Herritarren ekarpenak jaso ziren 'call center'-a. eitb media

EITB Maratoiak 608.294 euro bildu ditu esklerosi anizkoitzaren ikerketarako

Viernes, 16 de diciembre 2022, 14:18

2022eko EITB Maratoiak 608.294 euro bildu ditu esklerosi anizkoitza ikertzeko. Esklerosi anizkoitza izan da, hain zuzen ere, EITBk bere hogeita hirugarren maratoi solidariorako aukeratu duen gaia, Geldiezinak gara lelopean. Euskal gizartearen proiektu solidario bihurtuta, beste behin ere elkartasun egun handia bizi izan du EITB Maratoiak abenduaren 15 honetan. EITBk bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie kausa honekin bat egin duten guztiei, egindako ekarpen eta ahaleginagatik.

Publicidad

Osteguneko elkartasun egun handian zehar diru-laguntzak batzeko ahalegin berezia egin zuten EITBko hedabide guztiek (Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta eitb.eus). 160 aurpegi ezagun inguruk EITB Maratoiarekin bat egin zuten eta 900 840 750 doako telefonoa hartzen aritu ziren Bilboko egoitzako Multibox aretoan kokatutako dei-gunean. Telefono horretan, eitb.eus-en bidez eta Caixabank, Laboral Kutxa eta Kutxabankeko kontuetan ere jaso ziren ekarpenak. Baita Bizum bitartez ere (33478). Oraindik kopuruak gora egin dezake, larunbatera arte (22:00ak arte) telefonoa zabalik egongo baita; gainera otsailaren bukaera arte egongo da aukera esklerosi anizkoitza ikertzeko ekarpenak online. Kontu korronte bidez eta Bizum bitartez egiteko.

Euskal gizarteak elkartasuna adierazi nahi izan du beste behin ere, eta aurten esklerosi anizkoitzaren aurkako borroka izan da kausa, #BustitzenNaiz komunikazio kanpainarekin. Hala, aste hauetan zehar, EITB Maratoiaren webguneak hainbat hainbat bideo jaso ditu, Gatiburen «Euritan Dantzan» abestiaren doinuekin ikerketaren alde bustitzen. Asko eta askotarikoak izan dira jasotako ekarpenak ere: partikularrak, familiak, enpresak, langileak, elkarteak, erakundeak.. EITB Maratoiaren kanpainarekin bat egin duten erakunde, elkarte eta enpresen laguntza eskertu nahi du EITBk: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, Ampo, Arin Innovation, Caixabank, Euskadiko Parke Teknologikoak, Fagor, Irizar, Laboral Kutxa, Metro Bilbao, Mondragon Unibertsitatea, Smurfit Kappa, Versia eta Vital Fundazioa.

Laguntza deialdia

Behin diru-bilketa itxita, BIOEFek ikerketa proiektuak finantzatzeko laguntza deialdi bat argitaratzen du. Proiektu zehatzen eskaerak jasotzen dira, eta kanpoko adituek zorrotz ebaluatzen dituzte, kalitate zientifiko-teknikoa aztertuz; finantzatzeko egokitzat jotzen direnean, epaimahai batek interes zientifiko handieneko eta aplikagarritasun handieneko proiektuak aukeratzen ditu. Zientzialariekin, Osakidetzako medikuekin eta Osasun Saileko kideekin batera, gaixoen elkarteetako  kideek ere parte hartu ohi dute epaimahai horretan. Hiru urteko iraupena duten proiektuak izan ohi dira eta Euskadiko ikerketa-zentro desberdinek egin ohi dituzte.

EITB Maratoiak 20 urte baino gehiago daramatza euskal gizarteari gehien eragiten dioten gaitzak landu eta hauen ikerkuntza bultzatuz. Euskal gizartearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker, orain arte bildu diren 6,4 milioi euroak minbizia (haurrena, biriketakoa eta bularrekoa, besteak beste), iktusa, gaixotasun neurodegeneratiboak, gaixotasun kardiobaskularrak, alzheimerra, autismoa, adimen urritasuna, buruko gaitzak, hartutako kalte zerebrala, transplanteak eta gaixotasun arraroak ikertzeko 111 proiektu finantzatzeko erabili dira, besteak beste. Aurreikuspenen arabera, hilbate honen bukaeran jakingo da alzheimerren arloko zein ikerketa-proiektuak finantzatzeko bideratuko den 2021eko EITB Maratoian bildutakoa. BIOEF Berrikuntza Ikerketa Osasuna Eusko Fundazioa Euskadiko sektore publikoaren fundazio bat da eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sortu zuen 2002an.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad