Ver fotos
Maria Dolores Agirre berpiztu dute Errezilgo neska-mutikoek
San Martin Herri Eskolako ikasleek Donostiako Antzoki Zaharrean entseatu dute Eskola Txikien egunean aurkeztuko duten pieza
nerea azurmendi
Miércoles, 4 de mayo 2022, 18:05
Uztailean beteko dira 25 urte Maria Dolores Agirre irakasle eta euskaltzalea hil zela. Donostian zendu zen, eta bertan eman zuen bizitza ia osoa, 14 urte zituela maistra ikasketak egitera etorri zenetik, baina Errezilgo Etxeberri etxean zituen sustraiak, bertan jaio baitzen 1903an. Eta Errezilgo San Martin Herri Eskolako neska-mutikoek berpiztu dute hainbat arlotan aitzindari izan zen emakumea, ekainaren 13an Errezilen bertan egingo den Eskola Txikien Jaiaren 34. edizioan aurkeztuko duten antzezlanaren bitartez.
Publicidad
Kontu handiz prestatu duten lana jendaurrean aurkezteko hilabete pasatxo falta den honetan, ezohiko entsegua egiteko aukera izan dute asteazken honetan rol desberdinak jokatzen dituzten LHko 5. eta 6.-eko 12 ikasleek.
Zenbait irakaslerekin batera Donostiara etorri, eta Maria Dolores Agirreren ibilbidean berebiziko garrantzia izan zuen Antzoki Zaharrean landu dute ondo ikasita zekarten testua, Aizpea Goenaga aktore, idazle eta zuzendariaren laguntzarekin.
Ezin izan dute antzezlan baten muntaketak hartuta zeukan agertoki handia erabili, baina ondoko 'foyer' delakoa bilakatu dute antzoki. Maria Dolores Agirrek ere makina bat aldiz korrituko zituen XIX. mendekoa izan arren 1930ean eraitsi eta berriro eraiki zuten antzokiko txokoak, bertan gauzatu baitzuen bere egitasmo kutunenetako bat: euskarazko antzerki emanaldiak eskaintzea Santo Tomas egunean –eusten zaio oraindik tradizioari, eta baita San Sebastian egunean ere. Hain zuzen ere, gerraostean berriro ireki zenetik 1973an erretiroa hartu zuen arte, Maria Dolores Agirrek zuzendu zuen Donostiako Udalaren baitako Euskal Izketa ta Iztunde Ikastola.
Aurreko eta garaiko hainbat antzerkigileren lanei bidea emateaz gain –maisu izan zuen Toribio Altzagaren, Antonio Maria Labaien, Abelino Barriolaren, Telesforo Monzonen eta beste askoren lanak taularatu ziren– berak ere idatzi zituen antzezlanen batzuk, eta beste asko euskarara ekarri. Funtsean irakasle izan arren, arlo asko landu baitzituen Agirrek, itzulpengintza eta irratigintza barne, euskara sustatzeko asmoz.
Publicidad
Proiektu zabalagia
Arlo horiek guztiak hartu dituzte aintzat San Martin Herri eskolan antzezlanaren testua osatzeko, umetako pasadizoak ahaztu gabe. Antzezlanean Errezilgo haurra dago, bere bizitzaren berri ematen duen Maria Dolores Agirre heldua ere bai: andereñoa, idazlea, irratigilea...
Txangoa ikasleekin batera egin zuten irakasleek azaldu bezala, proiektu zabalago baten zati da antzezlana; hura borobiltzera dator, nolabait. Ikasturtean zehar beste jarduera batzuen bitartez ere landu dute herrikidearen biografia, eta gauza asko ikasi omen dituzte haren bidez.
Publicidad
Antzoki Zaharrean burututako saioan ikasi dute, Aizpea Goenagak gidatutako 'masterclass' moduko saio labur eta bizi-bizian, antzeztea ez dela buruz ikasitako testu bat errepikatzea; pertsonaia bere egin behar duela aktoreak; berpiztu egin behar duela, alegia, paperetik bizitzara ekarri, ikuslearengana iristeko... Rolak eskatu ezean, oholtzan txiklea debekatuta dagoela ere ikasi zuten.
Zuzendariaren jarraibideei kasu egin eta entseguak aurrera egin ahala, nabarmena izan da antzezleen lanaren hobekuntza, eta zorrotz fama zuen Maria Dolores Agirrek berak txalotuko zukeen saioa eskaini dute aktore gazteek, ekainean Errezilen 'atrezzo' eta guzti eskainiko dutenaren aurrerapena.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión