Amaia Ezpeldoiren erretreta hartu aurreko azken kasua
1994an hasitako zikloa itxi du Itxaro Bordak 'Euri zitalari esker' nobelarekin, bere «detektibe rurala» bilakatuz «memoria kolektiboaren arrago»
Aitzindari hitza gehiegi erabiltzen da egunotan, gehienetan gaizki, baina Amaia Ezpeldoi, Itxaro Bordak lehen aldiz 1994ko 'Bakean ützi arte' eleberrian ekarri zuen 'detektibe rurala' –horrelaxe izendatzen du berak bere burua– aitzindaria izan zen, geroztik liburuetara eta telesailetara heldu diren emakume detektibeak aintzat hartzen badira.
Publicidad
Heldu zaio, baina, ziklo profesional eta pertsonal bat itxi eta erretreta hartzeko ordua; Joana Garraldarekin batera aurreneko ikerketa burutu zuen Zuberoara itzuli eta Atharratzeko baserri batean lasai bizitzekoa.
Ez, ordea, azken kasu bat argitu eta balantze orokor moduko bat egin gabe, Amaia Ezpeldoi protagonista duten eleberri guztietan detektibe historiaz harago joan baita Borda, unean uneko errealitateari iragazki leungarririk gabe erreparatuz. Horrenbestez, ziklo sozial baten itxiera dela ere esan daiteke.
Aurreko bostak bezala, 'Euri zitalari esker' Susak argitaratu du, eta seigarren honek ere kanta bati zor dio izenburua. Kasu honetan, Ezpeldoik autoan behin eta berriro, «higatu arte», entzuten duen Itoiz taldearen 'Ezekiel' diskoko 'Ezekielen prophezia' abestiari. Liburua aurkeztean, Amaia Ezpeldoiren azkena izango dela baieztatu zuen Itxaro Bordak, bakean utziko duela berak sortutako pertsonaia ezagunena.
Ekitaldian lagun izan zuen Maialen Berasategiren hitzetan, Amaia Ezpeldoik «aurrera begiratzen du erretretaren promesa dela medio, baina aldi berean 30 urteko errepaso bat, balantze bat egiten du. Agertzen dira lehengo istorioak, baina ez dago haria galtzeko arriskurik». Gainera, «korapiloa bezain garrantzitsuak dira harainoko bidea eta bidean dauden gai sozial eta soziopolitikoak».
Publicidad
«Agertzen dira lehengo istorioak, baina ez dago haria galtzeko arriskurik»
maialen berasategi
Korapiloa, kasu honetan, desagertze bat da, Maddi neska gaztearena. Haren amaren dei bat jasoko du Amaia Ezpeldoik, etxe-aldaketan murgilduta dabilela. «Azken ikerketa bat eginen duzu, enetako, ez zaizu damutuko, biziki ongi ordainduko zaitut», esaten dio, eta baiezko erantzuna jaso.
Ikerketan aurrera egin ahala konturatuko dira Landetara ezkontzean arrastoa galdu zioten Maddik ez zeramala amak uste zuen bizitza, 'escort girl' gisa lan egindakoa zela, dirua, sexua eta zoko ilun asko uztartzen dituen munduan.
Publicidad
Batere erraza gertatuko ez zaion inkestan agertzen joango diren pertsonaien, Ezpeldoiren izaeraren zati diren denetariko digresioen –«zer litzateke bizitza komentariorik gabe?», esan zuen Bordak– eta idazkeraren bidez eleberri zehatz honen trama gainditzen duten hariak luzatu ditu idazleak. Horietako bat da «lurraldetasunarena. Lehen bost tomoetan Euskal Herriko eskualde eta hiriburu guztiak ibili ditu. Hemen erdirat jotzen du. Donibane Garazin hasten da inkesta, hortik Baztanera doa, beste zentralitate batera, baina gehien bat Landa departamenduaren erdian, oihanean, dabil».
«Euskalkiak denak euskara direla onartzen hastea da nahi dudana. Sei nobeletan izan dut arrangura hori hizkuntzarekin»
itxaro borda
«Generoaren bilakaera» da beste hari bat. «Lehen nobelan Amaia Ezpeldoi bikotean aurkitzen dugu, Joana Garralda ezagutzen duen arte. Hor iluminazio bat gertatzen da, bere lesbianotasunaren onartzerainokoa». Azken honetan ikusiko da, berriz, «gauzak ez direla hain zehatzak eta finkoak».
Publicidad
Denetariko bilakaerak
Euskararena da, ezbairik gabe, haririk garrantzitsuenetakoa, «bilakaera bat biziki nahita egin dudana, euskalki batetik euskara batua deitzen dugun horretarako bidea. Azkenean, euskalkiak, gure auzokoak, denak, euskara direla onartzen hastea da nahi dudana. Sei nobeletan izan dut arrangura hori hizkuntzarekin, hizkuntza beti dagoelako generoaren, politikaren eta guztiaren oinarrian. Frantziako Kontseilu Konstituzionalaren erabakiarekin, argi da gramatika politika dela».
Euskararen doinuak ugariak dira nobelan, pertsonaiak ere bai, aspalditxokoak barne. «Aurreko nobeletakoak sartu ditut, apoteosi batean bukatzeko», adierazi zuen. Denak izan dira «azken 30 urte hauetan Iparraldean eta Hegoaldean» gertatu denaren lekuko. Alde horretatik, amaitu berri den honetan osorik berreskura daitekeen bilduma bera bada azken hamarkadetako bilakaera soziopolitikoaren isla.
Publicidad
Pertsonaiarekin batera urteak betetzen eta inguruan gertatu denaren kronika idazten joan den idazleari gustatuko litzaioke, alegia, Ezpeldoi izatea «azken batean, memoria kolektiboaren arrago bat».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión