Borrar
Jon Arretxe, 'Lyrica Garaia' eleberria eskuan duela. JOSE USOZ
Jon Arretxe | 'Lyrica Garaia'

Toure detektibearen bederatzigarrena, Bilboko Afrika Txikian

Jon Arretxe idazleak liburua aurkeztu eta saga seriera eramateko «azken ukituak» falta direla aurreratu du

Jon Agirre

Donostia

Asteartea, 22 azaroa 2022, 15:29

Comenta

Izenburua irakurtzen duen orok musikan pentsa lezake, baina tartean Toure egonda ziurrenik pentsatuko du bestelako gairen bati keinua izango dela Lyrica. Eta asmatuko du. Izan ere, Jon Arretxek detektibearen sagako bederatzigarren alea deitzeko hitz-jokoa baliatu du. «Lyrica orain modan dagoen pilula berri bat da. Farmazietan saltzen dira baina jada hasi dira trapitxeoan saltzen lasaigarri modura». Eleberrirako inspirazio eta dokumentazio bila Bilboko San Frantzisko auzoan jonkiei ematen zaien pilula 'deskubritu' du Arretxek. «Lehen pegamentua esnifatzen zutenak hasi dira pilula hauek hartzen eta aprobetxagarria iruditu zitzaidan», azaldu du aurkezpenean. Izan ere, lirika garaia musikaz gozatzeko garaia da, baina Toureren protagonisten garaia errealitatetik ebaditzekoa da, drogatu eta ahal den bezala aurrera egiteko garaia da, askotan drogari esker.

Toure detektibearen jarraitzaileek argudiorik behar bazuten bederatzigarren alea irakurtzeko, Uxue Razquin Erein argitaletxeko editoreak bi eman ditu. Batetik, Arretxek amaiera «oso ona» eman diola aurreratu du, argudioaren birak eta kolpeak goraipatzeaz gain; eta, bestetik, sagaren bederatzigarren alea Bilboko Afrika txikiaren bilakaeraren kronika ezin hobea dela eta «irakurlea auzoan bertan sentituko» dela. Besteak beste San Frantziskok bizi duen «gentrifikazio prozesuagatik edo prostituzioarekin lege berriak» izandako eraginagatik. Hala, testua aukera paregabea da «etorkizun labur batean izango den errealitateari buruz hausnartzeko».

Egunerokotasunari oso lotua baitago eleberria eta prostituzioaren lege berriak pisu handia du. Dokumentazio fasean Askabide elkarteko kideekin harreman estua izan du eta Bilboko kaleetan egindako paseoetan lagundu ditu euren arazoak lehen eskutik entzuteko. «Guk kanpotik beste modu batera ikusten dugu, haiek gauza harrigarri eta mingarriak esan dizkigute, ikuspegi matxista oso barneratua daukate, 'gu ez bagaude hemen zer egingo dute gizonek? Ikusiko duzu bortxaketak eta pedofilia handituko dela' bezalakoak esan dizkidate». Ildo horretan, euren egoera kontuan izatea aldarrikatu du Arretxek. «Asko ilegalak dira, ez dute paperik erez eta oso kezkatuta daude».

'Lyrica Garaia'

Egilea: Jon Arretxe.

Argitaletxea: Erein.

Prezioa: 20 euro.

Orri-kopurua: 216.

Estiloa: Eleberria.

Hala ere, nobelaren kokaleku bakarra ez da auzo bilbotarra izango, Tourek bidaia gehiago egingo baititu. Abiapuntua Madril da -han zegoen kokatua zortzigarren alea, 'Dortokaren begirada'-, Sa Kenek bisita egiten dioenean. Protagonista dituen markaz, beltzuneez, ohartuko da eta kezkatuta Bilbora itzuliko da. Ostean, nobelako gertakariak bitarte, Bordelen ere izango da. Bilbo berriarekin alderatu du idazleak, biak erakartzen baitituzte gero eta turista gehiago, baina, aldi berean, «alde ezkutuan jende asko daukate baztertuta».

Toureren zaleek San Frantzisko aurrez ezagutzen badute ere, giroa aldatu dela nabarituko dute detektibearen begien bitartez, batez ere putetxeekin eta hauen bueltan sortutako tramekin. «Min emango duten egiak izango ditu eta beta bezala existentzia konplikatuko zaio», aurreratu du Razquinek. Arretxeren hitzetan auzoak bizi duen errealitatearen isla da, beti egon dena «gizarte mailetan azkenekoan. Horrela egon dira, horrela daude eta horrela egongo dira jende hori desagertu arte», salatu du.

Bederatzigarren ale honetan ere, aurreko atal batzuetan bezala, protagonistaren B aurpegia ere ikusiko dugula azaldu Arretxek. «Pertsonaia maitagarria da, baina dena ez da arrosa kolorekoa». Zentzu horretan Toureren ibilbidea oroitu du, besteak beste, poliziaren txibatoa, hiltzailea edo lapurra izan dela aipatuz. «Eta hala ere maite dugu». Aspaldiko lagunak ere izango dute euren tartean eta irakurleak hasierako nobeletan pisua zuen laukotea berriro presente izango du.

Pertsonaien bilakaera eta umorea

Bederatzi eleberrik askorako ematen dute eta bide horretan Tourek izandako bilakaera azaldu du Arretxek. «Oso agerikoa da, lehen liburuak eta honek ez du zerikusirik. Hasieran pateran heldutako inuzentea zen, pelelea. Berataz aprobetxatzen ziren eta edozer egiten zuen diru pixka bat ateratzeko. Gero gauzak gertatzen hasten zaizkio, min handia ematen diotenak eta zaildu egin da». Hala, egungo Toure tipo gogor bezala deskribatu du egileak, hainbat konturekin desengainatua dagoena. Bilakaera hori bilatua izan dela gaineratu du, berak irakurle bezala horixe eskatzen baitu. «Saga batzuetan pertsonaia nagusia beti berdina dela nabaritzen dut, ia ez dagoela aldaketarik, soilik kasuak edo tramak aldatzen dira. Nik gehiago eskatzen du, bilakaera izatea eta ni hori egiten saiatu naiz».

Sagak berezko duen umore eta ironia tonua ere bilatuak izan dira. Arretxeren aburuz testu gordinek oreka behar dute, errealitatean bizitzak duen bezala. Hala ikusi du beran San Frantziskon eta hala jaso du bederatzi aleetan. «Auzo baztertuetan Toure bezalakoak ez dituzu ikusten kaletik negarrez, positibismo berezi bat dute eta gu itotzen garen tokian aurrera egiten dute».

Seriea «azken ukituen faltan»

Toure detektibearen abenturak serie bihurtzeko proiektuak 2021eko apirilean eman zituen lehen pausuak eta Jon Arretxek aurkezpenean baieztatutakoagatik baliteke «urte honen amaiera aurretik» hastea grabaketa lanak. Ikus-entzunezkoa garatzeko lehen saiakerak euskaraz izan ziren, baina azkenean aukera «ekoiztetxe oso potente» baten eskutik heldu da. Bederatizigarren lanaren aurkezpenean azaldu duenez «bertoko batzuk saiatu ziren ahaleginak egiten, baina horrelako proiektuetan dirua da arazoa. Milioiak behar dira eta kanpotik etorri da proiektua, Madrileko ekoiztetxe oso potente batetik. Kideak bilatu dituzte eta prozesuko azken pausoetan gaude».

Ez du xehetasun gehiago aurreratu nahi izan, izan ere «horrelako proiektu mordoa azken unean pikutara joan dira».

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Toure detektibearen bederatzigarrena, Bilboko Afrika Txikian

Toure detektibearen bederatzigarrena, Bilboko Afrika Txikian