«Nahiago dut jendeari naizena erakutsi, ez diot gezurrik esan nahi»
Lide Hernando abeslari donostiarrak 'Bele' proiektuko lehen kantua aurkeztu du, itxialdian hasi zuena eta «kantaera beltza» oinarri duen
Oinarrietara itzultzeko gogotik eta musika sortzerakoan estilo berri batean sentitzen zela ikusita sortu du Lide Hernando abeslari donostiarrak 'Bele' proiektua. «Su motelean» garatu du, hainbat estilo nahasiz eta «sormenaren erritmoa» zainduz. 2023an zehar joango da pildora berriak aurkezten, baina kontzertuetarako 2024 arte itxaron beharko dute zaleek.
– Musikan ibilbide bat daramazu eta aldaketa emateko grina edo bulkada nondik jaio zaizu?
– Esango nuke lehendabiziko hazia edo itxialdian izan zela, 2020an. Hiru urte pasa dira, etxean geundenean denbora asko geneukan gauzetan pentsatzeko eta etxean gauza asko egin zitezkeen. Gu hasi ginen Liherrerako ziren abestiak sortzen eta konturatu nintzen melodiak ez zirela oso Liherrerako estilokoak. Beste puntu batean nengoela konturatu nintzen, une horretan entzuten nuen musika ez zen rock-a, gehiago zen R&B edo soul-a, eta esan nuen 'agian puntu horretan nago, rock-a asko gustatzen zait baina sormen aldetik beste puntu batean nago'.
– Ez zen izan, beraz, bakarlari bezala bide bat hasteko gogotik. Musikak eraman zaitu espazio berri honetara?
– Bai, hori da, guztiz. Ez da 'bakarrik egin nahi dut proiektu bat'. Naturalki beste generoetako musika kantatzeko gogoa sartu zitzaidan. Eta pentsatu nuen hobe zela Liher leku horietara eraman baino beste proiektu bat hastea, nire buruarekin. Inoiz ez da erabat bakarrik, baina agian pertsonalagoa.
– Sormen prozesuan eta melodiak egiterakoan bakarlari bezala izango da, behintzat.
– Bai, azkenean lan egiteko modua ezberdina da. Liher taldean bakoitzak ere bere zatia dauka, baina gogoa neukan erronka bezala dena nire erantzukizun pean egoteko.
– Bide berri horretan hainbat estilo nahasi dituzu. Esperimentatzeko gogoa izan da gehiago ala poliki-poliki bide berriak hartzen joan zara?
– Bietatik pixka bat. Behin erabakia hartuta balizko proiektu berri baterako abestiak sortzen hasiko nintzela, proiektatzen hasten naiz ze estilotan izango den apenas abestirik sortu gabe. Gero abestiak sortzen joan ahala ikusi nuen denak ez zirela R&B estilokoak, musika afroamerikarraren kutsua zuten, baina zabalagoak ziren. Nire buruari askatasuna utzi nion joateko joan zen lekuetatik, ez nion mugarik jarri. Sortzen joan diren abestiak oso ezberdinak dira, entsalada bat da da: R&B dago, soul-a edo dancehall-a ere, lehen abestia hau nahiko poperoa da... Denetik dago.
«Itxialdian Liherrerako musika egitean sormen aldetik beste puntu batean nengoela konturatu nintzen»
– Itxialdi boladan hasi zinen kantuekin, duela egun gutxi aurkeztu duzu. Bada data mugarriren bat esateko 'orain, badaukat'?
– 2022 amaiera aldera edo 2023 hasieran. Iñigo Etxarrirekin, Liherreko gitarra-jotzaile eta In estudioa duena, hitz egin nuenean. Abesti proiektu asko mugikorreko notetan gordeta nituela ikusi nuen, pilatzen ari zirela, banuela nahiko material lanean hasteko. Estudiora abestiak lantzera joateko esan nion, urtarrilean hasi ginen lanean, tarte genuenean, eta banekien aurten zerbait aurkeztuko nuela.
– Epemugarik ezarri gabe beraz. Proiektua asko zaindu duzula esan duzu gainera aurkezpen bideoetan.
– Bai, sormena eta honen erritmoa jartzeko ardatzean. Bakoitzak gure lana daukagu, Liher ere hor dago. Astean behin edo bitan joan gara, ordu bat edo bi, eta zegokion erritmoa joan da hartzen. Lehen abestia otsailerako edo zegoen. Timing-a edo eginda, bideoklipa, zabalpena... ekainean aurkeztuko nuela ikusi nuen. Pixka bat 'sobre la marcha'.
– Aurreko proiektuek emandako esperientziak lagundu du?
– Bai, proiektuen zabalpenetatik eta aurreko lan guztietatik nabaritzen ari naiz beste lasaitasun bat daukadala, musikalki beste heldutasun bat edo, badakidala non sartzen naizen eta aurrez badakidala zein kritika jaso ditzakedan, ze lan egin behar dudan edo zein alor zaindu behar diren dena ondo lotuta egoteko. Ez dut esango erraza izan denik, zaila da, baina zailtasun horiek ezagutzen ditut. Orduan ondo, erosoagoa izaten ari da Liherren hasiera baino, kontzienteagoa behintzat.
«Egun bisualak indar handia dauka, hobe abesti bat atera indar guztia zentratzeko eta pilulak pixkanaka ateratzeko»
– Lehen proiektu hartatik zu zein musika asko aldatu dira. Harekin alderatuta badu berdintasunik ala dena da desberdina?
– Esango nuke dena dela ezberdina, bai nire egoera pertsonalagatik eta bai musikaren industria aldetik. 2014tik joan nintzen lantzen eta orduan nire helburua maketa bat ateratzea zen, zazpi abestirekin, dena kolpez. Bandcampera igo nuen eta hor ibili nintzen Facebook-en topera. Eta gero zuzenean kontzertuak lotzen hasi. Oraingoan, aldiz, abestiak sortzen nabil. Esango nuke lau bat abesti daudela amaituta eta gero beste bost bat prozesuan, baina nahi nuena zen abesti bat atera, ondo inbertitu bideoklip batean, sare sozialetan indar asko jarri... Ezberdinak izan dira, baina baita industria beste leku batean dagoelako. Egun bisualak indar handia dauka, hobe abesti bat atera zazpi baino indar guztia bakarrean zentratzeko eta pixkanaka-pixkana pilulak ateratzen joateko.
– Eta gero CD bat ateratzeko asmoa daukazu?
– CDa... Albuma egongo da abesti batzuk ditudalako eta koherentzia daukatelako, beraz helduko da, baina pixkanaka-pixkana joango naiz eta aurten ziurrenik ez. Eta CDa fisikoan aterako dudan ez dakit oraindik.
– Kontzertuetarako beraz itxaron beharko da.
– Argi dago kontzertuak emango ditudala eta taldetxo bat sortzen ari naiz, oraindik kideak ezin ditut aurreratu, baina izatekotan 2024tik aurrera izango da. Su baxuan ari da dena prestatzen.
– Zabalpenean hainbat kontu –urduritasunak, beldurrak, besteen kritikak sor ditzaketen zalantzak– zintzotasun handiarekin azaldu dituzu, ez da oso ohikoa egungo sareetako sobresposizioarekin, irudi bat saltzea ohikoagoa da. Hautu bat izan da ala kritika bat?
– Hautu bat izan da, baina gehiago nire buruari begira, niretzako proiektatzeko errazagoa izango dena buruan izanda. Oso gardena naiz, insegurua, eta umorea gustatzen zait eta erabiltzen dut, ez nago eroso misteriotsua eta oso segurua den pertsona bat proiektatzen. Ditudan kualitate horiek horrela esplotatzea nahiago izan dut nire buruari pertsonaia bat inposatu baino. Nahiago dut jendeari naizena erakutsi, ez diot gezurrik esan nahi eta batez ere ez diot ezer ezkutatu nahi. Zure beldurrak azaleratzea positiboa dela uste dut, jendeari pertsona normala zarela erakusten diolako.
«Gutaz zer pentsatuko duten beldurra dugu, horri buruz doa. Black Mirror saileko 'Nosedive' atalari keinu bat da bideoa»
– Lehen abestia, 'Zeruari begira', hausnarketa horretatik atera da?
– Nire burua definitzen duen izaeraren emaitza da, jendea konplazitu nahi izate eta goxatze nahi horretan aldatzen duzu zure izaera eta bihurtzen zara zarena baino askoz umilagoa. Umiltasunak munduko ezaugarri onena dirudi, eta zure buruarekiko seguru izatea eta harro zaudela erakusteak negatiboa dirudi. Zergatik ez dut esango zerbait ondo egiten dudala uste dudala? Askotan beldurra daukagu jendeak zer pentsatuko duen gutaz, hau egiten badu zer esango duten eta orduan ez dugu ezer egiten. Denari baietz esan. Horri buruz idatzi nahi nuen abesti bat eta oroitu nintzen Black Mirrorren 'Nosedive' atalean, erresonantzia egin zidan eta horregatik keinua.
– Gainerako zortzi abestiek koherentzia bat dutela esan duzu. Ideia bera lantzen dute ala beste ate batzuk ukituko dituzu?
– Estilo askotatik edaten dute abestiek, baina zentrua AEBtako musika beltza dela esango nuke, R&Ba, soula eta pop musika ere. Estruktura aldetik pop musika nagusi da, baina kantaera beltzarekin.