Harkaitz Cano izan du lagun Joxemari Iturraldek bere azken eleberriaren aurkezpenean. LOBO ALTUNA

«Historiak kontatzearen aldeko erreibindikazioa da liburu hau»

'Jamaikako neska' argitaratu du Joxemari Iturraldek, indar eta karisma handiko protagonista eta egitura berezia dituen eleberria

Martes, 4 de junio 2019, 19:58

Dafne Zorregieta Rondaall ez da nolanahiko izena. Hala ere, gauza bat da izen-abizen sendo eta iradokitzaileak asmatzea, eta beste bat horiek finkatzen duten mailari eutsiko dion pertsonaia sortu eta gorpuztea. Horixe egin du Joxemari Iturraldek (Tolosa, 1951) hiru urtez langai nagusi izan duen liburuan, indar eta karisma handiko protagonista eta egitura berezia dituen 'Jamaikako neska' eleberrian.

Publicidad

Pamielak argitaratu duen nobelako 240 orrialdeak bere egiten ditu, mende hartzen dituela esan liteke, Dafne Zorregieta Rondaallek, bere kontuekin zein etengabe kontatzen dituen beste askoren istorioen bitartez. Harkaitz Cano alboan zuela aurkeztu du Donostian 'Jamaikako neska' 2015 urteaz geroztik liburu berririk ekarri gabe zegoen idazle tolosarrak.

Canok azaldu ditu hain zuzen Iturralderen hamargarren nobelaren ildo nagusiak, «ertz asko dituen liburua» dela esanda. Protagonista bera ez da ertzik gabeko pertsona. Aitzitik, alde asko ditu, ez denak garden eta argiak. «Aita euskaldun erbesteratu baten alaba naiz eta Mexikon finkaturiko familia daukan holandar ama batena», dio bere buruaz Jamaikako Luzea hirian jaiotako Dafnek.

Luzea, ordea, Jamaikako neskaren ibileren abiapuntua baino ez da, toki askotan egondakoa baita Dafne Zorregieta. Bolada labur baterako izan bada ere, egon den toki guztiak bizitoki bilakatu ditu, ez pausaleku huts: Amsterdam, Mexiko Hiria, Buenos Aires, Lekeitio, Mutiloa... Eleberriko pertsonaia batek erabilitako latinezko esapide bat baliatu du Canok Dafne Zorregietaren funtzionatzeko era deskribatzeko: «'Solvitur ambulando'. Ibilian-ibilian joan da gauzak ezagutzen eta kon­pontzen».

Bizipen horien guztien ondorioz «nortasun nomada» du Dafne Zorregietak. Edo baliteke justu alderantzizkoa izatea kausen eta ondorioen arteko harremana, eta eszenatoki desberdinetan gertatzen diren bizipen horiek guztiak izatea protagonistak berezkoa duen izaera nomadaren ondorio. Edonola ere, horrela ibiltzeak ahalbidetu dio bost hizkun­tza menderatzea, beste zenbait lardaska­tzea eta itzulpengintzatik bizitzea. Euskal Herriari begira­tzean igarriko zaion «naziotasun likidoa» ere ekarri dio bihurgunez jositako ibilbide pertsonalak.

Publicidad

Xerazade modernoa

Harkaitz Canoren ikuspegitik, Iturralde bera bezala bidaiari amorratua da Dafne Zorregieta, abenturazalea: «Pertsona karismatikoa da. Putzu ilun baten inguruan dabil, erori gabe, nahiz eta zulo ilunak asko erakar­tzen duen». Zorigaitza erakartzen duela ere esaten duten zenbaitek.

Eleberriaren egitura, protagonista bera bezala, berezia da, aldakorra. Genero batetik bestera igarotzen da kontakizuna, 'mutatis mutandis', «western barojianotik nobela detektibeskora; memoria ariketatik ipuinera». Betiere ausardia handiz.

Publicidad

Irakurleak ez du liburuan aurkituko Dafneren adinari buruzko informazio zehatzik, baina argi dago asko ikusitako eta bizitako emakumea dela. Dafnerekin erdi enamoratuta bukatu duela aitortu du Iturraldek, eta Xerazade moderno batekin alderatu du «gertutasun handikoa» izan duen pertsonaia. 'Mila gau eta bat gehiago' liburu klasikoan istorio desberdin bat kontatu behar dio gauero Xerazadek erregeari bizirik jarraitu nahi badu. Dafneren kasuan egoera ez da horren muturrekoa, baina hala ere «kontatzea da bere bizi­tzeko modua».

Etxekonekoari buruzko kontu batetik abiatuta 50 urte edo 1.000 kilometro urrundu daitekeen kontalari horietakoa da Dafne. Hari guztiei egiten die tira, eta hari gehienek daramate nonbaitera. Batzuetan nahaspilatzen dira istorioak, katramilatzen dira, baina idazleak badaki nola askatu korapiloak, edo nola lotu hariak korapilorik egin gabe, irakurleak ez dezan amore eman eta, liburua bazter batean utzita, ez dezan «idazlea zigortu».

Publicidad

Etxera buelta

«Idazleok historiak kontatzen ditugu –esan du Iturraldek aurkezpenean–, eta alde horretatik omenaldi bat da liburua, historiak konta­tzearen aldeko erreibindikazio bat». Bere ibilbide literarioan ondo txertatutako lana ere bada azken nobela.

Segida historiko moduko bat dago Iturralderen zenbait eleberriren artean. Gerra Zibilean girotua da 1989ko 'Izua hemen'; frankismoa du atze-oihal 1997ko 'Kilkirra eta roulottea' nobelak... «ETAk hiltzeari utziko ziola iragarri zuen momentuarekin» egiten du bat 'Jamaikako neska'-k. «Hari ideologiko bat» ere badago, eta alde horretatik ez da huskeria protagonista euskaldun peto-petoa ez izatea eta egoerari kanpotik erreparatzea.

Publicidad

Hori ere ohikoa da Iturralderen lanetan. Makina bat aldiz bidali izan ditu ditu kanpora bere ipuin eta eleberrietako protagonista eus­kaldunak. Oraingoan, berriz, kontrako bidea egin du azken eleberrikoak. «Literaturak bi gai nagusi ditu –adierazi du idazleak–, etxetik alde egiteko gogoa eta, kanpoan zaudenean, etxera itzultzea».

Gaztetan, Iturraldek uste zuen zorte txarrekoa zela Euskal Herrian jaiotzea tokatu zitzaiolako. Horregatik irten da horrenbestetan. Hala ere, «zulo beltz batean bizi gara, eta beti bukatzen dugu Euskal Herriari buruz hitz egiten», esan du aurkezpenean. Euskal Herriarekiko lotura aitaren aldetik datorkion Dafneri ere beste horrenbeste gertatzen zaio. Azkenean, hainbat arrazoi tarteko, etxera bueltatu da 'Jamaikako neska'.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad