«Zegoenetik kendu» eta melodia eta doinuen «muinera» joateko «ariketa artesanala»
Orain arte sorkuntza «aterkipean» egin ostean, Xabier Zeberiok solista bezala lehen lana aurkeztu du, 'Pause' (Forbidden Colours)
Orain arte sorkuntza «aterkipean» egin ostean, Xabier Zeberio musikariak solista bezala lehen lana aurkeztu du, 'Pause' (Forbidden Colours). Hori bai, «bakarka baina ez bakarrik», Donostian egindako aurkezpenean nabarmendu duen bezala. Konfinamendu garaian kokatu du proiektuaren abiapuntua, «denok mila saltsatan sartu ginenean». Helburu jakin edo zehatz bat gabe ekin zion material berria sortzeari «soilik eremu berriak arakatzeko» nahiak bultzatuta. Ostean, sortutako horiek, «apunte modukoak, ez doinu osoak», Aitor Etxeberriari erakutsi zizkion eta hark hauspotuta ondu du diskoa. «Funtsezko» bidaidea izan dela azpimarratu du.
Publicidad
Ordutik diskoa kaleratu arteko bidea ohi baino luzeagoa izan da, urtebete ingurukoa, «mimo handiz eta denboraz egindako, eperik gabe, artisau lana erabat», eta tarteko prozesua ere Zeberio ohitua dagoen eskematik at izan da. «Normalean doinuak konposatu, entsaiatu eta astebetean grabatzen dituzu estudioan buru-belarri sartuta». Aldiz, Etxeberriarekin lanean «konfort zonatik» kanpo aritu dela azaldu du umorez. «Estudioan elkartu, doinu edo maketa bat hartu -etxean asko grabatu ditut-, bolkatu eta ikertzen hasi». Bromak alde batera utzita, bidearekin zein emaitzarekin oso pozik agertu da Zeberio. «Bere eskutan asko utzi naiz eta kasu asko egin diot, nahiz eta batzuetan nire borondatearen kontra izan». Izan ere, «ikuspuntu berezi» horri esker musika «beste lurraldeetara» eramatea lortu dute, Zeberiok «pentsatu ere» egingo ez lituzkeenetara.
'Pause'
-
Egilea: Xabier Zeberio.
-
Diskoetxea: Forbidden Colours.
-
Generoa: Folka.
-
Prezioa: 20 euro.
Adibide modura jarri du diskoko kantu kopurua. Gehiago grabatu baziren ere, azkenean 'Pause' lanean bederatzi abesti jaso dira. Eta, nola ez, 'errudunetako' bat Etxeberria izan da. Haren aholkuz hainbat geratu dira kanpoan, Zeberiorentzat «onenak» ziren batzuk tartean. Hala ere, erabaki horiei esker azken emaitza askoz ere hobea dela argi du. «Diskoa bere osotasunean hartuta obra zentzua du, orain arte lortu ez nuena. Entzutean konturatzen zara gauza eta klima ezberdinak egonagatik ere hari bat duela. Ez da temen bilketa edo collage bat».
«Pausu» musikala
Hein batean, hori izan baita erronkarik handiena: zegoenetik kentzea eta «muinera» joatea. Hala, orain arte izan duen ibilbide musikalean bakarkako lehen lau hau «beste pausu» dela iritzi du Zeberiok, eremu musikal intimista bilatzeko aukera eman diona. «Gauzaren esentzia topatzen saiatu gara asko kenduta. Ideia sinple batetik abiatuta gauza asko esan nahi izatea eta sentsazio bereziak sortzea garapen txiki batekin».
Pasa den astean Beasaingo Igartza Jauregian duo formatuan aurrestreinaldia egin ostean, lehen zuzenekoak iragarri ditu Zeberiok. Abenduaren 23an Gasteizen izango da Aitzina Folk jaialdian eta ostean abenduaren 28an Tolosako Leidor Antzokian. Nola ez, Durangoko Azokan ere izango da salgai.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión