Gazteak protagonista bilakatzeko eta liburuetara erakartzeko saioa
Jasone Osororen 'Festa', Oihana Iguaranen 'Hormak' eta eta Jordi Sierra i Fabraren 'Malkoak euritan' liburuekin abiatu du Elkar etxeak #traola bilduma berria
#traola, Elkar argitaletxeak oraintsu abian jarri duen sail berriari emandako izena, guztiz bateragarriak diren baina maiz elkarrengandik urrun dauden bi munduren arteko lokarri moduko bat izan daiteke. Batetik, sare sozialetan zerbaiti ikusgarritasuna emateko erabiltzen den ikurra da. Bestetik, Antxiñe Mendizabal editoreak saileko lehen hiru liburuen aurkezpenean azaldu zuenez, «arrantzarako haria biltzeko» tresna, zeinaren bitartez argitaletxeak «irakurle gazteak harrapatu» nahi dituen, eta liburuetara erakarri.
Publicidad
Mendizabalek argitu zuenez, dena den, «ez dira bakarrik gazteei zuzendutako liburuak eta istorioak. Horrez gain, gazteen hainbat historia diferente bildu nahi ditugu, eta gazteak bilakatu protagonista». Aurreneko entregak bi jatorrizko lan eta itzulpen bat ekarri ditu, eskarmentu handiko bi idazlerenak –Jasone Osoro eta Jordi Sierra i Fabra– eta aurreneko liburua argitaratu duen Oihana Iguaranena.
Festaren biharamuna
Gazte askorentzat literaturarako sarbide izan diren hainbat liburu idatzi dituen Jasone Osororen 'Festa'-k ireki du saila. 16 urteko Andrea eta Sofia dira protagonistak. Oso desberdinak dira beraien artean: «Andrea bere bi amekin bizi da. Neska errebeldea da, eta ez zaizkio gustatzen loturak. Sofiak, berriz, askoz gehiago behar du gurasoen babesa». Ikasturte amaiera dela eta, festa batera joango dira eta han, igerileku baten bueltan, «gauza berriak probatuko dituzte, jolastu egingo dute, bizitzan dela erraza izango balitz bezala». Bizitza ez da ordea festa, eta Sofia luze gabe jabetuko da horretaz, haurdun geratuko baita gau horretan izandako sexu-harremanen ondorioz. Orduan, «igeri egiten ikasi beharko du bizitzan; konturatzen denean haurdun dagoela erabakiak hartu beharko ditu, eta igeri egiten duen bitartean konturatuko da bertigoa ematen dion egoera bati aurre egin beharko diola, eta heldua izatea erabakiak hartzea dela».
Konfinamenduan idatzitako eleberri honetan, idazlea saiatu da «fikzioaren bidez kontatzen diren egiek» akuilaturik irakurleak bere buruari galdetzea «zer sentituko lukeen Sofiaren lekuan egongo balitz». Izan ere, «nerabeek inoiz baino informazio gehiago daukate eskura, baina hala ere gelditzen dira haurdun. Gazteek bizi egin behar dute, baina inportantea da ohartzea uste ez dugunean bizitza hankaz gora jartzen zaigula». Sofiak aurpegi eman behar dion kinka da hari nagusia, baina adiskidetasunak ere toki nabarmena du, «adiskidetasuna kontatzea ere garrantzitsua delako».
Hormetako biolentzia
Sofiaren bizitza festa batek aldatuko du. Oihana Iguaran bertsolari gipuzkoarraren lehen eleberriko protagonistarena, berriz, hormek, 'Lea puta' pintada agertuko baita institutuko paretetan.
'Hormak'-en abiapuntua Ahalduntze Bertso Eskolako saio batean kokatu zuen Iguaranek. Aurkezpenean gogoratu zuenez, «pintada horren harira kantatzean eztabaidagai handia izan nuen buruan bueltaka, eta horrela jarraitu zuen, interesatzen zaizkidan eta ukitzen nauten gai asko» hartzen baitzituen barne.
Publicidad
«Fikzioa errealitatean eragiteko tresna oso indartsua» dela sinetsirik, eta sinestuta halaber «gazteei eragiten dieten gaiek guztioi eragiten digutela», bere burutik paperera eraman zuen afera. «Paisaian daukagun indarkeria sinbolikoaz, eta paisaiaren parte bilakatzen den biolentziaz, batzuetan idenfifikatzen zaila den horretaz» gogoetatzeko eta azaltzeko «hormak gure harremantzeko moduen metafora» izan daitezkeela.
Lau gazte eta bi heldu dira protagonistak, eta sei ahots horietatik kontatu du historia. Pintada lehen aldiz ikusten duten unetik aurrera jarraituko ditu idazleak sei pertsonaiak, eta bakoitzaren jarrera ez ezik «beraien artean dauden botere harremanak» azaleratuko ditu. «Nork egin duen eta zergatik ikusiko dugu, eta bakoitza non kokatzen den ere bai, nondik abiatzen diren erantzun bila... Hor azaltzen diren inertziak interesatzen zaizkit», zehaztu zuen.
Publicidad
Ramon Olasagastik euskaratu duen Jordi Sierra y Fabraren 'Malkoak euritan' nobelak, berriz, dolua eta maite ditugunen heriotzaren kudeaketa dakartza lehen planora, Leo Calvert rock abeslariaren heriotzaren ondoren Grace izeneko alabak burutu beharko duen bidaia emozionalaren bidez. Calvert, hil ondoren, mito bihurtu da, eta haren hilobia ehunka jarraitzaileren erromes-lekua. Grace alabak gorroto ditu aitaren heriotza etengabe gogora ekartzen dizkioten omenaldiak. Aitaren mireslea den Normanek, ordea, bizitza aldatuko dio. Aitari buruz amak ezkutatu dizkion bizitzako pasarteak argitu beharko ditu Gracek. 2Artista ospetsu baten argiak eta itzalen kronika hunkigarria« da alegia eleberria.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión