Eskolatik Plazara ekimena, 'Hitzetik Hortzera' saioan
Eskolarteko Txapelketako finalistekin eta plazatan dabiltzan bertsolariekin antolatutako saioetan jarriko du fokua saioak
Sábado, 27 de febrero 2021, 09:14
Iazko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa amaitu gabe geratu zen pandemiaren ondorioz, eta, hori dela eta, finalistak eta plazan dabiltzan bertsolari nagusiagoak elkartuta saio bereziak antolatu dira. Saio horietako bertsoaldiak eta bizipenak ezagutuko dituzte aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioan.
Publicidad
Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak hiru saio antolatu dituzte elkarlanean urte hasiera honetan: Gernika-Lumon, Iruñean eta Altzon. Esan bezala, iazko Eskolarteko finalista gazteek gaur egun plazaz plaza dabiltzan bertsolari arituagoekin kantatzeko aukera izan dute.
Aurreneko saioan, Irune Basagoiti, Leire Vargas eta Naia Arrizabalaga gazteekin batera, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan. Bigarren saioan, Iruñekoan, Aitor Ugarteren, Bittori Elizalderen, Ekhiñe Zapiainen eta Eukene De Los Airesen txanda izan zen, eta horiekin batera Alaia Martin eta Julio Soto aritu ziren. Azken saioa Altzon izan zen, eta kasu honetan, Aner Peritz, Haira Aizpurua eta Irantzu Idoate izan ziren protagonistak, Maialen Lujanbiorekin eta Nerea Ibarzabalekin batera.
Horrez gain, Eskolarteko txapelketak antolatzen urte luzez aritu diren Juanjo Respaldizarekin eta Mikel Mendizabalekin elkartuko dira. Urte hauetan zehar, milaka bat-bateko zein idatzizko bertso berri entzun dituzte gaztetxoen ahotik, eta zer kontatua izango dute gaztetxoen eta eskolartekoen inguruan.
Bestalde, aste honetan Leire Garatxena Gernikako Lilibertso bertso-eskolako kidearen 'Bertsoaldi kuttuna' ezagutuko dute. Txapelketa Nagusiko bertsoaldi bat ekarriko dute gogora berarekin; hain zuzen ere, Sustrai Colinak 2013ko txapelketan Maule-Lextarren kantatutakoa. Hitzetik Hortzera larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan dago ikusgai ETB1en.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión