«Euskararen trataera oso errealista egiten du ‘Handia’-k»

Hizkuntzari lotutako profesionalek pozez hartu dute Moriarti etxeak ekoiztutako filmaren arrakasta

Andres Urrutia. /EFE
Andres Urrutia. / EFE
IDOIA DÁVILA UZKUDUN

Inoiz egin den euskarazko film arrakastatsuena da dagoeneko ‘Handia’, eta larunbatean irabazitako hamar Goya sariak direla eta, «eskerrik asko» ugari en-#tzun zituzten Madrid Marriott Auditorium Hoteleko gonbidatuek, eta baita gala etxetik jarraitu zutenek ere.

Izan ere, euskarak ere goi mailako kultura-adierazpenak egiteko balio izan dezakeela erakutsi du Aitor Arregi eta Jon Garañoren filmak, hala iritzi dio behintzat Castillo Suarezek. Idazlearen ustez, gainera, istorio «unibertsal» bat kontatzea lortzen da euskararen bitartez, «bere balio nagusia ez da euskalduna izatea, bazterrean daudenei buruzko istorio bat erakustea baizik». Hizkuntza gutxituak «subgeneroekin» lotzen direla uste du Suarezek, eta pentsaera horrekin apurtzen du ‘Handia’-k. Lortutako sariek, gainera, zilegitasuna ematen diote bai egileari eta bai hizkuntzari, eta euskaraz egin daitezkeen «hurrengo proiektuetarako baliagarria da horrelako sariketa bat».

Agurtzane Intxaurraga antzerkigileak ere positibotzat hartzen du filma izaten ari den oihartzuna, eta hizkuntza munduan zabalduko duela uste du: «’Handia’-k lagunduko du euskara handia egiten». Aitor Mendiluze bertsolariaren iri-tziz, ordea, «barrura begira» egiten dute Goya sariek mesede gehien, «gurea gutxiestera jotzen baitugu askotan, eta hemen ere gauza onak baditugula erakusten du». Espainian edo munduan zehar jaso dezakeen oniritzia baino gehiago Euskal Herrian bertan hizkuntzaren normalizazioan izan dezakeen eragina baloratzen du Mendiluzek; «beste hizkuntzetara jotzen dugu» kultura sortzeko eta kontsumi-#tzeko, «baina euskaraz ere badaude gauza onak eta kalitatezkoak», eta hori erakutsi du ‘Handia’-k.

Euskara naturala

Moriartiko lagunek «euskara organikoa» nahi izaten dute beren pelikuletan. Hau da, euskara malgua, kontatzen den istoriora egokitutako hizkera. ‘Handia’-ren kasuan, Kike Amonarriz izan zuten aholkulari; honek eman zien azken ukitua gidoiko elkarrizketei, Altzoko hizkeratik gehiegi urrundu ez zitezen.

«Orduko hizkuntz egoeraren trataera oso errealista» lortu dutela uste du Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Garbi ikusten da herriaren hizkuntza euskara zela, baina bazegoela egoera diglosiko garbi bat ere. Jendeak ez zeukan erraza gaztelania ikasteko, ez zegoen irakaskun-#tza sistema egokirik, eta ‘Handia’-n ikusten da: anaietako batek gerran ikasten du erdaraz, besteak egurraren bidez».

Adolfo Arejita euskaltzaina ere iritzi berekoa da: «euskara modu naturalean txertatzen da testuinguruan, beste hainbat hizkuntzarekin batera, eta komunikazio hizkuntza bezala erakusten da». Euskararen normalizazioaren aldeko ahalegina egiten du filmak, baina erregistroari dagokionez, euskara kolokiala erabiltzen da, eta euskaldun askok ulertzeko zailtasunak izan dituztela dio Arejitak: «azpidatziak mesedegarri izango lirateke, filmak ikuslego zabalagoa izan dezan».

Dena den, orokorrean «proiekzio garrantzitsua» lortu duela iritzi dio euskaltzainak, eta Moriartikoek ‘Handia’-rekin lortu duten urratsa «bultzada inportantea da euskararentzat eta euskal komunitatearen-#tzat».

Ordainpeko plataforma batean ikusgai

Ostiraletik aurrera, ‘Handia’ ikusgai egongo da ordainpeko plataforma batean. Filmin izango da oraindik zenbait zinema aretotan ikus daitekeen pelikula pantaila txikietara emango duen aurrena.

100.000 ikusle asko dira euskarazko film batentzat, eta muga hori gainditu du, beste zenbait langa bezala, ‘Handia’-k. Hala ere, tarte izugarri handia du oraindik ikusle kopurua handitzeko. Donostian, esate baterako, etenik gabe egon da ikusgai iazko urriaren 20an estreinatu zenetik. Une honetan Antiguo Berri zinemetan ikus daiteke. Irungo karteldegian ere badago, Mendibil zinema aretoetan.

Pantaila txikietan ere berehala ikusi ahal izango da, Filmin-i esker, hain zuzen ere. Ekoizpen independenteetan espezializatuta dago 2008an zinemaren industriari lotutako zenbait enpresak (beste zenbaiten artean El Deseo, Golem, Tornasol, Vértigo Films, Alta Films...) sortutako plataforma hau.

 

Fotos

Vídeos