Ibilbide arrakastatsua itxiko du Donostian 'Konpromisoa' antzezlanak
Ramon Agirre, Koldo Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituen komedia lau egunez antzeztuko da Antzoki Zaharrean, ekainaren 30etik uztailaren 3ra
nerea azurmendi
Martes, 28 de junio 2022, 18:04
Zenbaitetan, gauza bat hastean beste bat bukatu egiten da. Horrela suertatu da Donostia Kulturak 2022ko udarako prestatu duen antzerki programazioarekin, 'Konpromisoa' antzezlanaren azken emanaldiekin abiatuko baita ostegun honetan, ekainak 30.
Publicidad
Izan ere, umorea ardatz hartuta eratu den denboraldia iazko urtarrilean Eibarren estreinatu ondoren urte eta erdiko ibilbide arrakastatsua burutu duen komediarekin hasiko da. Antzoki Zaharrean eskainiko dituzte azken lau funtzioak, ostegunetik igandera.
Datuak
-
Antzezlana. 'Konpromisoa'. Testua: Philippe Claudel. Ekoizpena: Txalo Produkzioak. Zuzendaria: Begoña Bilbao.
-
Antzezleak. Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga.
-
Noiz. Ekainaren 30etik uztailaren 3ra. 20:00etan.
-
Non. Donostiako Antzoki Zaharrean,
-
Sarrerak. 20-25 euro.
Komedia da, bete-betean, Parisen 2019ko ekainean estreinatu zen Philippe Claudel idazle eta zinemagile frantziarraren 'Compromis'-en egokitzapena, Martin Agirrek euskaratua eta Begoña Bilbaok zuzendua. Barrea eragitea ez da, ordea, agur esatear den antzezlanaren xede bakarra, umorea gai potoloei buruzko gogoetatzeko baliatzen duen pieza baita. Zehazki, adiskidetasunaren inguruko hausnarketa gordin samarrari ematen dio bidea.
Noraino iristen da?
Ramon Agirre eta Joseba Apaolazaren ondoan lan egitea sekulako eskola izan dela onartzen duen Zuhaitz Gurrutxagaren hitzetan, «umorea egiten dugunok, oholtzara igotzen garenean, barreak entzun nahi ditugu, eta alde horretatik oso ondo funtzionatu du». Maiz entzun dituzte ikusleen barreak, Antzoki Sareak antolatzen duen zirkuituan sartu eta hilabete gutxian 30etik gora emanaldi eskaini baitzituzten.
Funtzioaren «mamia», Gurrutxagaren hitzetan, Tomas eta Germanen arteko harremanean datza. Arrakasta handirik gabeko idazlea eta aktorea dira, hurrenez hurren. Aspaldi-aspaldiko adiskideak ere bai. Arazo ekonomikoek itota, Germanek erabaki du bizi den etxea saltzea, eta ustezko eroslearekin tratua ixteko laguntza eskatu dio horrelakoetan bera baino hobeto moldatzen den Tomasi. Kinka horretan ezagutuko ditu ikusleak Ramon Agirrek eta Joseba Apaolazak antzezten dituzten rolak.
Publicidad
Ustezko eroslearena Zuhaitz Gurrutxagak egiten du. Hasiera batean bere burua munta horretako proiektu batean aritzeko gai ikusten ez zuen aktore, aurkezle eta umorista da «hirugarren pertsonaia, beste biek engainatu nahi duten gizagaixoa».
Bi adiskideen arteko ika-miken lekuko izatea tokatuko zaio. Antzezlana, alegia, «adiskidetasunari buruzko eta adiskideen arteko konpromisoari buruzko pieza bat da, zer pentsatua ematen duena: denaren gainetik dago adiskidetasuna? noraino iristen da?...». Beste galdera bat ere bada, hemen erantzun ezin daitekeena: lortuko dute azkenean bi lagunek inozo itxurako eroslea engainatzea, edo bestelakoa izango da amaiera?
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión