Migrazioak kontrolatzeko Europak Afrikako iparraldea inbaditu zuenekoa
XVIII. Augustin Zubikarai sariaren laguntzaz, 'Afrikanerrak' idatzi du Eneko Barberenak, etorkizun hurbilean kokatutako nobela distopikoa
Elkar argitaletxeak plazaratu duen 'Afrikanerrak' eleberriaren azala, Irune Izquierdorena, zorabiagarri samarra da. Pantaila batek ezartzen duten mugen barruan azaltzen den tankeari 3Dko betaurreko urdin-gorri horietako batzuekin begiratzen bazaio, ordea, bat-bateko zehaztasun eta sakontasunarekin batera itxura mehatxatzailea dute kanoiak eta, batez ere, horren begiak.
Publicidad
Eneko Barberenak (Arrasate, 1983) Elkarrek eta Ondarroako Udalak antolatzen duten Augustin Zubikarai sariaren laguntzaz idatzi duen eleberriaren aurkezpenean Xabier Mendiguren editoreak esan du azaleko zera horrek ez duela lotura zuzenik eleberriaren mamiarekin, gehiago dela diseinatzailearen keinu bat. Hala ere, azala ez ezik liburua ere -aurretik olerkiak eta narrazio laburrak ekarri dituen Barberenaren lehen nobela- aldatu egiten da segun eta ze betaurrekorekin begiratzen zaion. Gainetik begiratzea badago, jakina, baina xehetasun denak ikusi nahi dituen irakurleari idazleak aurrean jartzen dizkion irudiak eta galderak ez dira gozoak.
Galderetan du jatorria hain zuzen liburuak. Hitzaurrean Hedoi Etxartek Orwellen '1984' eta Houellebecquen 'Les particules élémentaires' nobela distopikoen leinuan txertatu duen 'Afrikanerrak', alegia, Afrikatik Europara etorri nahi duten migratzaileen auzi larriarekiko indiferentziak eragindako galderetatik sortu zen.
Turistak eta paterak
Irudi bat ekarri du gogora aurkezpenean Barberenak: migratzailez betetako patera bat turistaz jositako Mediterraneoko hondartza batean; aisialdia eta tragedia. Eta, gehienetan, alde 'onean' jaiotzea tokatu zaienen axolagabetasuna, edo joera erasokorra, alde 'txarretik' datozenekiko.
Hori guztia urte batzuk eraman du aurrera Eneko Barberenak. Ez asko. Nobelan ez dago tramankulu edo teknika futuristarik. Dagoena da nahiko ezagunak egiten zaizkigun ezaugarriak dauzkan gerra bat. Izan ere, «migrazio ilegala kontrolatzeko eta mendebaldeko zibilizazioaren balioak defendatzeko» Afrikako iparraldea hartu dute Europar Batasuneko tropek. Inbadituak izan diren herrialdeek ez dutenez amore eman Mediterraneoaz bestaldeko 'nagusiaren' aurrean, gerra piztu da.
Publicidad
Inbaditzaileak ez ditu kikildu bertakoen erresistentziak. Itxi egin behar dira Europako ateak. Bestela, liburuan irakur daitekeen moduan, «bihar edo etzi, Maritxu Kajoi egunez burkak besterik ez ditugu ikusiko». Zeren hori baita Barberenaren liburuaren eztenkada ugarietako bat: euskaldun ustez jator eta ia definizioz aurrerakoiak -udal liburutegiko langilea, irakaslea...- bilakatzea pertsonaia higuingarri samarrak, beraiek eroso bizi diren artean Afrikan gertatzen denarekiko batere ardurarik, kezkarik edo zalantzarik ez dutenak. Are gutxiago ikuspegi kritikorik. Debagoienan kokatu du 'hemengo' aldea, «ondoen ezagutzen dudan ingurua delako, baina izan daiteke Donostia, Beasain edo Durango». Afrikan ere badabiltza euskaldun jator askoak. Debagoiena konpainia osatzen dute, alboan portugaldarren eta poloniarren batailoiak dituztela. Blog batean ematen dute han bizi dutenaren berri.
Jatorriaren arabera sailka daitezkeen ahotsak doaz aldizkatzen eleberrian. Batetik, 'Debagoiena konpainiaren asterokoa' blogaren bidez Afrikatik, gerratik, iristen direnak kontuak: XXI. mendeko 'afrikaner' militarizatu horien ibileren kronika. Propaganda hutsa, azken finean. Bestetik, Arrasaten, gerratik urrun baina horrekin konforme, bizi den «bikote arrunta» osatzen duten Eider eta Aitorrenak. Bakoitzak du berea, eta denek emango diote zer pentsatua irakurleari. Lotsa pittin bat sentitzeko arrazoiak ere bai, akaso.
Publicidad
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión