Hilero, sorpresaz betetako kaxa etxeko liburuzale gazteenentzat
'Paperezkoak. Atxor bat hilero' harpidetza-zerbitzua jarri du abian Zarauzko Garoa liburu-dendak. 2 eta 7 urte bitarteko haurrentzat egokiak diren liburu ilustratuak etxean jasotzeko aukera eskaintzden du
nerea azurmendi
Martes, 19 de abril 2022, 18:29
Maiztasun jakin batekin etxera liburuak bidaltzen dituzten harpidetza-zerbitzuak aspaldikoak dira, nahiz eta jarduteko eran berritu diren, eta azken urteetan baliabide teknologikoek hartu duten atez ate ibiltzen zirenen lekua. Zarauzko Garoa liburu-dendako Imanol Agirre Illarramendiren etxean hiru urteko semea daukate haurrentzako albumak helarazten dizkien zerbitzu batera harpidetuta. Festa izaten omen da harentzat tinbrea entzun eta liburua datorrela jakitea. «Eta euskaraz horrelako zerbait egingo bagenu?». Galdera hori izan zen, Agirreren hitzetan, «maitasunez, etxean, goxo-goxo eta barrutik aterata» sortzen eta ontzen joan den 'Paperezkoak' proiektuaren abiapuntua.
Publicidad
'Altxor bat hilero' deitura osagarria eta ikurtzat paperezko itsasontzi hori bat duen ekimena horixe da, hain zuzen: maiz irakurle ere ez diren liburuzale, istoriozale eta irudizale gazteenei zuzendutako harpidetza-zerbitzua, hilero kaxa eder batean liburu ilustratu bat eta zenbait baliabide osagarri jasotzeko aukera eskaintzen duena. «Euskarazko kultura eta literatura txikitatik ilusioz beteriko modu atsegin batean gerturatzeko» ahalegina, alegia.
«Mimo handiz aukeratuak»
Euskaraz, zorionez, zabala eta kalitate handikoa da lehen irakurleei zuzendutako eskaintza, baina gurasoek –eta adin horietako haurrentzat liburuak erosi nahi dituzten helduek, oro har– asko eskertzen dituzte adituen gomendio eta aholkuak.
Bokaziozko jardueratik asko duten liburu-dendek horixe egiten dute neurri handi batean. Garoan, esaterako, ia mende erdi daramate horretan. Gurasoek aurrena, eta bigarren belaunaldiko liburu-dendariek azken urteotan. Alde horretatik, liburu-dendan egiten duten lanaren hedapen halako bat da 'Paperezkoak', eta eremu digitalak mota horretako liburu-denda bati eskaintzen dizkion aukerak ustiatzeko modu bat ere bai.
2 eta 7 urte bitarteko haurrentzat egokiak diren euskarazko liburu ilustratuak aukeratu eta bidaliko dituzte hilero
Hilabeteko album ilustratuari lotutako podcast bat ere sortu dute, «landutako hariari tiraka», ULU mediarekin batera
«Plataforma handien aukerarekin eta azkartasunarekin ezin gara lehiatu, baina beste gauza batzuk eskaini ditzakegu», dio Imanol Agirrek 'Paperezkoak' (paperezkoak.eus) zerbitzuaz mintzatzean. Eskaintzen dute, nagusiki, ezagutzan eta eskarmentuan oinarritutako irizpidea liburuak aukeratzean. Eta konfiantza eskatzen dute, beraiek egiten baitute hautaketa. Harpidedunak, hain zuzen, ez daki zer jasoko duen hileroko kaxa iritsi arte.
Publicidad
Beti izango dira, nolanahi ere, «euskal argitaletxeen nobedadeak, ilustrazio ederrak eta istorio harrigarriak gordetzen dituzten liburu zainduak», «mimo handiz» aukeratuko dituztenak. Irakurzaletasuna sustatzeko eta liburuen inguruko gozamena zabaltzeko asmoarekin betiere, ondo baitakite zein garrantzitsuak diren lehen irakurketak.
Liburua ez da bakarrik egongo etxera iritsiko den kaxan, baliabide osagarriak izango baititu lagun, hala nola jolasak eta irakurketarako gida laburra, haur literaturako adituek idatzia, liburua umeekin lantzeko lagungarria suertatuko dena. Hileko liburuari lotutako podcasta ere sortu dute, «landutako hariari tiraka», ULU Mediarekin lankidetzan.
Publicidad
'Paperezkoak. Altxor bat hilero' ekimenera biltzeko bi aukera daude, biak webgunean gauzatu daitezkeenak. Batetik, edozein momentutan egin eta bertan behera utz daitekeen harpidetza arrunta (20,90 euro hilean), hilero kaxa jasotzea ahalbidetzen duena. Opari gisa ere interesgarria izan daitekeenez, lau aukera eskaintzen dituzte, 24,90 eurotik aurrera: bidalketa bakarrerako; hiru eta sei hilabeterako, eta urtebeterako.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión