Borrar
Orraziaren haize denean

Orraziaren haize denean

Idazle beasaindarrak Chillidaren eskulturen formetan hartzen du inspirazioa sinbolismoz beteriko testu bat eskaintzeko eta literatura eta artearen arteko lotura hitzez ehuntzeko.

Astelehena, 8 urtarrila 2024, 11:59

Comenta

Eduardo. Baloia biribila zen. Esfera bat. Izan zitekeen karratua. Kubo bat. Baloia besarkada zen. Izan zitekeen zulo bat besarkadan.

Altzairua. Ikusteko begiak itxi. Iluntasunak argi arrakalak izaten ditu altzairua gertu denean. Hor hatza sartuz gero, zurruna urtu egiten da. Eta harrapa egin zaitzake: altzairuak zure baitan. Edonora joateko ahaleginean arrastaka eramango duzu zure itzala, zure itzalaren pisua eta zure itzalaren pisuaren zuloa. Hor, altzairuan argiak arrakala sortzen duen tokian, mundu laukiak kabitzen dira.

Mundu laukietan dena da mundu eta dena da lauki. Ezerezaren itxura duen espazioak buruz behera ematen ditu pausoak. Zurruna da esperoa eta hotza. Eta, hala ere, altzairuak badu ukitzen duenaren larrua eta azala berotara urtzeko zer berezi bat. Altzairuak badu hotzikara eragiten duen zakartasun itsaskor bat. Zapore hori, mingainaren punta erretzen duena. Altzairua da odola.

Haizea. Bultza egiten dio. Ezer ez dagoen tokian dagoen hustasun arrakalatuari bultza egiten dio. Haizeak. Korapiloka itsasoratzen da eta korapiloka lainotzen ditu zipriztinak. Haizeak. Putz egitea ez da barrua kanpora botatzea eta kitto. Putz egin eta kanpoan dagoena kanporatu egiten du. Haizeak. Kuku-jolasean aritzen da bere burua ezkutatzeko ezinezko tokien bila. Haizea txoko txiki estuetan ezkutatzen da eta auskalo nork auskalo zein momentutan auskalo nola harrapatzen duenean, gerria estutzen dio. Itsasoari. Haizea ur putzu erraldoi bat da, eta bere burua ito egingo dela uste duenean ahoa zabaltzen du.

Haizea da ilea. Haizea da ezkutaleku bat, esku ikusezinekin malabareak egiten dituena. Eta zirriak. Horrela sortzen ditu hotzikarak bizkarrean gora. Haizeak. Eta eskuak gora egiten du bizitza lausotu ez dadin. Zer egingo genuke, bestela, horrenbeste zirriborrorekin. Bizitzak betaurrekorik gabeko begietan itsasoak behar ditu. Gatzik gabeak.

Igeri egiteko flotagailua da haizea. Helduleku bat bizitzari.

Orrazia. Urrezkoa da Marirena. Eguzkia du tripetan eta adatsak luze eramaten ditu infinituraino. Ordena da orrazia. Erorketa librea. Azpimarratzea, gogoratzea, errepikatzea. Ertza da orrazia. Kurbadura kaotikoa. Ziztada, birkokatzea.

Burua orrazten da. Eta azala. Hezurrak orrazten dira eta munduari begiratzeko moduak. Hauskortasuna orraztea gorantza erortzea da, izara bat ezartzea arima puskak biltzeko. Batzuetan elurra ari du ilean. Eta urak badaki itsasoak ihes egiten badio, zain izango duela beti suzko bola hori. Marik orrazi bihurtua duena. Urrezkoa. Eta altzairuzkoa. Besoak barruratz biltzen dituena.

Haizearen orrazia. Hasperenak zintzilik daude. Bustita. Kolpeka egiten du bustiak eraso, eta alferrik da bizitzaren handitasunari belauniko makur egitea. Altzairuzko hiru besarkada. Itsasoak beti orain egiten du salto. Urrutira begiratu beharrik ez dago haizeak, ile solte, bere baitan kanporantz gordetzen duen askatasuna ulertzeko. Begi keinu bat, korapilo bat da hiru zatitan hautsia. Berregituratua.

bat jolasean aritu nahi duenarentzat. Galduko ez diren piezen zurruntasun hilezkorra iltzatuko duena infinituaren itsasmugan. Hemen. Eta orain. Ile apaintzailearen kronikan.

Chillida. Eskultura elkarrizketa da. Solasa. Galdera. Bizitzari muzin egin beharrik gabe, hiltzen jakitea. Egon beharrik gabe, izatea da eskultura. Gelditzen den arrastoa, behe-lainoari putz egin eta puxikak aireratzea.

Guk ere asmatuko dugu, gerria oker, gerria plastilinazko, beso-lauki, gorputza kubo, eskultura izaten. Gu ere bagara zulo eta besarkada. Gu ere esertzen gara itsasoak existentzia astintzen duen tokian. Amildegiaren ertzik arriskutsuenean.

Itsasoaren gainean eseriko gara bestela. Aurpegiari zaprasta utziko diogu begien magian izerdia berrantolatzen. Eta irudikatuko dugu zure sortzeko gaitasunak ate bat duela, aldaba bat, eta kobazuloa. Irudikatuko dugu argiaren jolas ironikoetan ertz zorrotzen ziztada bihotzeraino sartuko dela. Eta baduela eskultura forma.

Begiak itxita. Eskua luze. Agian sortuko zaizkigu zalantzak, baina beti itzuli ahalko gara zure itsasgoren altzora. Eta gozatzen jarraituko dugu denborarik existitzen ez den espazio horietan. Beti itzuliko gara zugana.

Explora el universo Chillida

Créditos

  • Texto Mitxel Ezquiaga, Alberto Moyano y Verónica Melo

  • Narrativa visual y diseño Izania Ollo y Maider Calvo

  • Desarrollo Gorka Sánchez

  • Edición Jesús Falcón

  • Material audiovisual Chillida Leku, archivo Eduardo Chillida, Fundación Maeght y Susana Chillida

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Orraziaren haize denean