

Secciones
Servicios
Destacamos
Historian atzera jota une gutxitan ez da muga liskarrerako arazo izan. Ertz asko dituen ataka izanda, 'Arizona' emankizunarekin umorea egiterakoan «pudorea» eta «zalantzak» izan dituzte Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak, baina aldi berean dokumentazio prozesuan argi ikusi dute benetako protagonistak antzerkiko pertsonaiak baino «askoz ere pertsonaiagoak» direla eta, horrek, lasaitasun handia eman die. Publikoaren erantzunak bezala. «Estreinatu aurretik 60tik emanaldi gora lotuak genituen. Hori oso gutxitan lortzen den zerbait da eta sekulako lasaitasuna ematen dizu», eskertzen du Garmendiak. Igandea bitarte Donostiako Antzoki Zaharreko oholtzan eskainiko dute umoretik asko duen eta are hausnarketa gehiago sortuko dituen 'Arizona' (Txalo).
Testu originala Juan Carlos Rubiorena da, duela hamarkadatik gora idatzia, eta oinarrian George W. Bushen garaietako 'Minuteman' proiektua du, 2000 urtearen bueltan Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak Mexikotik heldutako migratzaileei mugak ixtea ardatz zuen diskurtsoa berrabiarazteko sortu zuena. «Antzerkiak bere ibilbidea izan zuen, biran ere ibili zen eta bertsio bat baino gehiago egon zen», oroitzen du Plazaolak. Hura euskaratu du Kepa Errastik, George eta Margaret protagonistak mantenduz, baina bestelako aldaketak ere gehituz. George [Plazaola] «sartu dioten ideologia eta mezuekin itsu-itsuan konbentzitua» dago, baina Margaretek [Garmendia] «galdera asko» botatzen ditu. Kontraste horrek eta, batez ere sortzen dituen isiltasun uneek, joko handia ematen dute. Ez da ohikoena eta hasieran aktoreei ere «pisutsu» egin zitzaizkien, baina argi dute «funtsezkoak» direla. «Hasieran gogorra egiten zitzaigun, isilik geratzean ez delako ezer gertatzen eta zulo handi bat sentitzen duzulako. Baina beharrezkoak dira, batez ere nire pertsonaiak hausnarketara bideratutako galderak egiten dituenean, zer erantzun ez dakienean». Esaterako 'zergatik hegoaldekoek ezin dute gurutzatu baina iparraldekoek bai?'. Hausnarketa une horiez gain, txisteen erremateak finagoak izan daitezen ere laguntzen du. «Komedia erritmoa da, musikalitatea, zehatza izan behar da. 'Arizona'-n bereziki ondo neurtuak egon behar direla konturatu gara», dio Plazaolak.
Emanaldiz emanaldi goruntz jo du emanaldiak eta zaldibiarrak uste du zortzi edo hamargarrenean eman zuela jauzi handia. Publikoa entzunda txertatu dituzten aldaketek ere lagundu dutela iritzi dute. «Funtzio bat bizirik dago azken funtziora arte. Eta ikusten dugunean gauza batzuk besteak baino gehiago funtzionatzen dutela egokitzen goaz, batzuk kendu eta besteak jarri, eta inprobisazioaren tartea beti dago hor», argitzen du Garmendiak. Are gehiago alboan Plazaola badu. «Beti esaten dugu, 'benga goazen jolasordura'. Gure arrisku handiena da segun eta nora eramaten gaituen barre egiteko joera badaukagula. Hala ere esan behar dut inoiz baino helduago gatozela», dio barre artean. Ildo horretan, biek azpimarratzen dute alboan denarekiko errespetua «funtsezkoa» dela, «une klabeak edo bestearen fokua» ez zapaltzea.
Konpainia. Txalo.
Aktoreak. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola.
Datak. Apirilak 24, 25 eta 26 19:30ean; 27 19:00etan.
Testua. Juan Carlos Rubio.
Azken testua eratzeko prozesuan ere izan zen bilakaera, izan ere, lehen zirriborroetan testuak «egoera nahiko errealista antzezten zuen», kontatzen du Garmendiak. Eta ostean, haiek erabakita, joan da parodiarantz gerturatzen. Hein batean erronka izan dela dio zaldibiarrak. «Bikote umoristiko bezala egitera ohituta gauden tonu horretatik aldendu gara, askoz ere farsezkoagoa da, pertsonaiek badute clown izaera hori». Biek diote gaia hain gordina izanik «erakargarriago eta maskagarriago» egiteko modua izan dela. Sarean diren garaiko hainbat erreportaje eta dokumental ikusita argi baitute «errealitateak fikzioa askogatik gainditu» zuela. Besteak beste, zerrendatzen du Plazaolak, boluntario haietako batzuk boluntario batzuk hasi zirelako putzuak pozoitu zituzten mexikarrek bertatik edan ez zezaten, bat baino gehiago tiroka hasi ziren justizia bere gain hartuz... «Proiektuak ez zuen ez hanka, ez buru eta ez belarri. Eta eztanda egin zuen, dena pikutara joan zen, baina oihartzun handirik gabe», gehitzen du penaz. Hala, pertsonaiak eratzerakoan ere «oso motz» geratzen zirela ikustean, bestelako askatasun bat eman sentitu zuten «parodiaren, farsaren edo absurdoaren kodigoa» erabiltzeko.
Bi aktoreek proposamena duela hiru edo lau urte jaso zuten lehen aldiz eta zalantza gutxi izan zuten. Batetik, testuaren mailagatik; bestetik, bazelako bolada bat elkarrekin ez zutela lanik egiten. Agenda arrazoiak eta bestelako proiektuak tartean, urtarrila arte ez zen posible izan. Entseguak gogo handiz hartu zituzten eta 'Arizona' «jolasordura» itzultzea bezala izan da. Uneak gaia lehen lerrora ekarri du «zoritxarrez», egun hedabideetan «tarte handia baitu» eta estreinatu zen aste berean izan baitzen Donald Trumpen bigarren inbestidura.
Erronka hartu izanaz pozik da Garmendia, «'Arizona' egitea terapeutikoa» izan delakoan. «Egun notiziak ikustea ia militantzia aktu bat da. Psikologikoki eta emozionalki porru eginda uzten gaitu. Errealitatea, egoera, izugarri gogorra eta gordina iruditzen zait eta gizartea eta mundua ulertzen lagundu dit». Hala, zaldibiarrak uste du «antzerkia eta komedia errealitatea islatzeko eta astintzeko arma oso eraginkorra» dela, besteak beste «errealitatea beste aurpegi edo tresna» batzuekin erakusten duelako. Bat dator Plazaola, antzezlanak barre eta algara artean «ezusteko baina beharrezko zaplaztekoa» ematen duelako, bereziki amaiera aldera. «Ikusleak ikusi duenari buruz iritzi bat eraiki du eta tentsioa sortzen du. Isiltasun ederra sortzen da».
Esan bezala, oinarria 2000 urteko gertakariak dira. «Horrek esan nahi du planteatzen diren problematikak-eta oraindik hor daudela eta ez direla konpondu. Zoritxarrez alde horretatik; eta zorionez, guretzat behintzat, 'Arizona' estreinatu dugun garaia ezin aproposagoa da», onartzen du Plazaolak. «Gerturatze» edo eguneratze ariketa horretan, bi protagonistak trumpista sutsu egin dituzte eta euskal jatorria eman diete, «publikoari hain arrotza ez egiteko eta gehiago funtzionatuko» zuela iritzita. Lehen kritikak bat datoz, baita haiek bizitakoak. «Margaretek egunkaria ireki eta Idahoko Hitza duela ikustean jendeak barre egiten du. Hurbil sentitzen dira pertsonaia horiekiko». Bikotearen ohiko keinua, bestetik, aurrez 'Looser' edo 'Moko zorrotza' lanetan ere egin zutelako.
Egunkaria eta bestelako bi edo hiru kontu dira soilik eszenatokian, hura Arizonako basamortu bihurtzeko nahikoak. «Soiltasuna» bilatu dute une oro, baita haien janzkera aldaketetan ere. Aktore bezala gehiago eskatu die, baina merezi izan du. Isiltasunen pisuak bezala.
Publicidad
J. Gómez Peña y Gonzalo de las Heras (gráfico)
Iñigo Puerta | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.