«Haserrea aski ongi azaltzen ahal da samurtasunez»
Zart zigiluak kaleratutako 'Manipulazio estrategiak' diskoa aurkeztuko du musikari nafarrak Basteron ostiralean
Bloody Mary dendaren 30. urteurrena ospatzeko saioa eskainiko dute ostiralean Melenas taldeak eta Petti musikari beratarrak. 19:00etan hasiko da kontzertua Basteron eta mugikortasun-murrizketak direla eta, Andoainen bizi direnek eta ondoko herrietako biztanleek joan ahal izango dute soilik (Urnieta, Lasarte-Oria, Aduna, Elduaien, Berastegi eta Amasa-Villabona).
Publicidad
– Disko kontzeptuala egin duzu, manipulaziori buruzko dekalogo batean oinarrituta...
– Berez, dekalogoa Sylvain Timsit idazleak idatzi zuen, baina nik Chomskyri esker ezagutu nuen. Aunitz maite dut bere izaera. Beldurraren eraginez isildu eta kontrolatzen gaituzte eta hark dioenak beti ematen du zer pentsatua.
«Diskoa eta hitzak bidali genizkion Chomskyri eta esker onez hartu ditu, baita zoriondu egindako lanagatik ere»
– Eta nola gauzatu zen Harkaitz Cano idazlearekin elkarlana?
– Nik proposatu nion berari gaia eta aski gustura hartu zuen, Ez da erraza bertze norbaitek egindako zerbait berridaztea, baina Canok horretarako ahalmen berezia dauka eta bere ukitua nabari da hitzetan: poesia bihurtu ditu hainbertzetan erabiltzen duen ironia eta umorea puntuarekin.
– 'Zaldi emozionalak' abestian, esate baterako, lerro ederrak daude, zer pentsatua ematen dutenak: «Zaldia izan arren, zabiltza asto lanetan».
– Askatasun osoa izan zuen Canok nahi zuena egiteko, eta aste pare baten buruan hitzak e-postan neuzkan. Dekalogoa erreferentzia izanda zerotik sortu zituen testuak. Diskoa eta hitzak bidali genizkion Chomskyri eta esker onez hartu ditu, baita zoriondu egindako lanagatik ere. Esker-tzekoa da!
– Zergatik egin duzu hain kutsu politikoa duen diskoa?
– Egungo garaiek bultzatuta egin dut. Ez naiz batere positiboa ikusten dudanarekin, eta zerbait egin behar nuela uste nuen. Kapitalismoak mundua izorratzen jarrai-tzen du, aberatsak aberatsago dira eta pobreak, pobreago. Pandemia hau saihestu ahal izanen zen klimari kasu gehiago eginda, eta ber-tzeak etorriko dira atzetik hori aldatzen ez bada. Disko honen asmoa Chomskyren mezua zabaltzea da, eta kritika hau jendearengana iristeko balio badu, gustura geldituko naiz.
Publicidad
– Hedabideek, politikariek, botere ekonomikoak... Guztiek manipulatzen gaituzte, baina, zein da norberaren erantzukizuna?
– Ez naiz ni hasiko norberak egin behar duena erraten, bakoitzak jakinen du zer egin behar duen, baina egia da isilik eta geldirik egoteak ez duela deus onik ekartzen. 'Helduentzako sehaska kanta' abestiak dioen bezala, «poxpoloak ahantzi du nola erraten den su». Gauza xumeak eginez laguntzen ahal da zerbait aldatzen, norberak ikusi beharko du horretarako gogorik duen edo ez.
– Kanta horretan gizartearen infantilizazioaz hitz egin duzu...
– Bai. Emozioak erabilita, haurrak bagina bezala tratatzen gaituzte gu engainatu eta gurekin nahi dutena egiteko. Telebista edo Interneten argi geratzen da hori, publizitatean bereziki. Haurrei horrela solastea gaizki iruditzen zait, baina helduekin gauza bera egitea, are okerrago. Arazoa da hagitz ohituta gaudela eta gehienetan ez gara kontziente ere izaten.
Publicidad
– Kanta horren bigarren zatian «pixelezko haragi» garela diozu, pantaila beltzen esklabu. Sare sozialek manipulazio estrategiaren parte al dira?
– Argi dago jendearengan eragin zuzena dutela, hiru edo lau lagun izatetik bortz mila izatera pasa gara. Ezagutzen ez dugun jendea laguntzat izatea ez dakit ona ote den. Jendea isolatzen da ordenagailuaren aitzinean eta erosketak Amazonen egiten ditu etxeko dendariak negozioak ixten ari diren bitartean. Herri baten etorkizuna bozkatzeko orduan, gezurrez betetako mezuak ikusten ditugu nonahi, eta jendeak ez daki zer den gezur eta zer egia. Nonbaitetik lehertu beharko du honek guztiak, kontua da noiz gertatuko den.
– «Narzisoren ispilua» ere aipa-tzen duzu eta 'Inozoak ispilu beltza' izena du beste kanta batek...
– Bai, bere burua gustuko duen jendeari zuzendutako kantuak dira. Gero eta gehiago begiratzen diogu gure zilborrari eta gero eta guttiago ondokoari. Teknologi berriek ere ez dute gehiegi lagun-tzen horretan, gero eta isolatuagota gaude, eta ahazten ari gara sozializatzea zer den... Horrela jarraituz gero mamorroz betetako herri bihurtuko gara.
Publicidad
– Pandemia ere gure askatasuna mugatzeko aukera paregabea da agintean daudenentzat...
– Pandemiari aurre egiteko neurri batzuek ez dute logikarik eta hortik dator jendearen haserrea. Musukoa eramatera behartzea normala da, baina arriskurik gabeko lekuak egon badaude. Ba al su zentzurik kalean edo mendian bakarka zoazenean musukoa eramatera behartzeak? 23.00etan denok etxean egon behar dugu, baina goizean Villavesa (autobusa) beteta ikusten dut... Gauzak hobeto egiten ahal dira.
– Kritikoa eta otzana izatearen arteko orekari eustea ez da erreza.
– Kritikoa izatea beti izan da ona, otzana izatea ez, ordea. Norberak aukeratu beharreko kontua da.
– Musikari dagokionez, rocka badago baina doinu lasaien alde egin duzu: harizko instrumentuak, folk samurra, bossa-nova, Maite Larbururen ahotsa... Rocka ez zen haserrea erakusteko estilo aproposagoa?
Publicidad
– Ez. Woody Guthriek ez zuen rocka egiten, ezta hasierako Bob Dylanek ere, eta biak ziren hagitz kritiko. Bluesak eta folkak ere badute zer errana horretan. Gauzak errateko modu ezberdinak daude eta aski ongi azaltzen ahal da haserrea samurtasunez. Disko honek agerian uzten du hori.
– Diskoaren kaleratzea atzeratu behar izan zenuen martxoan. Nola izaten ari dira pandemia garaiko kontzertuak?
– Hagitz esperientzia arraroa da baina jendeak gogo aunitz dauka kontzertuetara joateko, eta nahiz eta eserita eta musukoarekin egon behar, hagitz esker oneko ikusleak ditugu. Espero dezagun hemendik guttira berriz ere dantzan eta saltoka egon ahal izatea, baina garai luze batean behintzat horrela jarraitu beharko dugu.
Noticia Patrocinada
– Panorama iluna da...
– Ni ezin naiz kexatu baina beltza ikusten dut etorkizuna, bai. Argi geratu da kultura segurua dela, baina agintariek ez diote merezi duen garrantzia ematen, eta jende aunitzek bertze kontu batzuetan lan egin beharko du aurrera egiteko. Musika lehen gaizki bazegoen orain okerrago dago, eta ez du ematen hobera egingo duenik.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión