Inazio Mujika Iraola, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga. arizmendi

Pikotxean irakurtzeko «hiru liburu txiki handi»

Anjel Lertxundik, Koldo Izagirrek eta Inazio Mujika Iraolak idatzitako eta Antton Olariagak, Irrimarrak eta Maite Gurrutxagak ilustratutako lanak argitaratu ditu Ereinek

nerea azurmendi

Jueves, 7 de abril 2022, 13:09

Hitzak eta literatura ezinbestean lotuta badaude ere, badira hitz zehatz baten gainean eraikitako literaturaren inguruko proiektuak. Horietako bat da Erein argitaletxeak 2020an abian jarri zuen Pikotxean saila, hitzak berak zein adierazten duen jarrerak -kukubilko ere esaten zaio- eman baitzien haurrentzako sail bat sortzeko ideia. Sailaren 5. 6. eta 7. liburua aurkeztean editore eta egile gisa mintzatu zen Inazio Mujika Iraolak azaldu zuenez, «pikotxean irakurtzeak tentsioa eskatzen du, horregatik egin ditugu liburu ez oso luzeak, ez oso laburrak, pikotxean irakurtzeko modukoak». Liburu «txiki handiak dira», berme osoko idazle eta ilustrazaileen arteko «hiru ezkontzatzatik» sortuak eta bi kasutan, sailaren irudiko, hitz banaren gainean eraikiak.

Publicidad

Ezkontza horietako bat, Anjel Lertxundi eta Antton Olariagaren artekoa, aspaldikoa da. Oraingoan 'Botoitxo' eman du. Koldo Izagirre eta Irrimarra ere aritu izan dira bikotean -hirukotean, hobe, bi kide baititu Irrimarrak, Irene Irureta eta Karmele Gorroño-, baita Inazio Mujika Iraola eta Maite Gurrutxaga ere.

Hiru liburuen azalak.

'Botoitxo' ez da Anjel Lertxundik Pikotxean sailerako idatzi duen lehen liburua. Orain arte kalean zeuden lau ipuinetako bi bereak dira ('Zakarruko' eta 'Donostian elefanteak ikusi zirenekoa') eta beste bi Mujika Iraolarenak ('Hans eta igela' eta 'Ez apuratu').

Lertxundiren aurreko bi ipuin horiek, baina, aspaldi argitaratuta zeuden lanen berrikuspenak dira. 'Botoitxo' berri-berria da, nahiz eta idazleak aspalditik zerabilen bueltaka buruan izenburu bilakatu duen hitza. «Haur literatura literatura da, bere ezaugarri propiokin, baina artea izateari utzi gabe. Horrek esan nahi du haurrentzat egokia dena helduentzat ere badela, haur literatura asko helduek irakurtzeko modukoa dela, eta berdin-berdin funtzionatzen duela helduen artean ere» esan zuen Lertxundik, eta gogoratu zuen literatura kontakizunekin egiten dela, «baina baita ere hitzaren lilurarekin».

«Haur literatura literatura da, bere ezaugarri propiokin, baina artea izateari utzi gabe. Horrek esan nahi du haurrentzat egokia dena helduentzat ere badela»

anjel lertxundi

«Gizon botoitxoa» esaera entzun zuenetik «gizon txapal eta txiki» bat deskrikatzeko, 'botoitxo' hitzak zeukan liluratuta Anjel Lertxundi. Ipuin berri bat eskatu ziotenean ez zuen dudarik izan: «Buruan bueltaka nerabilen 'botoitxo' hura etorri zitzaidan, eta sortu zitzaidan kajoiez betetako eta botoiez jositako mertzeri bat zeukan emakume bat. Hitz batetik sortu zitzaidan hori guztia, eta hortik harilkatu nuen ipuina». Botoitxo esaten dioten emakumearengana joatea eta jostea asko gustatzen zaion mutil koskor bat ere badago, eta giltzaz itxita egoten den kajoi batean gordetako sekretua, gordeta hobe zegoena agerian baino, «tragedia bilakatzen baita mutikoa lotsagabea izan delako eta giltzari emateko tentazioa izan duelako».

Publicidad

Denda bera ere bada protagonista Antton Olariagren marrazkiei esker, ohi duen moduan idazleak sortutako istorioari beste ikuspegi batetik begiratu baitio, marrazkien bitartez. «Anttoni asko zor diot. Neuk idatzi dudan istoriari beste alde batetik begiratzeko gaitasuna ematen dit, testuaren beste perspektiba bat, nik neuk ikusi ez dudana. Urtetan hori praktikatuz berarengandik ikaragarri ikasi dut», esan zuen Lertxundik, eta idazlearen hitzak berretsi zituen Antton Olariagak azalduz testua «akuilu moduan» hartzen duela bere «fikzio propioa sortzeko».

'Irakurtzen ez zekien zakurra'

Erronka gisa planteatu zioten Koldo Izagirreri 9.000-10.000 karakteretan istorio bat gara zezan, tentsio eta intrigaduna, inportanteak baitira osagai horiek pikotxean zein beste edozein jarreratan irakurtzeko.

Publicidad

'Irakurtzen ez zuen zakurra' sortu zuen. «Bi protagonista nabarmen ditu, Naroa neskatoa eta zakurra, eta protagonismo ezkutu bat dute liburuek. Kontakizunaren oinarria dira, liburuen presentziarik gabe ez nukeen kontatu ahal izango istorio hau», esan zuen Izagirrek.

Naroaren gurasoen obsesioetako bat, guraso askorena, alabak liburuak irakur ditzan lortzea da. Naroak, baina, pixuzko arrazoiak ditu liburuak gogoko ez izateko. Irekitzen ditu, baina ez ditu irakurtzen. Gehiago gustatzen zaizkio kalean erantsita dauden paperak. Horiek arretaz irakurtzen ditu, eta halako batean aurkituko du zakur baten desagerpenaren berri ematen duen bat.

Publicidad

«Idazleok idazteko askatasuna badugu, ezin dezakegu irakurketa derrigorrezko betebehar moral bihurtu, ez genuke hartu beharko hartzen dugun bezala»

koldo izagirre

Naroari bururatzen zaio zakurra «ez dela galdu, iheska dabilela, eta bila hasten da. Ez du aurkitzen. Hori bera izan zitekeen intriga handiko abentura, baina ez da kasua -argitu zuen idazleak-. Hala ere, azkenean topo egingo du zakurrarekin, edo zakur hori dela uste duen animaliarekin».

Zakurraren inguruko istorioaren bidez irakurketa derrigortua dela eta gurasoen eta haurraren artean sortzen den talka islatu du Izagirrek, besteak beste. Ustezko arazo horri ematen zaizkion ustezko irtenbideak ere izan zituen hizpide aurkezpenean: «Idazleok idazteko askatasuna badugu, ezin dezakegu irakurketa derrigorrezko betebehar moral bihurtu, ez genuke hartu beharko hartzen dugun bezala».

Publicidad

Beldurraren hazia

'Marrakatxarra' ere hitz berezi batetik sortutako ipuina da. Inazio Mujika Iraolak oso hurbilekoa duen hitz batetik, etxean erabiltzen baitzuten, seme-alabak txikiak zirenean, beldurrak uxatzeko

Hiru liburuak aurkeztu ziren Donostiako Liburutegi Nagusitik oso hurbil bizi izan zen «idazle handi bati», Ander Arzelusi (Donostia, 1898-Baiona, 1949), maileguan hartutako hitza da. Haurrak beldur zirenean «hortza hortzari eman eta ireki gabe 'marrakatxarra' behin eta berriz esaten genuen, izu horiei aurre egiteko». Familian birizik jarraitzen duen ohituran oinarrituta sortu «beldurraren hazia non dagoen» argitu nahi duen ipuina, 'marrakatxarra' hitzari «beste jokaleku bat» eman nahi izan diona.

Protagonista Ander izeneko haurra da. Egun batean, eskolatik bueltan, aita sukaldean ari dela, jolasean, hiru mandarinarekin malabarismoak egiten dituen bitartean gurasoen logelara iritsiko da, eta han ikusiko du, aitaren ordenadorearen mahaian, lehenago ikusi gabeko argazki bat. Gizon ezezagun bat, amona gaztearen eta aita haurraren ondoan. Izua eragingo dio argazkian ikusi duenak. Beldur horri egin beharko dio aurre, alegia, eta jatorria non duen aurkitu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad