Borrar
Antton Valverde, Okendo plazan elkarrizketa egin aurretik. Arizmendi
Antton Valverde | 2025eko Adarra Saria

«Zorte handikoa naiz, Xabier Lete eta Anjel Lertxundiren babes intelektuala izan dut musikan»

Victoria Eugenian, etxean, jasoko du omenaldia eta ostean eskainiko kontzertua, poetak ardatz izango dituen emanaldia

Jon Agirre

Donostia

Sábado, 21 de junio 2025, 07:51

Euskal kantagintzan eragina izan duten musikariak asko dira eta zerrenda osatzeak ziur ika-mika piztuko lukeela. Kontsentsuko izenetako bat, ziur, Antton Valverde (Donostia, 1943) besteak beste «herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik». Gaur jasoko du 2025eko Adarra Saria Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik. Ostean eskainiko du kontzertua. Oraindik sarrerak.

–Saria jasoko zenuela jakinarazi zenetik igaro da bolada bat. Nola asentatu duzu albistea?

–Egia esan, espero ez nuena izan zen. Eta ez hau bakarrik, duela pare bat urte Oarsoaldeako saria ere eman zidaten eta hura ere ez nuen batere espero, inondik ere. Zertxobait harrituta geratu naiz, baina kontent, egia esan behar badut. Oso kontent. Azken hau Donostitik datorrenez ez dut inportanteago esan nahi, baina hunkigarriagoa bai.

–Arrakasta etxean lortzea beti da bereziagoa. Eta Adarra Sariak ere badu bere entitatea, bere ibilbidea.

–Sari oro estimatzen dut nik, Sabino Arana Fundazioak emandakoa edo Oarsoaldeakoa ere, noski. Hau espeziala da.

–2013an '3L' aurkeztean esan zenuen «beti ibili behar da zerbait berriaren bila», zure ibilbidean konstantea izan dena, eta saria atzera begirakoa da. Badu ironiatik.

–Bai, arrazoi pixka bat baduzu. Berriaren bila... Laguntzak egiterakoan, piano laguntzak eta bestelakoak, beti dago eboluzio bat. Hasierako musika laguntzak eta egungoak oso ezberdinak dira, baina zerbait bilatzearen hori hor natural doa, nahigabe ateratzen da. Bestetik, testutan ere, zein testu aurkitzen dituzun. Hasieran batez ere kanta zaharrekin hasi nintzen. Bazen berriren bat, baina gutxi. Gero bertso zaharrekin egin nuen eta egun, gehienbat, poeta berrien eta hauen obren bila aritzen naiz.

–Bertso zaharrak aipatuta, egin duzun lanik handienetakoa dibulgazioan izan da. Lauaxeta edo Lizardi ezagunak izango ziren, obrak ez hainbeste. Edo ez orain bezain ezagun.

–Bueno... Poesia musikaren laguntzaz askoz ere hobeto sartzen da, errazago da ikasteko eta ulertzeko edo dastatzeko. Laguntza handia ematen du musikak. Julian Lekuona eta Xabier Leterekin bertso zaharrekin egin genituen bi disko horiek, Txirritaren bertsoak zituena, horiek Ikastoletan entzun dira mila aldiz. Hori bada dibulgazio pixka bat. Eta bestetik, batez ere, Lauaxaetarekin. Garaikideekin oso ezaguna zen, baina geroko jendean ez Frankismoan deabrua zelako. Jende gazte gehienak ez zuen ezagutzen eta bai, egin dut. Lizardirekin ez naiz bakarra izan, gehiagok ere egin dute. Hori nahi nuen egin eta harro nago.

Pianoa

«Ez dakit Xabierren [Lete] edo nire burutazioa izan zen, ordura arte beti gitarrarekin. Hura deskubrimendua!»

–Egun kolaborazioak ohikoagoak dira, zuek hasterakoan ez hainbeste. Hor ere ireki zenuten ildo bat. Zer piztu zuen bulkada hori?

–Beti zegoen zerbait egin nahia. Bera Bidasoako jaialdi batean Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Lurdes Iriondo ikusi nituen eta bide bat ireki zitzaidan. Pentsatu nuen 'nik ere egin dezaket horrelako zerbait'. Eta gainera ordurako pianoa noski, baina gitarra ere jotzen nuen. Denok laguntzen ginen gitarraz. Hasteko bidea, beraz, erraza zen eta hasi nintzen. Batez ere Iñaki Beobideri esker, disko txiki bat grabatzeko aukera eman zidalako. Gero dena jarraian etorri zen.

–Aipatutako lehen disko hartatik 55 urte. Irautea zaila da, gehiago maila horretan.

–Bai, 1970ean irten zen, aita hil zen urte berean. Ez zuen ikusi eta beti izan dut pena handia.

–Pianoa izan duzu beti alboan.

–Hasieran gitarraz bakarrik eta ez zitzaidan okurritu ere egin pianoa erabiltzeko aukera. Ez dakit Xabierren [Lete] edo nire burutazioa izan zen, ziurrenik kantaldiren batean jarrita aurkituko genuen eta aprobetxatu genuen. Gezurra ematen du, baina hura deskubrimendua! Ordutik aurrera beti pianoarekin. Gu joaten ginen piano bila, ostean pianoa eraman jaialdira, jo, gero berriro kotxera eta kotxetik garajera. Izugarria izaten zen, neketsua, baina gustura egiten genuen.

– 1978an etenaldia egin zenuen musikan.

– Bai, baina ez zen musika aldaketarik egiteko edo, jaialdiak izugarriak zirelako izan zen. Ez zen posible hasi eta bukatu jaialdia modu txukunean egitea. Giroa beti zen oso nahasia gure jaialdiaren egunean, edo bezperan, izaten zelako ETAk Guardia Zibil bat hiltzea edo alderantziz. Oihuak eta egoten ziren, inposiblea zen seriotasun pixka batekin kantuan aritzea eta erabaki genuen planto egitea. Ez dakit zenbat urte izango ziren, baina batzuk bai. Gero Xabier [Lete] hasi zen bere aldetik eta ostean biok juntatu ginen.

– Aretoak aipatuta, egun 'sold out' eta BEC edo Navarra Arena kultura honetan, maiz aldarrikatu dituzu areto txikiak. Entzulearekin konexioa lehenestea oso garrantzitsua izan da zuretzat.

– Alde batetik bai, baina bestetik oso kontu sinplea da. Ni ez naiz jende piloa mugitzen duenetakoa. Horregatik gustatzen zaizkit areto txikixeagoak, jendearekin harremana errazagoa delako (barreak).

– Musikaren bilakaeran bidezidor ezberdinak daude eta masak mugitzeko edo helburu ekonomikoen aldeko hautuak ez zaitu mugitu ere ez.

– Ez. Hara, nire ogibidea ez da sekula musika izan. Bestela bizi behar izan dut nahiz eta gehiago gustatu musika. Aitortzen dut, baina gauzak horrela dira. Baditu inkonbenienteak, baina abantailak ere, esaterako ez nagoela horrekin pendiente. Nik kaskoan jartzen zaidana egiten dut, diruarena edo bizimoduarena gutxiago inporta zait. Zerbait bai, noski, duintasunagatik, baina... Alde horretatik ez dut arazorik izan. Desabantailak? Dedikazio handiagoa izateak rodaje eta esperientzia gehiago dakar.

Proiektuak

«Nik kaskoan jartzen zaidana egin izan dut, agian pena dut Gabriel Arestiren poemekin zerbait egin ez izana»

– 2020an XXI. mendeko hainbat poemarekin ondu zenuen diskoa. Ibilbidean aipatutako Lizardi, Lauaxeta, Lete edo Anjel Lertxundi izan dituzu idazle kuttun. Geratu zaizu norbait musikara ekartzeko?

– Beti izan dut pena Gabriel Arestiren poemekin zerbait egin ez izana, ez landu izana. Baina horretaz aparte... Ez zait inor geratu, nik nahi dudana hartzen dut. Lehenik Xabierren babes intelektuala izan nuen eta gerora Anjel Lertxundirena, zorte handia izan dut. Horrek ez du esan nahi halako batean beste norbait agertzen ez bada gustura egingo ez nukeenik.

– Eta egun? Baduzu norbait? Ahots berriak eta poesia egiteko bestelako moldeak azaleratu dira azken urteotan.

– Poetak eta liburu berriak ateratzen direnean gertutik jarraitzen ditut, beti eskuratzen ditut eta mila buelta eman. Literaturak bai, bizi du momentu polita, ederra. Musikak aldiz ez. Gaudenok ere, aspaldiko kantarietatik geratzen garenak gutxi gara eta zahartuak. Eta berriekin ez daukat konexio handirik. Egiten diren jaialdi izugarriak ez zaizkit batere gustatzen.

– Zuzenekoak aipatuz, gaurkoa duzu hurrena. Halako ibilbidea izanda oraindik horrelako egunak edukitzea polita izango da. Eta Donostiar bezala aretoa ere berezia.

– Oso gustura nago, bai. Aukera bat da nire ibilbidearen lagin bat emateko entzuleari. Eta gainera beti daude kantu berriak, hala egin izan dut. Gaurko badut baten bat behin edo bitan kantatu dudana, bada baten bat ere aurrez abestu ez dudanik. Hori izan da beti nire martxa. Kronologia baino gehiago poetak izango dira ardatz, elkarren segidan jarriko ditut bakoitzaren kantuak. Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga, Mirande, Lete, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Tere Irastortza... Batzuk gainera nirekin izango dira.

– Ez dira bidaide bakarrik izango Victoria Eugeniako oholtzan.

– Ez, noski. Musika laguntzan izango ditut Joxan Goikoetxea akordeoian eta arregloetan, Francisco Herrero biolinean, biolontxeloarekin Iván Carmona eta kontrabaxu akustikoan Txema Garcés. Denon artean egingo dugu. Eta ziurrenik oholtzan egongo ez bada ere, ez nuke aipatu gabe utzi nahi Karlos Gimenez. Xabier eta bion ibilbidean eta kantagintzan oso garrantzitsua izan delako. Ia bitan bana daiteke, lehena Karlos heldu aurretik eta bigarrena Karlos heldu ostean. Eragin ikaragarria izan du.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Zorte handikoa naiz, Xabier Lete eta Anjel Lertxundiren babes intelektuala izan dut musikan»

«Zorte handikoa naiz, Xabier Lete eta Anjel Lertxundiren babes intelektuala izan dut musikan»