaeretan eragitea baitu helburu ekimenak. Euskara ulertzeko gaitasuna gutxienez izan behar dute partaideek, baina hortik aurrera, bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena. Modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman nahi dituzten lagunek 15 egunetan bete nahi duten rola erabaki eta izena eman ahal izango dute, azaroaren 20tik abenduaren 4ra dagokien rolaren txapa jantzita.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión