Maite Mutuberria eta Leire Bilbao, astelehen goiz honetan Donostian. MICHELENA

'Barruko hotsak', irakurtzeko, ikusteko eta entzuteko soinu txikiak

«Ume baten egunerokoaren soinu banda» sortu dute Leire Bilbao idazleak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak, Xabier Zabala musikariaren laguntzarekin

nerea azurmendi

Lunes, 22 de noviembre 2021, 16:18

2016ko 'Piztipoemak eta beste xomorro batzuk' eta 'Xomorropoemak eta beste piztia batzuk' liburuen egileen eskutik, 'Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk' heldu da oraingoan. Haietan bezala (Pamiela argitaletxearen Mila Gau saileko 6 eta 7 zenbakiak dira hurrenez hurren, eta iaz berrargitaratu ziren biak) Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) idazleak eta Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985) ilustratzaileak talentuak eta indarrak batu dituzte gogorarazten jarraitzeko poesia dela haurrentzat literaturarako eta beste zenbait mundutarako sarbiderik egokiena. Konplize oso berezi bat izan dute xomorro eta piztien ordez soinuak dakartzan liburu honetan: Xabier Zabala musikari eta konpositore zarauztarra. 'Barruko hotsak eta beste soinu txiki batzuk' aurrekoen sail berean argitaratu du Pamiela etxeak, 11. zenbakiarekin, eta haiek bezala 6 urtetik gorako haurrentzat da egokia.

Publicidad

«Bide berriak bilatzen jarraitzen dugu, eta bide berriak aurkitu ditugu», esan du Leire Bilbaok Maite Mutuberriarekin burutu duen bilaketaren emaitza aurkezterakoan. Duela bizpahiru urte izan zuen «soinuei, barruko hotsei buruzko liburu bat» egiteko ideia. «Material poetiko ezin hobea» iruditu zitzaizkion, alegia, «gure egunerokoa islatzen duten hots horiek. Oso barneratuak ditugu, batzuetan oharkabean joaten dira eta beste batzuetan, berriz, entzun arren ez ditugu aditzen».

Hots eta soinu horiek guztiek poema bilakatu ditu, hamar kapitulutan, «ume baten eguna kontatuz, esnatzen denetik berriro lokartzen den artean, soinuen bidez». Nola esnatzen den, zein soinu entzuten dituen bainugelan, janztean, ikastolarako bidean... Musika estilo guztiek dute tokia egunak aurrera egin ahala.

Liburu jolastia

Bilbaok azaldu duenez, «egun arrunt batean egiten diren gauzak dira, ohiko hurrenkeran eginak. Hor izaten diren soinu horietako ahalik eta gehien jasotzen saiatu gara. Liburu honekin forma berriak probatu nahi genituen, liburu jolastia egin nahi izan dugu». Maite Mutuberriak ere bilaketa-prozesu hori nabarmendu du, eta adierazi du denbora asko eman diotela elkarrekin egin duten liburu honi.

Funtsean, «poema bakoitzean irudi bat ikusten da, eta soinu bat entzuten da, baita barrurantza irakurtzean ere». Testuak sortzeko orduan asko jo du Leire Bilbaok onomatopeietara. Marrazkilariak, berriz, bi eratako ekarpenak egin ditu: kaligramak eta ilustrazioak. «Maitek letrekin soinuak idatzi nahi izan ditu, eta marrazkiekin ere gauza bera egin du. Gero Xabier Zabala konplize izan dugu, eta sortu QR baten bidez entzun daitekeen ume baten egunerokoaren soinu banda», esan du Bilbaok.

Publicidad

Haren testuek ilustratzailearentzat oso ona den gauza bat daukatela nabarmendu du, berriz, Maite Mutuberriak: «Irudiz josita daide, oso aberatsak dira, eta oso bitxiak». Poema horietatik abiatuta bi ariketa egin ditu marrazkilari nafarrak: «Sortzeko prozesuan bi garai bereizi ditut, alde batetik diseinuak eta bestetik iustrazioak. Aurreneko atalean, poema bakoitzak du bere kaligrama. Nik nahi nuen poemak begiekin entzutea, eta horretarako egin ditut diseinuak. Oso estimulagarria izan da niretzat...».

Prozesuaren bigarren zatian ilustrazioak egin zituen. «Poemek nortasun sendoa dutela ikusi nuenez, erabaki nuen ilustrazioak testuetatik pixka bat urruntzea, bai fisikoki eta bai kontzeptualki ere. Hori dela eta, abiatzen dira poematik, baina eraman nahi dute irakurlea beste toki batera. Kasu guztietan, protagonista giza gorputza da, eta hori irudikatu nahi izan dut irudi garbiak, zuzenak eta soilak egitean», adierazi du ilustratzaileak.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad