«Tunela porrota gertatu zen, eta nik ez nuen porrotean amaitu nahi»
Bat-bateko bertsolaritzatik erretiratu zen Xabier Amuriza, baina literaturarako oso gogotsu dabil eta orain 'Neska bat leku inposiblean' plazaratu du
felix ibargutxi
Sábado, 17 de marzo 2018, 12:32
Publicidad
1970ean Zamorako apaiz-kartzelan zegoen preso Xabier Amuriza (Zornotza, 1941), beste abade batzuekin, Francoren errejimenaren kontra jarduteagatik. Saiatu ziren ihes egiten, tunela eginda, baina azken momentuan dena okertu zitzaien. Gertaera haietan oinarrituta egin du nobela berria.
– Telebistan adierazi duzu 'literatura nazionala' egin nahi duzula. Argitu kontu hori.
– 'Nazional' hitza 'atzerritar' hitzari kontrajarritzat esan nahi nuen. Eleberri baten argumentu eta kokaleku moduan. Ez du esan nahi 'aber-tzale', edo 'nazionalista', edo beste konnotazio politikorik. Adiera geografiko eta soziala besterik ez dauka. Alegia: nik motiboak, idazteko osagaiak, oinarri edo abiapuntu moduan, hemen, Euskal Herrian, geure herri eta hirietan aurkitu eta garatu nahi ditut. Ez noa atzerrietara, kokapen ustez bistosoago edo efektiboagoen bila. Idazle unibertsal batzuen adibideak jartzeko, Sofocles Grezia da, Virgilio Erroma da, Cervantes La Mancha da, Tolstoi Errusia da, Proust Paris da, James Joyce (‘Ulises’-en behintzat) Dublin da, Kafa Praga da, García Marquez Kolonbia da. Eta abar. Gure artean, Aresti, adibidez, Euskal Herria eta Bilbo da. Horixe da nik 'nazionalari' eman nahi diodan zentzu bakarra. Zentzu territoriala. Hemengoa beti, eta hemengotik, nahi den mundu guztietara.
- Neska bat apaiz-kartzela baten barruan. "Ez zen gertatu, baina gertagarri zen", adierazi duzu.
– Niretzat, fikzioa izan daiteke fantastikoa ala gertagarria. Fantasia ondo dago ipuinetan edo fikzio-zientzian. Tunelaren kasuan, argumentua egiazko gertaeren gainean doa. Eta erantsi nahi nuen fikzioa gertagarri izatea ezinbesteko betekizuntzat neukan. "Erremate ikaragarria izan da, baina txapapera joan zaio". Ba, nuloa orduan. Konparazio horren antzera, fikzioak ere joko errealaren barruan gertatu behar du. Ezin du zerbait arbitrarioa izan. Lortu dudan ala ez irakurleak esan behar du, baina nire asmoa horixe zen: 'inposiblea' sinesgarri egin.
Eleberrian ere (non, bestela?) saiatu naiz neure lexiko-irizpideak eta beste zenbait kontu aplikatzen»
«Neskaren pertsonaiari esleitu zaion eginkizuna alegoria pozgarri bat garatzea izan da»
– Oinarrian zeuk bizitutako gertaera batzuk daude. Baina tartean distantzia ipini duzu, adibidez kartzelako lagunen izenak 'arraroak' dira.
Publicidad
– Jar nitzakeen izen-abizen egiazkoak, baina ez zen egoki izango. Ez nintzen ari kronika bat edo historia bat burutzen. Eleberria sorkuntza literario bat da, eta egokiago ikusten nuen izenak ere asmatzea. 'Arraroak' eman dezakete, baina denak dira euskarazko izen-abizenen fusio laburtu bat, eleberriaren beraren pasarte batean argitzen denez.
–Esan daiteke ilusioari (zentzu onean) buruzko nobela dela?
– Ez hainbeste helburu zuzen bezala. Are gutxiago, moraleja bezala. Tunela, azkenean, porrota gertatu zen, eta nik ez nuen porrotean amaitu nahi. Berau ukatu gabe, zeharkako garaipen bat nahi nuen, errepikatzea merezi lukeena. Hori da neskaren pertsonaiari esleitu zaion eginkizuna: alegoria pozgarri bat garatzea.
Publicidad
–Eleberri hau 'Dinosauroak horizontean' nobelarekin hasi zenuen sortatik aparte kokatu behar dugu?
– Izatez, aurreko lauren zikloaren jarraipentzat jotzen dut. Baina oraingoa argitaletxe baten eskutik atera denez gero, ez dut planteatu jarraipen esplizitua izaterik. Argitaletxeari ezin nion planteatu onartu ezineko baldintzarik. Hala ere, argi dago dinosauroekin hasitako sortaren jarraipentzat har daitekeela.
– Eleberriaren izenburua adierazgarria da zeure lexiko-hautuari dagokionez. Utikan purismoak!
– Eleberrian ere (non, bestela?) saiatu naiz neure lexiko-irizpideak eta beste zenbait kontu aplikatzen. Ez da, hainbeste, purismoen kontra jotzea, hizkuntza osoago eta efektiboago baten garapenean aurreratzea baizik. Baina kontu hori areago da linguistikoa, literarioa baino. Niri, orain, alde literarioa interesatzen zait.
Publicidad
– Aurreko haiek zeure kabuz atera zenituen, hau Elkar-en bidez.
– Halaxe izan da, bai. Argitaletxe baten eskutik, beti ere segurantza handiagoa dago, eta testua ere hobetu egiten da, editore baten gainbegia baituzu. Elkarrek proposamena onartu zidan, eta alde horretatik, esker ona besterik ezin dut izan.
– Editorearekin gauza gehiago adostu beharko zenuen, independen-tzia pixka bat galduko zenuen…
– Teorikoki, galtzen da, bai, zerbait independentzia, edo agian 'nahikeriak' egiteko askatasuna. Askotan, 'nahikeria' desegokiak. Editore batek gauza asko ikusarazten dizkizu, eta arrazoizko zuzenketa asko iradokitzen. Argi dago, editore baten begipean, galtzen dela pentsa daitekeena baino askoz gehiago irabazten dela.
Publicidad
-Badaramazu bi urte jendaurrean bertsotan egin gabe. Baina beharbada etxean jarriko dituzu bertso batzuk…
– Bertso jarria literaturatzat hartzen ditut, eta iruditzen bazait delako testu batean ondo letorkeela, ez daukat dudarik bertsoaren baliabidea erabiltzeko. Erretiratu nintzenetik, ez zait maiz gertatu, baina egin izan dut behin edo behin, kantaren baterako, edo eskariren bati erantzunez. Orain beste buru-mundu batean nabil.
– Esadazu hitz gutxi batzuk azken Txapelketa Nagusiaz, Xabier.
– Bat-bateko bertsotik erretiratu nintzenetik, oso gutxi jarraitzen ditut txapelketak. Gutxi hori nahitaezko gertatzen zait, alaba ere hortxe ibiltzen baita. Txapelketa Nagusiaz esan dezakedana da Maialen Lujanbioren nagusitasuna kontundentea izan zela. Eta txundigarria! Neuretzat pertsonalki, berriz, atsegin izugarria izan da berriz ere ikustea duela berrogei urte asko kostata defendatzen nuena ('zergatik ez emakumeak ere bertsolari?') horren era distiratsuan berifikatu delako.
Noticia Patrocinada
– Laster 25 urte izango dira Lazkao Txiki hil zela. Zuk 'Lazkao Txiki, bat-bateko sorgina' hitzaldia ere eman zenuen makina bat tokitan. Urteurren hori dela eta deitu al dizute ezer egiteko edo Lazkaora agertzeko?
– Jendeak badaki bertso ibileratik erretiratua naizela. Hala ere, Lazkao Txikiren 'Bat-bateko sorgina' neure lan bat da, egina dagoena eta bertan neuk bat-batean ezer egin beharrik ez dudana. Eta Lazkaoko Udalak babestu eta ordaindu zuena. Norbaiti ondo irudituko balitzaio, lan hori, nola ez, gustura eramango nuke berriz ere jende aurrera.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión