Ikusten duguna ez bada dena?
Igogailu barnean direla konortea galdu eta esnatu ostean zer gertatu den ez dakien bikotea oinarri du ostiral honetan Lugaritzen oholtzaratuko duten obrak
Inspirazioa edozein unetan etor daitekeela esan ohi da, baina hobe dela honek lanean harrapatzen bazaitu. Eguneroko gertakari batek, ia pentsamendu intrusiboa dei daitekeen bat da ostiral honetan AmaHiru antzerki taldeak Lugaritz Kultur Etxean oholtzaratuko duen 'Igogailu batean amaitu zen mundua' antzezlana. Modu batera edo bestera, 'zer gertatuko litzateke zakarra botatzera jaitsi eta ni, nire zakarra eta bizilagun bat igogailuan geratuko bagina?' bezala labur liteke Iñaki Cidi okurritutakoa.
Hari hartatik tiraka, sinopsiak dioen bezala, «Idoiak (Eneritz Sanchez) eta Julenek (Iñigo Elosegi) igogailu txiki batean eginen dute topo; nor bere aldetik, baina biak dira lagun batzuen etxean afari banatan izan berriak». Hala, «kolpez» geratu egiten da aparatua eta hainbat metro erori. Biek konortea galduko dute eta handik tarte batera, biek oso ondo jakin gabe zenbat, ahots batek esnatuko ditu. Igogailuen mantenua egiten duen enpresako langilea (Iñaki Cid) da mintzo zaiena. Haren bitartez dakite nazioarteko ezbehar bat izan dela, eta mundua dagoeneko ez dela lehen zen bezalakoa.
Komedia kutsua badu ere, hausnarketarako ematen du obrak Cidek defendatu bezala. Ildo horretan, antzezlana iragartzeko eta zabaltzeko sareetan erabilitako estrategia goraipatzekoa da. Hasteko, hainbatetan esan duten bezala «Izenburuak antzezlan (ia) guztia kontatzen du. Ezin dugu ezer gehiago esan. Dena azaltzen badugu honek ez dauka graziarik». Hala ere, ikuslea harritzeko gaitasuna du obrak, batik bat esnatzean ez dakitenez zer gertatu den edo nola heldu diren bertara, haiekin batera doalako jakiten ikuslea. «Ordura arte beraien bizitzak nolakoak ziren ikusten joango gara, kanpoan zer gertatu den...», dio Cidek. Horretaz gain, izenburu eta sinopsiak asko badiote ere, funtsa «bestelako kontu bat» dela gehitzen du. «Uste duzu igogailu barneko bikoteari buruz doala, baina badago beste gai potolo bat eta obra aurrera doan ahala ikusiko dugu ». Hau da, 'cliffhanger' moduko bat. «Baina ez dut esango zer».
'Igogailu batean amaitu zen mundua'
-
Noiz. irailaren 19an, 19:30ean.
-
Non. Imanol Larzabal Aretoa (Lugaritz).
-
Iraupena. 45 minutu.
-
Prezioa. 8 euro.
-
Konpainia. AmaHiru antzerki taldea.
-
Aktoreak. Iñaki Cid, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi.
-
Bestelakoak. 2024ko Poltsiko Sorkuntza Saria.
Helburua, entretenitzeaz gain, hausnarketa bultzatzea baita, besteak beste ondorengoan mahai gainean jarriz: Bizi dugun bizitza benetan guk aukeratutakoa al da? Nola iristen gara nahi ez ditugun lanak, bikoteak, etxeak etab. izatera? Adimen artifizialak langile guztiak ordezkatuko baditu, zergatik ez izan benetan erreala den norbait? Bai, antzezlan honetan ere adimen artifizialaren inguruan hitz egiten da, eta asko gainera».
Konpainiaren estiloarekin oso bat doa moldea, kolpez drama aurkeztuz baino «arin hasi eta obraren mamira heltzean harritzea ikuslea», azaltzen du Cidek, bertaratzen direnek mahai gainean jarritakoa etxera eraman dezaten oihartzun modura. Kontu txiki horiekin jolaste dute, gainera. Ikusle orok bizi izan du igogailuan bizilagunekin une bereziren bat, identifikazioa bermatua dago beraz. Eta harrapatze horren ostean, eguraldiaz hitz egin beharrean, «inkomodo» sentitze horretan, sortu azkura. Hasiera-hasieratik du «antsietate puntu hori», igogailuan harrapatuak baitaude.
Dena soil magia sortzeko
Antzezlan guztia, 45 minutuak, igogailu barnean girotu dute. Hala, Idoia eta Julen ez dira bertatik aterako eta bertaratzen den langilea soilik izango da kanpoan. Soiltasun hori da AmaHiru antzerki taldearen beste zigilu bat. «Ez dago aldaketa asko, antzerki fisiko asko egiten dugu. Gauza oso gutxirekin espazio berriak sortzen ditugu». Nola egiten den igogailu barnean? «Kokapenak aldatuz, eszenografia berriak sortuz». Antzerkiak bere duen magia hori zukutzea gustatzen zaie, hutsuneak ikusleak betetzea. «Konpainiaren funtsa hori da, berez hori da antzerkia».
Imajinazio hori promozioan ere baliatu dute. Itzalialdiarekin kointziditu zuen gertakariak eta ondo baliatu zuten, sareetan 'barkatu, bai, gu izan gara' bezalakoak jarriz. «Ondo etorri zitzaigun, dio barre artean».Aurreko obra haurdunaldi subrogatuari buruz zen eta Ana Obregonen ika-mika gertatu zen. Telebistan 'Los Simpson' bada orakulu, bide beretik doa AmaHiru. Azken bi emanaldiekin asmatu ostean, ea zer gertatzen den 2026an helduko denarekin. Haren izenburua eta gai zentrala 'Etxea' da, baina harritzeko duten helburuarekin batek daki zer gertakari aurreikusiko duten hartan.