ARMANDO ARORIZO / EFE

Egun handia arte, Anne

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 19 de diciembre 2021, 12:26

New Orleanseko taberna batean gaude. Joan den mendeko azkenetako urte batean. Artikulu baterako materiala dabilen kazetari kasik hasiberriak itzaletan ere itxura harrigarria duen izaki batekin egiten du topo. Ofizioz eta bizimoduz hasten zaio galdezka eskarmentu gutxiko izkiriatzailea; elkarrizketa baterako prest? Ezezagunak baiezkoa eman. Are, nahia du, nahi eta beharra 200 urtetan zehar zabaltzen den bere istorioa kontatzeko.

Publicidad

200 urtetako kontakizuna? Zure familiaren berri emango didazu, orduan. Bai, emango dizut baina nik neuk bizi izan ditut urte horiek guztiak. Banpiro nauzu eta. Louis de Pointe du Lac naiz, Lestat de Lioncourtek bihurtu ninduen hilezkor. Badira bi mende eguna argitzen azkenengoz ikusi nuela.

Beldur da kazetaria baina nork baztertuko luke hori bezalako kontakizuna?

Horrela ekin zion hil berri den Anne Ricek banpiroen inguruan sinetsi izan dugun ia guztia azpikoz gora jarriko zuen bere lanari, 1976an hasi eta 2018 arte zabalduko zen hil ezin duten kreatura horien erretratuari.

Hasierako istorio hark 'Interview with the Vampire' zuen izenburua. Bai, 'Banpiroarekin entrebista', 'elkarrizketa'. Abiapuntutik beretik, eskandalua. Eskandalua eta harridura. Noiztik, nola leike Errumaniako Vlad Tepes printze odolkoiaren ondorengorik gizaki arrunt bati ezer azaltzeko prest izatea?

Nolatan Bram Stokerrek sortu eta Murnau, Browninge, Pere Portabella, Terence Fischer, Jess Franco, Coppola eta beste hainbat zinemagilek garatu zuten Drakula pertsonaiaren ondokorik agerian (kasik argitan) agertu nahi izatea?

Publicidad

Hor hasi zen dena. Harridura-markek zigilaturiko galderaz beterik geunden denok, mendeetan barna gure amesgaiztoetan iraun duten horien bilakaera txundigarriaz gehiago jakin nahi genuen beren zerbitzari Fidel orok.

Louisianan jaio eta Kaliforniako arrantxo batean zendu berri den Anne Ricek hamarkadetan barna kontatu zigun guk entzun nahi genuen hori: banpiroa zen itzaletan gordeta diren munstro (edo) guztien artean hobekien, jakinduria handienez, maltzurkeria distiratsuenez garaien dantzara egokitu dena; egokitzen jarraituko duena, ezaguna dugun mundu hertsi hau desagertu arte. Ondoren ere.

Publicidad

Argitaletxe makina batek errefus egindako liburu hartan, bost urteko alaba leuzemiak jota galdu berri zuela idatzitako hartan, adierazi zigun Annek banpiroen miresleok ez ginela oker: zertan izan behar luke kristauen jainkoaren beldur bere biktimen arteko hautatuari betiereko bizitza eskaintzen dion horrek? John Badhamek zuzenduriko filmean gurutze batekin geldiarazi nahi zuen bati ez al zion ba esan berak, tortura ikur hark ez zuela inoiz menderatuko, ezta belauniko jarraraziko ere? Beste pelikula batean fedea galduta zuen apaiza katolikoari ez al zitzaion ba ezinezko suertatu bere burua defendatzea…. Justu horrexegatik, fedegabea zelako?

Bai, Anne jakitun zen, multibertso fantastiko eta gotikoan gustura bizi garenongandik izan ezik, beste guztiengandik kritika txarrak jaso zituen hamahiruz osaturiko saileko lehen liburu hartan beldurrik pe adierazi zuen banpiroak ez zuela ez nagusirik ez etsairik. Ez zeru goienetan ez infernuko sakonetan. Are gehiago, guk geuk zinez sinesten genuen herri tradiziotik at, libre eta salbu dago.

Publicidad

Polanskik jakinaren gainean jarri gintuen bere 'Dance of the Vampires' miragarri hartan, baratxuriak ez du letagin luzedunen odol egarria oztopatzen. Ezta pentsatu ere. Kontu bakarra, zera: darion usainari kiratsa deritzotela, besterik gabe. Eta aldendu egiten dira, zainetan zehar isurtzen den likidoa nahiago.

Annek urtetan zehar idatziriko hamahiru atal horietan (non, egia esatearren zaborra ere baden; baita alferrikako hainbat eta hainbat pasarte eta pertsonaia ere) baieztatu genuen, plazer handiz, hesolak ere ez zirela banpiro batekin akabatzeko tresnarik egokiena.Beren arteko gorrotoaz gaindi,banpiroen buru nor izateko lehian izan daitezkeen biktimez aparte, sua da banpiroa, min bizia emanez hauts bihurtuko duen arma bakarra.

Publicidad

Eta eguzkia? Annek baino askoz lehenago kontatu zigun Kathryn Bigelowek eguzkitako antiojo onak jantziz gero, banpiroak gauza zirela argipean ibiltzeko… biktimen bila.

Atrebentzia guztiak gainditu zituzten Annek eta bere izakiek. Esaterako, Parisen, Europako banpiro aspaldikoek eliz batean egiten zuten lo, askorentzako sakratuak ziren figura, lur eta aldareen babesean!

Balentriaz beteriko liburuak dira Annerenak. Baita tragediak eta minak besarkatuak ere. Gutako inori ez zaio, ez zaigu ahaztuko Claudia izeneko kreatura. Izurretik, gosetik, ohiko heriotik salbatzearren, Louisek eta Lestatek bihurtu zuten banpiro…. neskatoa baino ez zelarik. Urteak joan, urteak etorri, Claudia arras eboluzionatu zen. Emakume jantzia, ikasia, sentsuala, desiraz eta guraz, gorrotoz eta amodioz beteriko piztia…. Barrutik. Itxuraz, berriz, urteak joan, urteak etorri, Louisek eta Lestatek iskin batean, ama hildakoaren ondoan negarrez aurkitu zuen ume eder hura baino ez zen…

Noticia Patrocinada

Otsoekin Xabier Leteren Txano Gorritxu bezain gustura, trufari, aise eta airos dabilen Neil Jordan zuzendariak zinema bihurtu zuen paperezko entrebista hori 1994ean, Tom Cruise Lestat izanik eta Brad Pitt, Louis. Ahaztu barik, Pariseko banpiroen buruzagi zen Armand Antonio Banderasengan zela haragiturik. Ahaztu barik, Kirsten Dunst zela Claudia zorigaiztokoa. Han hasi ginen asko seko maitatzen.

Zendu berri da Anne Rice. Minak zauritu/zulatu/usteldu zion sarri bihotza. 100 milioi liburu saldu zituen. Denak ez ziren onak. Asko ziren txarrak oso baina errespetua zor diogu, errespetu izugarria banpiroak miresten ditugunok.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad