

Secciones
Servicios
Destacamos
Betiko Nøgen, baina bilakaera argi bat izan duena «heldutasun» musikalerantz. Horixe aurkituko du talde donostiarraren zaleak zein orain arte euren kanturik aditu ez duen entzuleak 'Åben Cirkel' diskoan, ondu duten hirugarrena eta lehen aldiz kanpo-laguntza izan duena. Ardatz nagusia kontzeptu bat da, 'Zirkulu irekia' -horixe baita itzulera danieratik euskarara-, «leku bat momentu ezberdin batean leku ezberdina izan daitekeela», Markel Idigoras ukelele-jotzailea eta ahotsak laburtu bezala. Honen bitartez bizitza eta Nøgen taldea bera bilakaera konstantean daudela jaso nahi izan dute eta hau ez dela «sekula ixten».
Une horiei argazkia leku ezberdinetatik atera diete bost kideek -Jokin Guilisagasti, bateria eta koroa; Olatz Cuevas, baxua eta koroa; Alex Irauzusta, gitarra eta ahotsa eta elkarrizketan izandako Ane Negueruela, ahotsa, eta Idigoras-eta hala sortu dituzte zazpi kantuak. «Orain arteko diskorik eklektikoena» da Idigorasentzat, aurreko biekin alderatuta «agian poperoagoa, eta dinamika gehiago duena ahotsekin. Musikalki aberatsagoa». Negueruelarentzat errazagoa da talde donostiarra ezagutzen duenari 'Åben Cirkel' diskoan zer aurkituko duen azaltzea, «Nøgen eraldatu bat, landua, heldutua. Baina ezagutzen ez gaituenarentzat... 'Maleta' sorpresa izango da ziur».
Izan ere, zortzi urteko ibilbidearen ostean taldeak jada estilo propioa garatu du, Negueruelaren hitzetan «nahiko folky» bezala sailka daitekeena. Disko honetan ere aurkituko du entzuleak, nahiz eta estiloan aldaketa txiki bat badagoela onartzen duten. Horregatik, eta aipatutako kontzeptuari lotuta, 'Åben Cirkel' diskoa aurkeztutako hurrenkeran entzutea gomendatzen dute kideek. Lehen bi kantuak -'17' eta 'Guztia edo ezer ez'- ezberdinagoak dira bai soinu aldetik zein erabilitako base edo ahotsek duten trataeragatik. «Nøgen landuago edo ganberroagoa bat dago abestiren batean, ahotsean eta intentzioan landuagoa produktoreen eskutik. Eskaloi txiki bat igo dugu edo saiatu gara behintzat hori lantzen», dio Negueruelak.
Ane Negueruela
Abeslaria
Bide horretan lan egiteko prozeduran hainbat aldaketa egin ditu Nøgenek hein batean «esperimentatzeko gogoak» bultzatuta, Idigorasek azaldu bezala. «Ez dugu ez zerbait kontinuista ez rupturista egitea bilatu, abestiak egiten joan gara eta diskoa hezurtzen». Gainera argi dute aurrez egindako lana albo batera utzi behar dutela lan berriak sortzerakoan. «Disko batek harrera ona daukanean presioa hor dago, baina hori ahazten eta beste leku batetik konposatzen saiatzen gara. Guk guretzat egiten dugu eta gero erreakzioak lortzen baditugu, hori opari bat da», dio Idigorasek. Bat dator Negueruela. «Zuk bihotzetik edo gogo horrekin egiten baduzu diskoa, ez badu funtzionatzen maitasun guztiarekin egindako lanaren sentsazioarekin geratuko zara. Eta gustura. Baina jende gehiagora iristeko egiteko lanaren perspektibatik abiatuta, gero ez lortzen ez bada txaskoa bikoitza da». Horretaz gain, kanpo-produktoreekin egin dute 'Åben Cirkel', musika beste modu batera egin eta azken emaitza horretara ere beste modu batera gerturatuz, eta batez ere aurreko bi diskoekin alderatuta «polikiago» egin dute. «Denbora gehiago hartu dugu, dena gehiago zaintzen saiatu gara: abestiak, produkzioa, nahasketak, diseinua, bideoak, kamisetak, merchandising guztia...». Eta noski, hori guztia taulara nola eraman ere.
Kanpo laguntza horretan Nacho Mur produktorearen lana agerikoa izan da. La M.O.D.A. taldearekin ere jardun du eta haien bitartekaritza bidez heldu da elkarlana. Negueruelak oroitu bezala David Ruiz konpositore eta abeslariarekin 2017an 'Ez da ondo aterako' kantua grabatu zutenean hasi zen harremana. «Admiraziotik atera zen zerbait izan zen, ideia bota eta lortu genuen». Azken disko honetan bere ahotsa ere entzungo dute zaleek, euskaraz gainera, 'Abendua' kantuan. «Daviden parte-hartzea ez zen zerbait planeatua izan, naturala eta ia azken momentukoa baizik. Zati bat euskaraz ea abestuko zuen galdetu genion eta animatu zen». Ez da 'Åben Cirkel' laneko kolaborazio bakarra izan, Pello Armendariz Skakeitan taldeko abeslari ohia eta Aitor Bengo ere baitaude, azken hau bideokliperako aktore moduan. «Normalean ez ditugu horrelakoak egiten, baina gauza bitxiak gustatzen zaizkigu eta diskoari beste toke bat ematen dio», azaltzen du Idigorasek.
Biek hainbatetan nabarmentzen dute elkarrizketan zehar esfortzu gehien kosta zaien diskoa izan dela «abesti bakoitza benetan berezia eta bakarra» izatea nahi zutelako. Horregatik mugatu dute CDa zazpi kantura Negueruelak azaldu bezala «kontzeptuekin guztiz ez zihoazenak» sartu eta bete aurretik nahiago izan dutelako «'hau da emaitza' esan eta gustura geratu». Hori bai, abesti gutxiago sartu izanagatik erronka ez da apalagoa izan. «Esfortzu gehiago egon da: kantuak landuagoak dira, denek dute bideoklip bat», dio Idigorasek.
Markel Idigoras
Ukelelea eta ahotsak
Bilakaera hori, hala ere, oso modu naturalean bizi izan dute. Inflexio puntu edo mugarria aukeratzeko eskatuta asko daudela nabarmentzen dute eta horrek egin duela graduala eboluzioa: abeslari aldaketa -Negueruelak uztean Eider Saenz egon zen, honek ere utzi zuen arte-, lanez lan lortutako arrakasta, kontzertu gehiago ez plaza ezberdinetan, etab. Funtsean, aldaketa hobby izatetik «hobby bakarrik» ez izatera igarotzea da aldaketa nagusia, taldea profesionalizatzen joan bada ere oraindik bakoitzak bere lana baitu. «Segurtasun sozialean alta ematen duzun momentuan jada ez da hobby bat», dio Idigorasek bien barre artean.
Diskoak izan duen harrera eta sarrerak agortzea sorpresa eta sekulako poza izan da kideentzat. Hurrena abenduaren 30ean Donostiako Dabadaban dute eta segituan agortu zituzten sarrera guztiak. «Feedback hori kristona da, are gehiago etxean denean.
'Åben Cirkel' diskoak izan duen harreraz gain, birako lehen lau kontzertuen salmenta nola joan den sorpresa eta sekulako poza izan da Nøgen taldeko kideentzat. Azaroan hiru eskaini zituzten -azaroaren 17an Iruñeko Zentralen, 18an Gasteizen Jimmy Jazzen eta 24an Bilbon Kafe Antzokian- eta hiruak lepo bete zituzten. Aurretik dute laugarrena, abenduaren 30ean Donostiako Dabadaba aretoan, eta segituan agortu zituzten sarrera guztiak. «Feedback hori kristona da, are gehiago guretzako etxea denean. Publiko osatu bat izango da eta oso pozik gaude horrekin. Gauza berri bat ikustera datoz eta apustu hori egin dute», dio Neguerelak. Hain azkar agortu ziren Markelek barre artean esan bezala asko izan direla bigarren data bat eskatu dietenak. «Baina ez da egongo», dio argi eta garbi.
Zuzeneko horiez gain, une honetan data ezarri bakarra du talde donostiarrak, Durangon otsailaren 24an. Aurrez urte hasieran estatu bira bat egingo dute. «Ostiralean lanetik atera, furgoneta hartu bi kontzertu eman eta astelehenean lanera», laburtu dute umorez. Oholtza gainean kontzeptua defendatzea izango da helburu nagusia, hori bai, zuzenekora moldatuta. «Kantu batzuen baseak elektronikoagoak dira eta beste modu batean sortuak daudenez hori lantzen ari gara», aurreratu du Negueruelak. Ildo horretan, Idigorasek zehatu bezala «atmosfera berri batean kokatuko da, atrezzo guztia aldatu eta teatralizatu egingo dugulako. Ilusio handia egiten digun ariketa kreatiboa da».
Publicidad
Fernando Morales y Álex Sánchez
Juan Manuel Sotillos e Iris Moreno
Iñigo Puerta | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.